euskaraespañol

Jon Jatsu Azkuek Anatorama sortu du, garezurra 3 dimentsiotan erakusten duen aplikazioa

Medikuntzako eta Odontologiako ikasleek probatuko dute euskaraz diseinaturiko software hau

  • Report

First publication date: 05/05/2017

Image

UPV/EHUko Neurozientzien Saileko Jon Jatsu Azkue irakasleak garezurraren eta giza garunaren sistema eta elementuen xehetasun guztiak ikusteko aukera ematen duen aplikazio bat sortu du: Anatorama. Orain lau urte hasi zen softwarea garatzen, eta ikasturte honetan Medikuntzako bigarren mailako eta Odontologiako ikasleen esku jarri du. "Duela lau urte hasi ginen anatomiaren inguruan ikertzeko hiru dimentsioko teknikak erabiltzeko aukera aztertzen", esan du Azkue irakasleak. Dioenez, teknika horiek oso eraginkorrak dira, "anatomia hiru dimentsioko zientzia bat delako".

Orain arte, gorputz atalak ikertzeko materiala mugatua zen: "Bi dimentsiokoa zen geneukan ikonografia guztia: argazkiak, powerpointeko aurkezpenak… Eta horrek askotan zaildu egiten zuen ulermena". Programa honekin, garezurraren edo garunaren barnean nabiga daiteke, eta hura osatzen duten elementu guztiak bereizi. "Softwarearen bitartez eta koloreekin eta gardentasunarekin jolastuz, elementuak kendu, jarri edo nabarmendu ditzakezu, unean-unean ikertzea interesatzen zaigun gune horri erreparatzeko. Disekzio birtual bat da; elementu batzuk kendu eta beste batzuk errazago ikusi ahal izatea da tresna honen filosofia", gehitu du Azkuek.

HELAZ Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuan aurkeztu zen ikasleek Anatorama ebaluatzeko proiektua, eta berrikuntza proiektu gisa onartu zuten. Hori dela eta, ikasleen esku jarri zuen, eraginkorra zen egiaztatzeko. Horrela, ikasleek probatu behar dute tresna orain: "Helburua da ikustea aplikazioa nola hartzen duten gehien erabiliko dutenek, egiaztatzea baliabide hau aurrekoak baino eraginkorragoa dela. Ikasleen feedback zuzena jaso nahi dugu, eta horretan oinarrituta lan egin".

Etorkizunari begira

Ikasleek eta irakasleek erantzun ona ematen badute eta lehen galdeketek hori erakusten badute, giza anatomiaren gainerako atalak lantzen jarraituko da, eta tresna beste hizkuntza batzuetan ere jarriko da.

Anatorama, Garuna 3 dimentsiotan from UPV/EHU on Vimeo.

Gainera, aurrerapen teknologikoek aukera ugari ematen dizkiote Anatoramari; alde horretatik, beste aplikazio batzuk gara daitezke software hau beste elementu batzuekin konbinatuta, hala nola 3D inprimagailuekin. Modu horretan, eredu digitala gauzatzen da, aztertu nahi dugun atala disekzionatzen da, eta gero, hiru dimentsioko inprimagailu bat erabiliz, organo horren maketa fisikoa sortzen da.

Oraindik ere deskubritzeko daude tresna honekin abiaraz daitezkeen baliabideak. Anatoramak oraingoz aldatu duena medikuntzako eta odontologiako laborategien irudia da: laborategietako mahaietan gorputzak zeuden lehen, eta orain ordenagailuak daude. "Hori pentsaezina zen lehen", esan du Jon Jatsu Azkuek.