euskaraespañol

Txinako Jiangsu probintziak dohaintzan eman dizkio 1.400 liburu UPV/EHUri

Emaitzak ireki du UPV/EHUren eta probintziako unibertsitateen arteko elkarlana

  • News

First publication date: 28/06/2016

Image
Txinako Jiangsu probintziako unibertsitateekin kooperazioa indartzea da helburua

Jiangsu probintziako delegazio batek, Zhang Lei gobernadoreordea buru duela, Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatu du gaur, hilak 27, arratsaldez. Iñaki Goirizelaia errektoreak eta Zhang Lei Jiangsuko gobernadoreordeak akordio memoranduma sinatu dute, eta ostean, probintzia txinatarrak UPV/EHUri dohaintzan emandako liburuen erakusketa inauguratu dute.

Ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais eta Kanpo-harremanetako zuzendari Leyre Madariaga, eta Bizkaiko Campuseko Carmelo Garitaonandia, Euskararen arloko Jon Zarate eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko Nekane Balluerka errektoreordeek ere.

Hitzarmen honen helburua Txinako Jiangsu probintziako unibertsitate aipagarrienen eta UPV/EHUren arteko kooperazioa indartzea da, eta baita bien arteko ikerketak zein ikasleen trukeak egiteko programak martxan jartzea ere. UPV/EHU eta txinatar probintziaren arteko batzea Jiangsuko probintzia eta Euskadiko Adiskidetasun Harremanezko Akordioaren barruan kokatzen da.

Kolaborazio izaera honen baitan, Jiangsuko Gobernu Popularrak 1.400 liburu eman dizkio dohaintzan unibertsitateko liburutegiari, lan txinatarren atal bat sortu dezan. Bilduma osatzen duten ezagutza alor ezberdinak (medikuntza, historia, artea edo literatura) ordezkatzen dituzten liburu esanguratsuak aukeratu dira erakusketarako, eta hau Bingshan Wang eta Ying Shenen margo bildumak eta Eduardo Rubio eta Xiao Fang irakasleek utzitako txotxongilo txinatarrekin egindako konposizioak osatzen dute. Uztailaren amaiera arte egongo da ikusgai erakusketa.