euskaraespañol

UPV/EHU, munduko 500 unibertsitate onenen artean bosgarren urtez jarraian

Shanghaiko rankingak neurtzen ditu goi mailako prestakuntza erakundeetan egindako ikerketen eragina eta prestigioa

  • News

First publication date: 16/08/2016

Image
UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) munduko 500 unibertsitate onenen artean jarraitzen du bosgarren urtez Shanghaiko rankingean. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan.

 "Munduko 500 unibertsitate onenen artean mantentzea, zalantzarik gabe, indargarria eta pozgarria da euskal gizartearentzat, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta bertan lan egiten dugun guztiontzat. Gure lana erakusteko era atsegingarriena da, nazioarteko erakunde ebaluatzaile hain garrantzitsu baten aitortza. Sailkapen hori oso zorrotza da, eta ziurrenik izen handikoena hezkuntza arloan, zeinetan 20.000 unibertsitate eta goi mailako prestakuntza zentro dauden munduan barrena. Hala, postu horretan jarraitzea oso garrantzitsua da UPV/EHUrentzat, baita, hurrengo urteetarako, pizgarri bat ere, postu hori hobetze aldera lan egiteko", azaldu du UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamabi dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak (iaz baino bat gutxiago). Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.


Harvard, Stanford eta Kaliforniako Unibertsitatea, Berkeley, dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru postuak betetzen dituzten unibertsitateak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte eta bi (Oxford eta Cambridge) Britainiar Handiko unibertsitateek.

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago erregistratuta daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saridunak eta irakasle eta ikasleek eskuratutako Matematiketako Fields dominak, eta aldizkari zientifikoetako argitalpenak eta aipamenak ere kontuan izan dira.