La Cantalera-1 (Teruel) aztarnategiko dinosauro-aztarnen fosilizatzea aztertu dute UPV/EHUn

Ornodun-biodibertsitate handiko aztarnategiari buruz aurretik zekitena berretsi dute Zaragozako Unibertsitatearekin batera egindako lan batean

  • Ikerketa

First publication date: 23/04/2019

Leire Perales, UPV/EHUko ikertzailea. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUk eta Zaragozako Unibertsitateak elkarlanean egindako ikerketa batean, sakon aztertu dituzte La Cantalera-1 aztarnategiko dinosauro-fosilak. Iberiar penintsulako Behe Kretazeoko ornodun-dibertsitate handieneko aztarnategi horretan fosildutako hezurren ehunen egitura aztertu dute, baita hondarrek izandako fosilizazio-prozesuak ere. Frogatu ahal izan dutenez, bertan aurkitutako dinosauro gehienak banako gazteak ziren.

Teruelen dago La Cantalera-1 aztarnategia, eta zientzialariek oso garrantzitsutzat jotzen dute iberiar penintsulako Behe Kretazeoko ornodun-dibertsitate handieneko aztarnategi bat delako. Orain dela 130 milioi urtekotzat jotzen dute, eta bertan aurkitu dituzte dinosauroen, ugaztunen, krokodiloen, pterosaurioen, muskerren, dortoken, anfibioen eta arrainen aztarnak. Diziplina anitzeko ikerketa-lan batean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia eta Mineralogia eta Petrologia sailetako ikertzaileek, Zaragoza Unibertsitateko Aragosaurus-IUCA taldearekin batera, aztarna horietako batzuen fosilizatze-prozesua (tafonomia) aztertu dute, baita hezurren barne-egitura ere (paleohistologia).

Duen garrantzia dela-eta askotan ikertu den aztarnategi bat bada ere, “orain arteko ikerketa batek ere du egin ikerketa honetan aztertu dugun ikuspegitik ezta guk bezain sakon ere”, dio Leire Perales-Gogenola UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko kide eta ikerketaren lehen egileak.

Lanerako, bi dinosauro-talde hautatu zituzten: ornitopodoak (haien aztarna ugari daude aztarnategian) eta ankilosaurioak (dinosauro korazatu esaten zaie, hezur-plakazko armadura baitzuten). Fosil-pieza handiak ere badituzten arren, ikertzaileek fosil-hondar zatikatuak erabili zituzten, hau da, “hezur-zati txikiak eta azaleko hezurrak. Erabili beharreko metodologian lagina ebaki behar izaten da, eta ez genituen pieza garrantzitsuenak kaltetu nahi izan”, nabarmendu du ikertzaileak.

Ekosistema zingiratsua eta banako gazte ugarikoa

Hezur fosilen barne-egiturari zegokion ikerketa-zatian (paleohistologia), “ikusi genuen dinosauro ornitopodo gehienak banako gazteak zirela. Fosildutako hezurrak mikroskopio bidez aztertzean, fosilduta ez dauden hezurren egitura berberak ikus daitezke, ezaugarri guztiak gordetzen baitituzte. Horrenbestez, banako helduenak edo heldugabeenak ziren adierazten duten zeinuak ikus ditzakegu; jakin dezakegu, adibidez, eskuartean duguna dinosauro handi baina gazte bat ote zen, edo, aitzitik, dinosauro txiki baina heldu bat ote zen”, azaldu du UPV/EHUko biologo eta paleontologoak. Azaleko hezurren barne-egitura aztertzean, bestalde, “beste ikertzaile batzuek ankilosaurio-talde jakin batekin lotu zituzten zenbait ezaugarri aurkitu genituen; horrenbestez, aztarnetako batzuk zer dinosauro-talderi dagozkien zehaztu ahal izan genuen”.

Azterketaren beste atalerako, alegia, azterketa tafonomikorako, ikertzaileak azpimarratu du zer baliagarria izan zitzaien aztarna zatikatuak erabiltzea. “Hain zuzen, hezur horiek apurtu egin ziren, ehorzteak sortutako presioaren eraginez, besteak beste. Hori dela eta, material sedimentarioak zartaduretatik sartu ziren hezurretan, eta gainerako hezur-hondarrekin batera fosildu ziren; nolako ingurunean bizi ziren argitzen laguntzen duen informazio oso baliagarria ematen du horrek”. Ikerketaren atal horretan ondorioztatu ahal izan zuten hezurrak azkar ehortzi zirela, laster iritsi zirela maila freatikora, eta bertan gertatu zirela fosilizazio-prozesuak. Gainera, bakterio-jarduera antzeman dute hezurretan, hau da, bakterioek eratutako mikrobio-tapizak, eta hori ziur aski mesedegarria izan zen fosilizazio-prozesurako.

Lortutako emaitzei esker, aztarnategia hobeto ezagutu ahal izan dute, eta, labur esanda, “aurreko ikerketek deskribatu izan dituzten ekosistema-ezaugarriak berretsi ditugu, baita bertako banakoen heldutasun-maila ere. Datuek aditzera ematen dute ekosistema zingiratsu bat izan zela, eta inguruko faunak hornitzeko erabiltzen zuela. Hainbeste banako gazteren eta arrautza-oskolen aztarna ikusita, iradoki izan da umatzeko edo elikatzeko eremu bat izan zitekeela”, zehaztu du Perales-Gogenolak.

Zaragozako Unibertsitateak pentsatuta dituen hurrengo ikerketetan La Cantalera-1 aztarnategiko beste dinosauro batzuen paleohistologiari helduko diote, baita dinosauro herbiboroak zer adinetan hil ziren argitzeari ere. Hala, egiaztatu ahal izango dute populazio natural bat izan zen edo behar baino gazte gehiago dauden dinosauro teropodoek harrapatu zituztelako. Izan ere, haragijaleak ziren teropodoak eta litekeena da banako gazteei helduei baino maizago eraso egitea.

Bibliographic reference