euskaraespañol

Bizkaia Aretoa izan zen 2015ean biltzar gehien hartu zuen Bizkaiko egoitza

UPV/EHUko paraninfoak iaz erregistratu zituen emaitza onenak inauguratu zenetik

  • News

First publication date: 05/05/2016

Image
Biltzarrak egiteko Bilboko erreferentziazko egoitzetako bat bilakatu da

Bizkaia Aretoak –ekitaldi sozialak, kulturalak, akademikoak, zientifikoak, unibertsitate arlokoak eta beste edozein esparrutakoak egiteko UPV/EHUren Bilboko paraninfoak– emaitzarik onenak lortu ditu 2015ean, 2011n inauguratu zenez geroztik. Iaz, eraikin horrek guztira 52.933 bisitari hartu zituen (2014an baino 10.000 gehiago), eta 478 ekitaldi, tartean 36 biltzar. Horrenbestez, Bizkaia Aretoa izan da 2015ean biltzar gehien hartu duen Bizkaiko egoitza, lurralde honetako gainerako bilera guneen aurretik.

Iaz, 36 biltzar horiez gain (horietatik 16 nazioartekoak izan ziren), UPV/EHUren paraninfoan 235 jardunaldi eta hitzaldi, 165 bilera, 21 ikuskizun eta 18 erakusketa ere egin ziren; hala, % 94ko okupazio maila lortu zuen, eta egunean batez beste 5,1 gela erabili ziren. Kopuru horiek direla eta, Bizkaia Aretoa bilera ekitaldi gehien bildu duten Bizkaiko egoitzetan bigarrena da, Euskalduna Jauregiaren atzetik. Erabiltzaileen gogobetetasun mailari dagokionez, Bizkaia Aretoak 10etik 9,2ko nota jaso du erabiltzaileek bertako instalazioen eta zerbitzuaren kalitatea baloratzeko egin dituzten inkestetan.

Bizkaia Aretoan 2015ean egin ziren jardueren % 25 (guztira, 113 ekitaldi) UPV/EHUz kanpoko erakundeek antolatutakoak dira, eta kopuru hori handituz doa urterik urte. Horrek, hain zuzen, Bizkaia Aretoa biltzarrak eta bilerak egiteko Bilboko erreferentziazko egoitzetako bat bilakatzen du, eta, gainera, hiriari ere mesede egiten dio hala bilera turismorako azpiegiturei dagokienez nola sortzen duen inpaktu ekonomiko zuzenagatik.

Urtetik urtera hazten

2016rako aurreikuspenen arabera, aurten are hobeak izango dira Bizkaia Aretoaren emaitzak. Kasurako, lehen lauhileko honetarako, berretsita daude 350 ekitaldi, tartean 35 biltzar eta 245 jardunaldi. Hurrengo hilabeteetako ekitaldi nagusien artean nabarmentzekoak dira Kirurgia Plastiko Okular eta Orbitarioaren Espainiako Elkartearen XXVI. Biltzarra, Ekonomia Solidarioaren II. Biltzarra, Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Bilera Zientifikoa, eta NAUKAS 2016.

Bizkaia Aretoko zuzendari Héctor Hernandok azpimarratu duenez, "eraikin honek bi funtzio estrategiko oso garrantzitsu ditu UPV/EHUn. Alde batetik, ezinbesteko azpiegitura da ezagutza zabaltzeko, kultura eta zientzia hedatzeko eta ikerketa garatzeko. Martxan jarri zenetik, Bizkaiko Campusean % 200 baino gehiago areagotu da biltzarren, hitzaldien, mintegien eta Unibertsitateak antolaturiko gainerako ekitaldien kopurua. Eta, bestetik, Bizkaia Aretoa leiho garrantzitsua da UPV/EHUn egiten den lana gizarteari erakusteko, bertan egiten diren ekitaldietako asko unibertsitatez kanpoko kolektibo edo pertsonentzat izaten baita".

Bizkaia Aretoa BBK-k Euskal Herriko Unibertsitateari lagatako eraikina da, eta Álvaro Siza arkitekto portugaldarrak diseinatu zuen; bere garaian, gainera, Arkitekturako Nobel sariaren parekoa den Sizari Pritzker saria eman zioten.  Bilboko eremu enblematikoenetako batean dago, Abandoibarran, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean eta Iberdrola dorrearen itzalpean. Neurri desberdinetako lau entzunareto dauzka (Mitxelena, Baroja, Oteiza eta Arriaga), lau erakustareto (Txillida, Axular, Etxepare eta Laboa), zenbait bilera areto, hall handi bat eta lorategia duen terraza bat Abandoibarra pasealekuaren eta Itsasadarraren aldera, Mentxu Gali eskainia.