Asset Publisher

Odontologia klinika sozial berria Bilboko La Panera eraikinean egongo da

EHUk eta Bilboko Udalak hitzarmena sinatu dute Uribarri auzoko Zumalakarregira eramateko unibertsitate klinika

First publication date: 23/07/2025

Bilboko ikuspegi orokorra

EHUren odontologia klinika sozialak kokapen berria izango du; hala hitzartu dute EHUk eta Bilboko Udalak. Klinika berritu eta handitzeaz gain, kokagune berriak “gizartea gure jardueraren erdigunean jartzeko aukera hobea ematen du; eta erraztu egingo du beharra daukaten pertsona gehiagorengana iristea”. Hori baita klinika sozialaren helburua: arrazoi ekonomiko, sozial edo osasun arazoengatik era horretako zerbitzua mugatuta duten pertsonak artatzea eta ahalik eta zerbitzurik onena ematea. 

Joxerra Bengoetxa errektoreak hitzarmenaren egunean adierazi moduan, “anbizioz egindako proiektu soziala da La Paneran kokatuko den odontologia klinika sozialarena; bultzada eman nahi diogu proiektu bokazio sozialarekin sortu zen egitasmoari”. Izan ere, helburua da egoera ahulean dauden taldeen eskaera sozial gero eta handiagoari erantzuteaz gain, dibertsitate funtzionala duten eta, beren ezaugarri espezifikoengatik, arreta eta ekipamendu espezifikoa behar duten pertsonak, ahoko ondorio garrantzitsuak eragiten dituzten gaitz neurodegeneratiboak dituztenak (Parkinsona, autismoa, Alzheimerra, AEA, hartutako garuneko lesioak, diabetes mellitusa, hesteetako hanturazko gaixotasunak eta abarrak) eta iraupen luzeko ospitaleratzeak dituzten pazienteak odontologia klinika sozialean artatzea; beti ere, gizartearen bizi kalitatea hobetzeko asmoz, aho-hortzetako patologien prebentzioa eta detekzio goiztiarra sustatuz eta, ondorioz, onura sozioekonomiko orokorra lortuz.  

Kokapena giltzarri 

Egungo odontologia klinikaren kokapenak, Leioako Campusean, ez du laguntzen behar gehien duten herritarren arreta bermatzen. Irisgarritasuna oso mugatua da, eta Klinikara joateko garraiobide publiko bakarra dago (autobusa), ordutegi oso murriztuarekin.  

Horregatik, hain justu, Bilboko Udalarekin lortutako akordioak aukera bikaina dakarkio EHUren unibertsitate klinikari, proiektua zabaltzeko eta zerbitzu publikoa indartzeko. Bilboko Uribarri auzoan, Zumalakarregi etorbidean dago La Panera izenez ezagutzen den eraikina. 19 solairuko eraikina da eta horietako 3 hartuko ditu klinikak, lur mailako eremuaz gain. Espazio berria elkarlanean gauzatuko da Bilboko udala, eraikineko bizilagunak, Dentisten Bizkaiko Kolegioak, Distrituko batzordea eta EHUren artean.