euskaraespañol

Elena Vecino

Malko batek gure osasunari buruz esateko zer duen

Zelulen Biologiako katedraduna

  • Cathedra

First publication date: 04/10/2022

Image

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurkitu daiteke.

Malkoak, normalean, begia heze atxikitzeko eta sentimenduak transmititzeko balio duen fluidotzat hartzen ditugu. Horrela, negar egiten dugu hotz handia egiten duenean, begian zerbait sartzen zaigunean, edota oso triste edo oso alai gaudenean. Begi lehorraren sindromea izanez gero, ordea, ez dugu malkorik izango.

Egoera horietan malkoek informazioa ematen digute, haiek aztertu beharrik gabe. Eskura ditugun teknologia guztiak erabiliz –hala nola proteinen (proteomika) edo disolbatuta dituzten koipeen (lipidomika) analisiak eginez– aztertzen ditugularik, ordea, gure organismoaren funtzionamenduari buruzko oso datu garrantzitsuak ematen dizkigute malkoek. Gaixotasunak goiz diagnostikatzen ere lagun diezagukete.

Gure ikertaldeak ikusizko sistema du aztergai, eta 20 urte baino gehiago daramatza malkoak ikertzen. Orain malkoei buruzko gauza asko dakizkigu lehen aipatutako teknikei esker.

Balio handiko informazio-iturria

Malkoaren funtsezko osagaia ur gazia bada ere, beste substantzia asko ere baditu disolbaturik; batez ere, Meibomius-en guruinek betileen oinarrian jariatutako ezkutatutako gantz geruza; guruin horiek betazalaren barruan daude eta begietara isurtzen dira. Osagai hori malko guruinek jariatutako osagai urtsuarekin nahasten da, eta, begiak kliskatzen ditugunean, gantza gainazalean gelditzen da. Horrek alde likidoa lurruntzea eragozten du.

Malkoa begi gainazalarekiko ukipenean dago, halaber, muzina izeneko molekula batzuei esker. Molekula horiek malkoa kornean –begiaren zati gardenean– atxikitzen dute. Kornea da, hain zuzen ere, organismoaren zatirik inerbatuena –hots, alde horretara iristen da nerbio bukaera gehien–, eta, ondorioz, malkoek zuzeneko ukipena dute ia nerbio sistemarekin.

Eta, azkenik, konjuntiba (begiaren zati zuria) oso baskularizatua dago; odol hodi ugari du, alegia. Horregatik, sistema baskularretik substantziak jariatuz gero, malkoetan ere antzemango ditugu, ikusmen organoaren zati hori bustitzen baitute.

Laburbilduz, malkoa sistema baskularrarekin, nerbio sistemarekin eta guruin sistemarekin ukipenean dagoela esan genezake. Informazio iturri handia, baina bolumen oso txikian.

Zer da biomarkatzaile bat? Zertarako balio du?

Biomarkatzaileak molekula biologikoak dira, eta odolean eta gorputzaren beste likido edo ehun batzuetan daude; organismoak normal funtzionatzen duen ala ez ohartarazten du haien agerpenak. Horrenbestez, gaixotasunak iragartzeko erabiltzen dira. Zenbat eta lehenago izan markatzaileren baten aldaketari buruzko informazioa, orduan eta lehenago zuzendu edo sendatu ahal izango dugu aldaketa hori zer ekarri duen.

Denok ulertzen dugu odolean glukosa-maila handia izatea balitekeela diabetesaren adierazle izatea; kolesterol maila handia, berriz, gaixotasun kardiobaskularren adierazle; eta PSArena, azkenik, arazo prostatikoena. Neurketa hori –oso ohikoa gaur egun– odola ateratzea bezain inbaditzaileak ez diren metodoen bidez egin ahal izango da etorkizunean; malkoen analisiaren bidez, adibidez.

Gaur egun, ikerketa biomedikoaren helburuetako bat zera da: biomarkatzaile berriak ezagutzea, eta horiek azkar eta fidagarritasunez antzemateko modua aurkitzea. Kontuan izan behar dugu gaixotasun baten pronostikoa egiteko ez zaiola begiratzen ea zantzu biologiko horiek dauden edo ez dauden, haien kantitateari baizik; eta horrela gertatzen da, esaterako, glukosa, kolesterol, PSA eta abarren mailekin. Horregatik, horrelakoak antzemateko gai diren gailuek haien kantitatea ere fidagarritasunez bereizi beharko dute.

Gaixotasunak antzeman ahal izango al ditugu malkoen bidez?

Bai. Gero eta biomarkatzaile prediktibo gehiago identifikatzen dira malkoetan, eta organismoan molekula horren zer kantitate dagoen zehazteko gaitasuna dute horiek. Une honetan, malkoaren analisia garatzen ari da, Point of care (berehalako diagnostikoa) deritzona lortzeko; markatzaile horietako batzuk erraz eta azkar aztertzeko aukera ematen duten gailuak, alegia.

Denok ikusi dugu COVID testak zer azkar garatu diren. Egia esan, teknologia mota hori erabilgarri zegoen lehendik, baina, pandemian zehar, egokitu egin zuten antzeman nahi zuten birusaren estalkiko markatzaile espezifikora.

Malkoei dagokienez, gaitz baten benetako adierazleen aurrean gaudela ziurtatzeko, oso litekeena da aldi berean markatzaile bat baino gehiago aztertu eta horien presentzia kuantifikatu behar izatea. Kontu handiz ibili beharra egongo da, orobat, malkoa biltzeko eta hura azterketa gailura eramateko orduan.

Parkinson-en, gaixotasun koronarioaren eta bularreko minbiziaren zantzuak

Begiek jariatzen duten fluidoa aztertuz gaixotasunen iragarpena edo diagnostiko goiztiarra egiteko aukera jorratu duten zenbait artikulu argitaratu berri dituzte. Hala bada, gure ikertaldeak argitaratu berri duen artikuluan parkinson-en biomarkatzaile izateko aukera duten zenbait molekularen berri eman da. Gaixotasun neurodegeneratibo gehiago –alzheimerra, adibidez– goiz identifikatzeko aukera ematen diguten beste batzuk aurkitzea da itxaropena.

Gainera, odoleko hazkunde-faktore bat (G-CSF) identifikatzeak baliteke laguntzea gaixotasun koronario arteriala iragartzeko, horrekin batera nahasmendu kardiobaskularren ohiko beste markatzaile batzuk eta hainbat parametroren konbinazioa (hala nola adina, sexua edo konjuntibaren lodiera) erabiliz gero.

Eta onkologiaren arloan, azkenaldiko zenbait argitalpenek malkoak aztertzeko aukera izan dute hizpide bularreko minbizia diagnostikatzeko.

Eremu horretako urrats garrantzitsu bat pertsonaren irisaren gainean (begiaren zati koloreduna) jartzen den lentilla mota bat diseinatzea izan da. Sakonune mikroskopiko batzuk dituzte, eta likidoa horietan sartzen da; horri esker, test diagnostikoa begian bertan egin daiteke.

Laborategian pazienteen malkoekin probatu ondoren, ikertzaileek bularreko minbiziarekin lotutako markatzaileak identifikatu dituzte; halere, ez dira pertsonekin zuzenean testatu oraindik.

Biomarkatzaileen bidez gaixotasunen diagnostiko goiztiarra egiteak baliteke biomedikuntzaren etorkizuna markatzea, eta oso litekeena da malkoek gakoak ematea gaitzak modu ez-inbaditzailean iragarri ahal izateko, baina gehiago ikertu behar dugu oraindik.