euskaraespañol

G-9 unibertsitateek kultura hedakuntzarako eta gizarte proiekziorako estrategiak partekatu dituzte

Kultura Hedakuntzako eta Gizarte Proiekzioko Batzordea Universitat de les Illes Balearsen bildu da, eta berreskuratu du taldekideek elkarlanean antolatutako kultur jardueren egutegia

  • News

First publication date: 10/11/2022

Image
G9 Unibertsitate Taldeko Kultura Hedakuntzako eta Gizarte Proiekzioko Batzorde Sektorialak Palman egindako batzarreko parte hartzaileak. Lehen lerroan, ezkerrean, Miren Ibarluzea, UPV/EHUko Kultura zuzendaria | Photo: Universitat de les Illes Balears

G9 Unibertsitate Taldeko Kultura Hedakuntzako eta Gizarte Proiekzioko Batzorde Sektoriala aurrez aurre bildu da,  COVID-19aren pandemia hasi zenetik lehen aldiz, azaroaren 9an eta 10ean Palman, Universitat de les Illes Balearseko errektore Jaume Carot buru izanik.  Kulturako eskumenak dauzkaten errektoreoreek orain arte egindako lana aurkeztu dute bileran, eta elkarlaneko kultura jardueren egutegia erabat berreskuratzeko lanari ekin diote.

Errektoreordeek adostu dute estrategiak eta jarduerak partekatzea, unibertsitateek sortzen duten jakintza gizarteari helarazteko eta kultura hedatzeko. Kulturaren sustapenaren aldeko unibertsitate politikaren adibide bezala, Universitat de les Illes Balearsko Kultura Hedakuntzarako eta Unibertsitate Irekirako errektoreorde Magdalena Brotonsek azaldu ditu bere saila bultzatzen dabilen pasaporte kulturalaren ekimena, eta unibertsitateko ikerketaren zabalkunde kulturala egiteko dauzkan programa berriak.

Bestalde, jardunaldietan mahai inguru bat egin da G9 unibertsitate taldearen 25. urteurrenaren kariaz, gizarte osoari zabalik, "Unibertsitateen kultur proiekzioa birpentsatuz" izenburupean. Parte hartzaileak izan dira María Pilar García, Oviedoko Unibertsitateko Unibertsitate Hedakuntzako eta Kultur Proiekzioko errektoreordea; Tomás Mantecón, Kantabriako Unibertsitateko Kulturako, Gizarte Proiekzioko eta Erakundeekiko Harremanetako errektoreordea; Begoña Pérez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultur Proiekzioko eta Dibulgazioko errektoreordea; eta Magdalena Brotons, UIBko errektoreordea, azken hori aurkezle eta moderatzaile moduan.

G9ko unibertsitateek batzorde sektorialaren bilera hau baliatu dute elkarrekin egindako azken udako ikastaroen balantzea egiteko eta errektoreordetzen arteko lankidetzarako proposamenak aurkezteko. Era berean, aurrez aurreko jarduera bateratuen egutegia erabat berreskuratzeko lanari ekin diote bileran. Hauek dira aurrez aurrekoan berriz ere egingo diren jardueretako batzuk: G9ko Unibertsitatearteko Eztabaida Txapelketa, zeinaren finala Oviedoko Unibertsitatean egingo den, 2023ko martxoaren 22an eta 23an, eta final handia martxoaren 24an, erkidego horretako legebiltzarrean; G9ko VI. Musika Lehiaketa, 2023ko apirilaren 20an egingo dena Zaragozako campusean, taldeko unibertsitateetako musika talde amateurren artean; eta G9ko Antzerki Erakustaldiaren bosgarren edizioa, 2024ko martxoan egingo dena, Kantabrian. Era berean, batzorde sektorialak erabaki du Genero Ikasketen saria berpiztea.

G9 unibertsitate taldea

G9 unibertsitate taldea elkarte bat da, beren autonomia erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatua. Hauek dira kideak: Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea. Elkartearen xedea da taldeko unibertsitateen arteko harremanak bultzatzea, beren kideen arteko lankidetza bultzatzeko, besteak beste irakaskuntza eta ikerketa jardueretan.