euskaraespañol

Mariasun Landa

Bakardade konektatuta

UPV/EHUko Ohorezko Irakasle kolaboratzailea

  • Cathedra

First publication date: 28/07/2017

Image

This article is published in its original language.

Blaise Pascalek, idatzi zuenean gizakiaren ezbehar guztiak datozela gela batean lasai esertzeko eta bakarrik egoteko gaitasun faltatik, ez zuen pentsatu gizaki hori konektatuta egon zitekeenik. Begi-bistakoa baita ez zela bakardade fisikoaz ari, baizik eta gizakiok berezkoa dugun bakardadeaz, gure egonezinen eta, aldi berean, gure lorpenen iturriaz. Gaur egun, berriz, sarera konektatu eta era aktiboan parte hartzen duten pertsonek helburu nagusi bat izan ohi dute: beste pertsona batzuekin komunikatzea. Horrelako loturak erabilgarritasunetik harago daude; adituek diotenez, interneten alderdirik erakargarrienetako bat harreman interpertsonaletarako eskaintzen duen aukera da. Bestela esanda: itxurak itxura, interneteko erabiltzaileek interes handiagoa dute komunikazioan, informazioa bilatzean baino.

Herri globalak eta gaur egun plaza publikotzat dugun internetek giza harremanen beharra areagotu digu, eta horrek galderak sortzen dizkigu etengabe. Niri, oraingoan, gizakion bakardadean pentsarazi didate, berezko eta saihestezin dugun bakardade horretan. Eta, gure imajinario kolektibotik, Robinson Crusoe ekarri dut gogora, gizakiok naturaren erdian eta bakar-bakarrik bizirauteko dugun gaitasunaren paradigmatzat.

Daniel Defoeren XVIII. mendeko eleberriko protagonista, itsasoan galdu ondoren, ohartzen da bera dela irla ezezagun bateko bizidun bakarra, eta gizon-emakumeen betidaniko beldur bati egin behar dio aurre: komunitaterik, triburik, talderik ezari; natura ahalguztidunaren aurrean beste inor ez izateari. Gizonezkoa da, zuria, ingelesa, merkataria, eta bere alde du Jainko bakar eta egiazkoa. Beste gauza batzuen artean, janaria, armak eta sutautsa berreskuratzea lortu eta babesleku bat eraikitzen du,  Bila etortzen zaizkionean, badaki hogeita zortzi urtez, bi hilabetez eta hemeretzi egunez egon dela irlan.

Zalantzarik gabe, abentura eta ahalegin horiei guztiei esker lortu zuen liburuak arrakasta argitaratu zen urtean bertan, eta horiek izan ziren, gerora ere, liburua Gazte Literaturako obra klasiko bihurtu zutenak. Baina, bistan denez, eta bere garaian ere ongi ulertu zenez, Robinson Crusoe hori baino askoz ere gehiago da. Hor dago naturaren indarren aurkako garaipenaz gain, bakar-bakarrik egoteko erronka, Blaise Pascalek zioen bezala. Istorio horretan irakur dezakegu zer gertatzen den beharrezkoa ez dena desagertzen denean eta oinarri-oinarrizkoa bakarrik geratzen denean. Protagonista bere patuaren jabe bakarra da –patu hori ezezagun eta arriskutsua izan arren– eta giza harremanik gabe erotzen ez dela pentsatzea ebokatzailea  da, gaur egun ere, edozein irakurlerentzat. Aurre egin behar diolako, natura ikaragarriari ez ezik, bere bakardadeari ere.

Gai gara, benetan, bakar-bakarrik bizitzeko? Berezkoa dugu besteen beharra, bestela Niari buruz hitz egitea ez zen posible izango. Horregatik, Robinson gure garaian galdu izan balitz, agian, portatila, mogikorra, edo tableta  izango lituzke. Aukera izango zuen irratia entzuteko, telebista eta zinema ikusteko, liburuak irakurtzeko, telefonoz deitzeko, posta bidaltzeko eta jasotzeko, gauzak erosteko, saltzeko, trukatzeko, eta baita urruneko beste irla batzuetako naufragoekin harremanetan jartzeko ere.

Baina deskonektatuta zegoen.

Gu, berriz, konektatuta gaude ia denbora guztian, oso-oso konektatuta

Internetek giza harremanak izugarri zabaldu dituen honetan, bai gure egunerokoan eta bai lan-munduan eta ikasketetan, ziber-plaza bi gauza izan litezke: batetik, interkomunikaziorako aukera bat, eztabaida-kulturaren demokratizazio bat; eta bestetik, gehiegikeriazko jarreren gotorleku bat, jarrera erasotzaile, mingarri eta difamatzaileena.

Robinson Crusoeren kasuan, sei urte pasatzen dira protagonistak hondarretan giza oinatzak aurkitzen dituenerako. Beste gizaki bat! Ostiral izena jartzen dio, ingelesez hitz egiten irakasten dio, bai eta kristautasunaren oinarrizko ezagutza batzuk ere. Bere mailako solaskide bat izatearen truke, zerbitzari edo esklabu bihurtzen du.

Gu konekatatuta gaudenez, geure burua ezagutarazten dugu plaza birtualean, paseoan ibiltzen gara, ikusi ahal izateko eta ikus gaitzaten, Ostiral lagunen bila baina, beharbada, etsaiak ere aurkituko ditugula pentsatuz, gizajaleak, piratak, jaun eta jabe izateko nahiaren eta esklabo otzan izatearen artean balantzaka. Jendeak ezagutu egiten gaitu, guk beraiei buruz ezertxo ere jakin gabe ere, eta guk ere izaten dugu beste batzuen bizitzaren berri, nahiz eta haiekin batere harremanik ez izan. Izan ere, gure konektatzeko beharra, eta ez hainbeste komunikatzekoa, geldiezina da dagoeneko. . Aurrez ezagutzen ez ditugun pertsonekin harremanetan jartzeko aukera, komunitate birtual baten parte izan eta mundu mailako interesak partekatzeko aukera, eta hango kideekin lotura afektiboak sortzekoa, oso erakargarria da; mendekotasuna sortzen du. Kontaktuak, lanak, negozioak... Baina baita iruzurrak, lapurretak eta jazarpenak ere. Bestea beharrezkoa da, baina baita beldurgarria ere. Babeslekua eta mehatxua. Salbazioa eta heriotza.

Halakoxea da irla birtuala ere; internauten egoera, beharbada, ez da hain-hain desberdina Robinsonenaren aldean. Gaurko gizakiak ozeano telematikoan nabigatzen duenean, konplizeak bilatzen ditu, solaskideak, eta, aurkitzen dituenean, komunitate-molde berriak sortzen ditu, lurraldetasunaren mugez gaindi. Baina horrek, kasurik onenean ere, behin-behinean bakarrik salbatzen du bakardadetik. Konektatuta egoteak hain bakarrik ez sentitzen laguntzen digu? Nolakoa da giza komunikazioaren kalitatea? Jakina da gaur egungo gizarteak beldurra diola bakarrik egoteari, nahiz eta gure bakardadea inoiz baino handiagoa izan.

Labur bilduz, susmoa dut posible dela, oso konektatuta egonda ere, oso bakarrik egotea.

 

Argazkiak:Nagore Iraola. UPV/EHU.