euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolako MotoStudent taldea Nazioarteko MotoStudent Lehiaketaren azken fasean lehiatuko da

Lehen aldiz aurkeztu da gasolinakoen ohiko kategoriari gehitzen zaion moto elektrikoen kategorian

  • News

First publication date: 13/07/2021

Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zuzendaria, Motostudenteko taldeko ordezkariekin eta aurkeztu dituzten motorrak
Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zuzendaria, Motostudenteko taldeko ordezkariekin eta aurkeztu dituzten motorrak

20 ikaslek eta 3 irakaslek osatutako UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako MotoStudent taldeak, uztailaren 15etik 18ra MotorLand Aragon zirkuituan lehiatuko diren motoen (elektrikoa eta gasolina) bi prototipoak aurkeztu ditu gaur. Mundu osoko unibertsitateetako 100 talde inguruk hartuko dute parte Alcañizeko (Teruel) zirkuituan.

Lehiaketak bi kategoria ditu: parte hartzen duten prototipoek 250 zentimetro kubikoko eta 4 denborako barne-errekuntzako motorra muntatuta eramango duten Motostudent Petrol, eta duela gutxi sortu den eta sistema %100 elektriko batek bultzatzen dituen prototipoz osatuta dagoen MotoStudent Electric kategoria. Bilboko Ingeniaritza Eskolak gasolina modalitateko edizio guztietan hartu du parte, eta edizio honetan, lehen aldiz hartuko du parte moto elektriko modalitatean.

Bi urterik behin, TechnoPark MotorLandek eta Moto Engineering Foundation Fundazioak antolatzen duen lehiaketa horrek mundu osoko zenbait ingeniaritza unibertsitate bilduko ditu. Ikastetxeetako ikasleak hurrengo egunetan lehiatuko dira, elementu komunetatik abiatuta motozikleta bat diseinatzeko, fabrikatzeko eta lasterketan probatzeko. Horrela, motorrari aplikatutako ingeniaritzaren eta berrikuntzaren arloko nazioarteko unibertsitate-lehiaketarik handienetako batean arrakasta lortzeko dituzten gaitasunak frogatuko dituen erronka bati egingo diote aurre.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea, ikasleak irakasleen laguntzarekin, motoaren ehuneko handiena diseinatzen eta fabrikatzen dutenen artean dago. Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuak garatzen du proiektua, Motor Termikoen Departamentuaren laguntzarekin batez ere, Elektronikako Departamentuak emandako laguntza ahaztu barik. Aurten Ingeniaritza Elektrikoko Departamentuak ere lagundu du moto elektrikoaren proiektuan.

Motoen ezaugarriak

Motoek 30 CV inguruko (gasolina), eta 35 CV baino gehiagoko (elektrikoa) potentzia dute; horri esker, gasolinaren kasuan 200 Km/h inguruko abiadurak lor daitezke, eta, ziurrenez gehiago elektrikoaren kasuan.

Bi motozikleten txasisak oso antzekoak dira, altzairuzko hodi-egiturakoak. Baskulagailuak aluminiozkoak dira, eta bi osagaiak ikasleek diseinatu, aztertu eta egin dituzte. Ikasleek garatu eta fabrikatutako beste osagai batzuk hauek dira: atzeko esekiduraren bieleta-sistema, aurreko urkilaren balazta-puntera, erdi-eraztunak, estriberak, potentziaren transmisiorako koroak, karenatuaren zati bat, erregai-depositua eta ihesa (gasolinarenaren kasuan), sistema elektrikoak (elektrikoan zein gasolinan), motorraren kudeaketa, etab.

Moto elektrikoaren kasuan, baterien edukiontzia ere ikasleek diseinatu eta fabrikatu dute, gelaxka akastunak azkar ordezteko eta erabilgarri dagoen energia-kopurua proba bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko aukera ematen duen soldadurarik gabeko sistema berri batekin, pisua murriztuz.

Ikasleek ekintzailetzarako aukera dute, industria-sektorean simulatutako enpresa-plan batekin, FIM Moto3 araubidean oinarrituta hiru seihilekotan lehiaketarako motozikletaren prototipo bat diseinatuz, garatuz eta eraikiz. Horretarako ikasketako urteetan ikasitako ezagutza guztiak aplikatu dituzte, eta baita euren sormena eta trebetasun berritzaileak ere.

Lantaldeek egindako lana etengabe ebaluatu du industria-sektoreko hainbat arlotako espezialistek osatutako batzorde eta epaimahai batek. Ekonomiaren ikuspegitik bideragarria den fabrikazio-plana epaimahai aditu baten aurrean aurkeztu behar izan da. Taldeek fase hori gainditu beharko dute zirkuituko lasterketan sartzeko. Fase horretan sartzen dira, besteak beste, prototipoen ikuskapen teknikoak, segurtasun-proba estatikoak eta maniobragarritasunari, balaztatzeari edo azelerazioari dagozkien pistako saiakuntza dinamikoak. Epaimahaiaren ebaluazioaz gain, taldeek euren prototipoen prestazioak eta gaitasunak erakutsi beharko dituzte gainerako lehiakideen aurrean, zenbait proba dinamiko eta karreratan.