euskaraespañol

Euskadiko Lan Txostenak berretsi du 31.900 enplegu berreskuratu direla

2010. urteaz geroztik, lehen aldia da landunen proportzioa % 50era iritsi dela heldu guztien artean

  • News

First publication date: 03/11/2016

(Opens New Window)
Image

2016ko 3. hiruhilekoko Euskadiko Lan Txostenak berretsi duenez, azken hamabi hilabeteetan 31.900 enplegu berreskuratu dira Euskadin. Horrela, 2010etik lehenengo aldiz, landunen proportzioa % 50era iritsi da heldu guztien artean. Era berean, txostenean nabarmendu dute behin-behineko enpleguen gorakada eta lanaldi partzialarena gelditu egin dela: soldatapekoen % 24k dute aldi baterako enplegua, eta % 16k lanaldi partziala. Bestalde, ohartarazi dute langabe ugarik adinaren arazoa dutela; izan ere, langabeen artean gero eta gehiago dira 45 urtetik gorakoak.

FEDEA Lan Behategiak eskualdearen inguruan emandako informazioaren arabera, 2016ko 3. hiruhilekoko Euskadiko Lan Txostenak 16 urtetik gorakoen lan banaketan izandako aldaketak azaltzen ditu, Euskadiko lehenengo hiruhilekoko langabezia tasei zein landunei eta langabeei dagokienez (Sara de la Ricak zuzentzen duen ikerketa taldeak egin du txostena, Euskal Herriko Unibertsitatean). Era berean, hala Euskal Herrian nola Estatuan izandako lan trantsizioak erakusten ditu. Datuak 2007ko hiruhileko berean izandakoekin alderatzen dira (krisian sartu aurreko urtea izan zen), bai eta zehazki duela hamabi hilabete gertaturiko aldaketekin ere.

Lehen elementu positibo gisa, nabarmendu da 12 hilabete hauetan 31.900 landun gehiago eta 6.800 langabe gutxiago izan direla. Heldu guztien artean, landunen proportzioa % 50era iritsi da, 2010etik aurrenekoz. Oraindik ere, noski, enplegu asko berreskuratu behar da krisialdiaren aurreko enplegu mailetara iristeko; orduan, heldu guztien % 54k zeukaten lana. Ildo beretik, azken hamabi hilabeteetan 25.100 herritar gutxiago egon dira lanik gabe, eta horrek, zalantzarik gabe, herritarren lan aukerak hobetu direla erakusten du; izan ere, hasi berri den berreskuratzea ikusirik, biztanleak enplegu bila hasten dira, eta, horren ondorioz, aktibo bilakatzen dira.

Gainera, langabezia tasa % 12,8ra txikitu da, duela zehazki urtebeteko tasak baino puntu bat gutxiago ia-ia. Estatu osotik, Euskadik eta Nafarroak dituzte langabezia tasa apalenak.

Landunak

Azken 12 hilabeteotan, gelditu egin da landunen arteko emakumeen proportzioaren gorakada. Datu horrek zerikusi handia du ziklo ekonomikoan gizonek erantzun handiagoa eman izanarekin: gizon gehiagok galtzen dute enplegua atzeraldietan, baina gizon gehiagok lortzen dute lana hedatze garaietan. Euskadi enplegua berreskuratzeko bidean da, eta gizonek emakumeek baino etekin handiagoa ateratzen diete enplegu eskari berriei, bereziki sektore ez hain ziklikoetan: hezkuntzan, osasun arloan eta Administrazio Publikoan, besteak beste.

Landunen batez besteko adinak gora egiten jarraitzen du; hori dela eta, 100 landunetik 48k 44 urtetik gora dituzte. Langileen zahartze dinamika nabarmen hori honako hauengatik gertatu da: batetik, langile helduenen enplegu galera txikiagoa izan delako krisialdian; bestetik, gazteek lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituztelako; eta, azkenik, 1980. urtetik aurrera jaiotza tasak izandako beherakadaren ondorioz biztanle gazte gutxiago dagoelako (horrek zuzenean eragiten die 45 urtetik beherako biztanleei).

Industria pixkanaka gora egiten ari da; eraikuntzari dagokionez, berriz, gelditu egin da 2010. urtetik hona izan duen beheranzko joera, enplegu pisu osoa kontuan hartuta. Industrian ari dira lanean 100 langiletik 22; krisiaren aurretik, ordea, 100 langiletik 24ri eman zien lana industriak.

Behin-behineko kontratazioak ere % 24an egonkortu dira azken 12 hilabeteetan. Hori ere datu positiboa da; izan ere, berreskurapenaren hasieratik etengabe ugaritu dira behin-behineko lanak.

Era berean, % 16an egonkortu da lanaldi partziala Euskadin. Datu hori ere positiboa da (lanaldi partzialaren gorakada gelditu egin da, %16 horretan egonkortzen delarik) Espainian –eta Euskadin– lanaldi partzialean lan egiten duten pertsona gehienak subenplegatuak direlako; hau da, nahiago dute lanaldi osoan lan egin.

Langabeak

100 langabetik 53 gizonak dira, eta proportzio hori egonkor mantendu da azken 12 hilabeteetan.

45 urtetik gorakoen intzidentziak gora egiten jarraitzen du langabeen artean. Ekonomia hobetzen ari dela dirudien honetan, badirudi adin talde horretakoek, 25 urtetik beherakoekin batera, 25 eta 44 urte bitarteko pertsonek baino zailtasun handiagoak dituztela enplegua lortzeko.

Behera egiten ari da Euskadin iraupen luzeko langabeen kopurua, nahiz eta beherakada txikia izan. 100 langabetik 64k urtebete baino gehiago daramate lan bila, eta hori da, zalantzarik gabe, krisiak utzi duen ondoriorik larriena. Hori dela eta, premiazkoa da kolektibo hori aktibatzeko eta berriro lanean hasteko neurriak hartzea.

Lan trantsizioak Euskadin

Euskadik enplegu sorrera garbia izan du hiruhileko honetan, sortutako enpleguak suntsitutakoak baino gehiago izan baitira. Datu hori bestelakoa zen duela 12 hilabete, enpleguaren sorrera nulua baitzen. Alde nagusia da enplegu gehiago sortu dela. Azken hauek ere datu positiboak dira, zalantzarik gabe, eta bat datoz gainerako analisian aurkeztutako egoera orokorrarekin.