euskaraespañol

UPV/EHUk eta Eroskik potentzia elektrikoak doitzeko optimizagailu bat garatu dute

Software garapen berritzaile bati esker, tarifa aldi bakoitzean zenbateko potentzia kontratatu kalkula daiteke, urtebeteren buruan ahalik eta zenbateko txikiena ordain dadin kontzeptu horren truke

  • News

First publication date: 10/02/2017

Image
Eduardo Sainz de la Maza, Mikel Lezaun eta Carlos Gorria. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUk eta Eroskik potentzia elektrikoak egokitzeko optimizagailu bat garatu dute elkarrekin. Gaur egun, Eroskik tresna hori erabiltzen du bere denden sareko potentzia elektrikoak doitzeko. Tresna garatzeko, metodo bat erabili dute, Zientzia eta Teknologia Fakultatean dagoen Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailekoek garatua, elkarlanean arituta Eroski Taldearen Garapen Saileko Energia eremuarekin, proiektu honetarako Javier Uriartek eta Alaitz Mitxelenak osatua. Metodo horrek bide ematen du zentro bakoitzean zenbateko potentzia elektriko optimoa kontratatu behar den kalkulatzeko.

Argindarraren tarifazioak ‘harpidetzen' sistema bat du oinarrian, non sarearen erabiltzaileak hornidura potentzia jakin batzuk kontratatzen baititu hornitzailearekin, bere kontsumo aurreikuspenekin bat etorriz. "Harpidetza horiek kontrataturiko potentziaren araberako fakturazioaren oinarria dira. Erabiltzaileak ahal bezainbeste doitu behar du kontratatuko dituen potentzien kalkulua; izan ere, bere aurreikuspenak zenbat eta hurbilago egon potentzia errealetatik, orduan eta gutxiago ordaindu beharko du", adierazi du Mikel Lezaunek, Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko katedradunak eta Carlos Gorriarekin eta Eduardo Sainz de la Mazarekin batera egindako proiektuaren arduradunak.

Bi urteko ikerketa proiektu batean garatutako metodoari esker, Espainiako behe eta goi tentsioko tarifetan kontratatu beharreko potentzia optimiza daiteke, urte oso batean hornitutako potentzia errealetan oinarrituta. Metodo horrekin sortu den softwarearen bidez, tarifa aldi bakoitzean zenbateko potentzia kontratatu behar den kalkula daiteke, urtebeteren buruan ahalik eta zenbateko txikiena ordain dadin kontzeptu horren truke.

"Programa oso lagungarria da hurrengo urtean zenbateko potentzia kontratatu erabakitzeko. Algoritmoak programatu egiten dira, eta ia-ia berehala gauzatzen dira. Horrenbestez, denbora asko aurrez daiteke lehenago zenbait egun kentzen zizkigun lan batean, eta tarifaren zenbatekoan ere aurrez daiteke, gainera", azaldu du EROSKIko Garapen zuzendariak, Javier Españak.

Mikel Lezaunek nabarmendu duenez, "zientzia literatura aztertuta, ez dugu aurkitu tarifa elektrikoaren potentzia optimizatzeko algoritmoak eta horiek aplikatzeak dakartzan onura ekonomikoak jasotzen dituen lanik. Hauxe izan da esparru hori zehaztasunez ikertu duen aurreneko proiektua".
Potentzia elektrikoak doitzeko optimizagailua dago Eroskiren Ingurumen Iraunkortasunerako 2013-2016ko Planean. Energia eraginkortasunaren aldeko neurri horiei guztiei esker, taldeak, lau urte hauetan, zazpi milioi eurotik gora aurreztu ahal izan du argindar gastuetan.