euskaraespañol

Nuria Hernández, PiE-ko Ilustrazio Zientifikoko I. Lehiaketako irabazlea

  • Kronika

First publication date: 19/01/2021

Nuria Hernández Pintor, irabazlea, eta Manu Soto, PiEko zuzendariordea.
Nuria Hernández Pintor, irabazlea, eta Manu Soto, PiEko zuzendariordea.

Plentziako Itsas Estazioak (PiE-UPV/EHU), 'Itsaspeko fauna eta flora'ri buruzko lehenengo lehiaketa antolatu zuen joan den abenduan, UPV/EHUren Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren eremuan. Azken 3 urteetako Ilustrazio Zientifikoko graduondoko ikasleak aurkeztu ahal izan ziren eta gaia modu librean landu zuten.

2020ko abenduaren 21ean ebatzi zen lehiaketaren irabazlea. Lehiaketara 15 artelan aurkeztu ziren. PiE-UPV/EHUko eta UPV/EHUren Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren ordezkariek osatu zuten epaimahaia (Vega Asensio, Carles Puche, Maren Ortiz-Zarragoitia, Oihane Diaz de Cerio eta Manu Soto) eta AHO BATEZ erabaki zuten irabazlea: Nuria Hernández Pintor.

Nuriak Bizkaiko golkoko hondoan aurki daitezkeen ornogabe eta algen ilustrazioak aurkeztu zituen 1800eko ilustrazioen tankera duen konposizio batean. Bertan, buia (Cancer pagurus) da protagonista, erdi-erdian agertzen den espeziea baita. Inguruan beste 11 lagun ditu: 3 bibalbo espezie (Lasaea rubra, Callista chione, eta Chamelea gallina striatula), itsas izar bat (Echinaster sepositus), hainbat alga (Corallina officinalis, Falkenbergia rufolanos, Lithophyllum incrustans, Gelidium sesquipedale, Plocamium cartilagineum, Mesophylum lichenoides) eta, azkenik, arroka guztietan egon ohi diren krustazeoak (balanoak-Balanus perforatus) agertzen dira. 

Ilustrazioa egiteko aste bete inguru behar izan zuen. Lehiaketarako ideia ezberdinak eduki zituen, bai eta ilustrazio bat baino gehiago hasi ere. Hasiera batean, arrainak egitea bururatu zitzaion, baina azkenean buiak eta bere lagunek irabazi zuten partida. Buiaren irudia behar bezain zehe egin ahal izateko, bat erosi behar izan zuen, bataiatu ere egin zuelarik, “Heliodoro” izena jarrita. Behin erabakita zein izango zen irudi nagusia, ingurukoak erraz asko etorri zitzaizkion, beti ere gorrixka/marroixka kolorea zuten espezieak bilatuz. 

Nuriak 2019-2020ko ikasturtean egin zuen ilustrazio zientifikoko graduondokoa. Arte Ederretan lizentziatua da eta gehienbat ilustrazio munduan egin du lan, beti ere zientziari behar besteko begirunez begiratuta. Iaz lortu zuen kurtsoa betetzea; gaur egun autonomo gisa dihardu eta hamaika proiektu ditu naturarekin eta ingurumenarekin lotuta.

Erakusketa bat antolatzen ari dira aurkeztutako lan guztiekin. Unean-unean jakinaraziko dira UPV/EHUra sartzeko datak eta ordutegiak.