euskaraespañol

Pompeu Fabra Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako Serra Húnter irakaslea

Pablo Pareja: «Mundu gehiena ez da normaltasuna berreskuratzen ari»

Pandemiak nazioarteko harremanetan izan duen eragin eraldatzaileari buruz hitz egingo du UPV/EHUko Uda Ikastaroetan

  • Interview

First publication date: 15/07/2021

Pablo Pareja
Pablo Pareja. Argazkia: Universidad Pompeu Fabra (UPF).

Gasteizko Nazioarteko Zuzenbide eta Nazioarteko Harremanen ikastaroek Zuzenbideko eta nazioarteko harremanen arloko egunerokotasun handiko eta eztabaidatzeko moduko gaiak jorratuko dituzte bost egunetan zehar. Testuinguru horretan eta “Las relaciones internacionales post-pandémicas: el impacto transformador de la Covid‑19 sobre el orden internacional contemporáneo y el papel de las grandes potencias” izeneko hitzaldiarekin (“Pandemiaren osteko nazioarteko harremanak: COVID‑19ak nazioarteko ordena garaikidearen gain duen eragin eraldatzailea eta potentzia handien rola”), Pompeu Fabra unibertsitateko (UPF) eta Serra Húnter programako nazioarteko harremanetako Pablo Pareja Alcaraz irakasleak bere ikuspuntua eskainiko du hausnartu dezagun eskatzen digun diziplina eta egoera baten gainean. “Uste dut nazioarteko harremanen inguruko teorialariok gure diziplina berriz hausnartzeko beharra dugula. Zaila egiten zaigu munduari buruz hausnartzea mendebaldekoa ez den ikuspuntu batetik; are gehiago, zaila egiten zaigu mundua gizonak emakumearekiko duen ikuspuntutik ez begiratzea, zaila egiten zaigu munduari gizakiarena ez den ikuspuntu batetik begiratzea.

Euskal Herriko Unibertsitatera egin duen bisita aprobetxatu dugu hari elkarrizketa bat egiteko, egungo nazioarteko harremanen gaineko egoera batzuk argitu ditzan.

Ikastaroen aurtengo edizioan, pandemiak nazioarteko ordenan izan duen eraginari buruz arituko zara. Eragin ekonomikoaz gain, nazioarteko harremanen gaineko eragina ere izan al du pandemiak?

Pandemiak nazioarteko harremanengan izan duen eraginari dagokionez, zehazteko goiz den arren, esan dezakegu eragin ekonomiko hutsa baino askoz sakonagoa da eta horretatik askoz haratago doa. Argi dago pandemiak munduko ekonomia nagusien eta ez hain nagusien gaineko hazkuntza mailen gaineko eragina izan duela, baina estatuek emandako erantzunak azpimarratzen du gutxietsi ezin ditugun beste eragin edo influentzia batzuk ere badaudela. Alde batetik, nazioarteko harremanen zenbait eragileren arteko boterearen banaketarengan eragin du pandemiak. Agerikoa da nazioarteko antolakunde edo interes talde batzuk indartu egin direla pandemiaren ondorioz, eta, bestalde, tradizioz pisu handiagoa zuten beste faktore batzuk ahuldu direla. Gainera, ohartu gara ere pandemiak estatuek duten rolaren gaineko eragina izan duela. Epe laburrera, estatuen jarrera indartu da, baina, pandemiak erakutsi digunez, estatuek gero eta baliabide gutxiago dituzte transnazionalitatearen agenda deritzogunaren erronkei aurre egiteko. Beste hitz batzuetan, estatuek zailtasunak dituzte herrialdeen arteko mugak zeharkatzen dituzten erronkei aurre egiteko, eta, beren izaera propioa dela eta, ezin dira erantzun klasikoen bidez jorratu.

Halaber, munduko potentzia nagusi batzuen arteko harremanak berrantolatu direla ere ikusi digu. Txinaren eta Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko harremana, esaterako, baina baita Txinaren jarrera ere, BRICS blokearen barruan partzialki eraldatu baita, edo, behintzat, aldi baterako arteztu da pandemiaren ondorioz. Pandemiak nazioarteko agendan izan duen beste eragin bat aipatzearren, orain arte bazterreko rola eta bigarren mailako posizioa zuten gai batzuek ikusgarritasun handia hartu dute. Pandemiaren kudeaketaz ari gara, baina baita, oro har, larrialdi klimatikoari lotutako gaiekin. Oraindik goiz da, baina, zalantzarik gabe, nazioarteko harremanen hondamena edo eraldaketa izugarria ez izan arren, ez dago ukatzerik pandemiaren eragina baliabide ekonomikoen banaketa hutsatik edo herrialdeen hazkunde ekonomikotik haratago doala.

Eta nazioarteko eragile nagusiak zer? Trumpen garaiaren ostean, antza, Estatu Batuek zuten rola berreskuratu nahi dute…

«Estatu Batuak deseroso sentitzen dira erreferentziazko potentzia hegemonikoa izateak dakartzan zenbait kostu edo erantzukizunekin»

Biden Estatu Batuetako presidentetzara heldu zenetik, tradiziozko kide batzuekin dituzten harreman hebainduak berreskuratzeko estrategia batean murgilduta dago herrialdea. Harreman horiek konpontzearen aldeko apustu garrantzitsua dago, baina Estatu Batuek beren rola berreskuratu nahi izatea beste kontu ezberdin bat da. Duela hamarkada bat baino gehiago herrialdea nazioarteko harremanetan duen rolaren inguruak birpentsatzen ari da, gero eta deserosoago sentitzen da posizio hegemoniko horri dagozkion kostu eta erantzukizun batzuekin. Trump modu oso oldarkorrean hasi zen horietako erantzukizun batzuk bazter uzten eta Biden saiatuko da kontu handiz egiten, baina, halere, aukera baliatzen saiatuko da erreferentziazko potentzia hegemonikoa izateak dakarren lastaz libratzen joateko.

EB bigarren planoan geratu al da aldi horretan?

Azken urteotan ikusi dugu Europar Batasuna nazioarteko influentzia galtzen ari dela gero eta azkarrago. Maila ekonomikoan galtzen ari da, industria farmazeutikoaren parte batekin izandako negoziazioetan argi eta garbi ikusi dugunez, baina baita, orain arte, nazioarteko zilegitasunaren iturri zena ere. Izan ere, ikusi denez pandemiak demokrazia eredu politiko posible hobe gisa defendatzearen gaineko efektu negatiboa izan duela, EB ahuldu egin da. Bestalde, Txinak, esate baterako, nazioarteko mailan argudiatu du sistema politiko batean benetan garrantzitsua dena ez direla hainbeste balio demokratikoak, baizik eta erronkei modu eraginkorrean aurre egiteko ahalmena. Horrek, Europar Batasunaren eredua sostengatzen duten oinarriei erasotzen die. Populismoaren gorakadak eta balioetan baino gehiago eraginkortasunean zentratutako eredu politikoaren defentsak demokraziaren onarpen orokorra ahuldu dute, eta, hortaz, EBren influentzia ere, demokrazia bere zilegitasun iturri nagusietako bat bihurtu baitu.

Brexitak ere eragin dio egoera horri?

Brexita pandemiaren aurretik Europar Batasunaren nazioarteko posizioa kaltetzen ari den faktoreetako bat da. Areago, esan genezake, XXI. mendearen hasieratik, EB bere influentziaren zati bat galtzen aritu dela Brexitaren ondorioz, 2008 eta 2010 arteko krisi finantzarioari emandako erantzunaren ondorioz eta barne krisi batzuk kudeatzeko ezintasunaren ondorioz. Horrez gain, kontu interesgarri batzuk ere planteatzen dira, adibidez, EBren influentziak zer neurritan zuen zerikusi handiagoa defendatzen zituen balioekin edo Estatu Batuekin zuen pribilegio posizioarekin. Beste era batera esanda, bitxia da ikustea Estatu Batuek zilegitasun galtzeak Europar Batasunaren posizioa ahultzea dakarrela, EBk aurreko hamarkadetan defendatzen zituen balio berak edo oso antzekoak defendatzen jarraitzen duen arren. Horrek eramaten gaitu pentsatzera EBren influentzia edo zilegitasunaren galerak ez duela hainbesteko zerikusirik bere balioekin, baizik eta orain munduko eragile garrantzitsuenetariko aliatu estrategikotzat ez hartzearekin.

Egun hauetan ikusi dugu Txinako Alderdi Komunistaren 100. urteurrena ospatu dela eta horren liderrak adierazpenak egin dituela. Nola azalduko zenuke posizio hori?

«Aurreikusi baino lehen ari da erreferentziazko superpotentzia bihurtzeko dilemaren aurrean dago Txina»

Uste dut, aurten, Txina behartuta egon dela geroago hartu nahi zuen erabaki bat orain hartzera. Donald Trump boterera heldu zenetik, Txinak hausnarketa prozesu bati ekin zion erabakitzeko erreferentziazko superpotentzia nagusia bihurtu nahi zuen ala ez. Txinak nazioarteko finkapen prozesu bati ekin zion, eta hori ikusi izan da nazioarteko erakunde batzuetan izandako jarreragatik eta negoziazio garrantzitsu batzuetan izandako jarreragatik, adibidez, aldaketa klimatikoari dagokionez. Halere, bere irudia hondatzeak kalte egin dio. Txinak hori badaki eta esfortzu handia egin du bere nazioarteko irudia mantentzeko: hainbat herrialdetara osasun materiala masiboki bidali du eta nazioarteko erakundeekin konprometitutako herrialde gisa aurkezteko enfasi erretorikoa hartu du (batez ere Munduko Osasun Erakundeari dagokionez). Pandemiaren eraginez baliatzen ari da bere burua erreferentziako superpotentzia gisa kokatzeko aurreikusitakoa baino pixka bat lehenago.

Badirudi Errusiak nazioarteko arloko eragina berreskuratu nahi duela. Bloke handien arteko tentsioa areagotzen ari da ala itxurakeria hutsa da?

Alderaketa egitea ahalbidetzen bazait, antzezpen bat ikusten ari gara eta eszenatokian gertatzen ari dena ikusi dezakegu: antzezpenaren zati bat ikusi dezakegu, baita atzealdean gertatzen dena ere, batzuetan garrantzitsuagoa baita. Une honetan, nazioartean ikusi dezakeguna eta datozen urteetan ikusiko duguna potentzia handien arteko lehia handituko dela da. Horri batzuek deitu diote Errusia, Estatu Batuen, Txinaren eta Europar Batasunaren arteko boterearen politikara edo harreman geopolitikora itzultzea. Horren erraz ikusi ezin dena da berdin duela zein eragilek hartzen duen eragin handiagoa edo txikiagoa; argi dago estatuek eta estatuan eratutako aginpide politikoak munduan boterea galtzen ari direla. Errusia, Estatu Batuak, Txina eta Europar Batasunaren arteko botere liskarrean jar genezake arreta, baina ezin da ahaztu horiek guztiak, kolektibo gisa, boterea galtzen ari direla, boterea nazioarteko harremanen beste eragile batzuetara lekualdatzen ari baita. Epe laburrera geopolitika edo boterearen politika itzuliko da, baina, ziurrenik, epe ertain edo luzera, nazioarteko harremanak eraldatuko dituzten dinamikak ikusiko ditugu.

Egoera honetan, demokraziaren eredua arriskuan egon daiteke?

Ez nintzateke ausartuko hori esatera, ez dut uste demokrazia arriskuan dagoenik. Baliteke akatsa izatea pentsatzea demokrazia bermatuta zegoela eta ez zegoela tentsioen, presioen edo arriskuen mende. Demokrazia ez da egun bakarrean hartzen den erabakia, ezarri ondoren ardurarik behar ez duena. Demokrazia, esan ohi denez, egunero berritzen den kontratu bat da. Hori dela eta, azken urteetan nabarmendu da neurriak hartzeko beharra, baita jada duten herrialdeetan demokrazia aktiboki babestean inplikatzeko beharra ere. Beste gai bat, eta agian pandemiari gehiago lotuta dagoena da demokrazia liberalaren estrategia edo tesia krisialdian dagoen. Horren arabera, herrialdeetan demokratizazioa kanpotik sustatu daiteke. Hori aipatutako Txinaren erretorikara lotu dakioke, demokrazia inspiratzen duten balioen sistema politiko zehatza eta eraginkortasuna edo efizientzia kudeatzeko gaitasuna deslotzen saiatzen ari baita. Xi Jinping politikariaren azken hitzaldietan ikusi daiteke ez duela ezaugarri txinatarrak dituen demokraziaren inguruan hitz egiten, baizik eta sistema politiko eraginkor baten inguruan, zeina herritarren beharrei erantzuteko gai den. Hori esatean, badirudi demokrazia ez dela babestu beharreko gutxieneko balio bat, baizik eta eraginkortasun handiagoa edo txikiagoa emateko baliabide bat.

Pandemiak munduko ekonomia astindu du. Potentzia handiek bere eragina berreskuratuko dute edo hornikuntza arazoen ondoren produkzioa aldatuko da?

Horrek kezkatu egin ditu nazioarteko harremanen teorialariak, batez ere, nazioarteko ekonomia politikoa orain dela ia 30 urtetik latzen duten autoreak. Susan Strangek 1990eko hamarkadaren erdialdean idatzitako estatuaren erretiratzearen inguruko liburuan arrisku horren inguruan ohartarazi zuen. Berak dioenez, kontu handiz ibili behar gara estatuak nahita ahalbidetzen edo sortzen ari direlako deszentralizazioa, deslokalizazioa edo eragile boteretsuagoak. Gainera, baliteke egunen batean prozesu horretan atzera egin nahi eta beranduegi izatea, eragile horiek jada ez dutelako horien arauen arabera jokatuko. Uste dut ez garela aurreko egoerara itzuliko; estatuek ez dute multinazional horien erabateko kontrola izango; ez behintzat gatazkarik gabeko prozesu adostu eta baketsu baten bidez. Enpresek beren interesak garatu dituzte eta ez dute estatuen asmoen arabera erraz jokatuko.

Nolakoa izango da nazioarteko ikuspegia 2022. urtean?

«Herrialde boteretsuek gainontzekoei laguntzen badiete, saihestuko lukete egungo nazioarteko ordena zalantzan jartzea»

Pentsatu behar dugu mundua Europa edo gure mendebaldeko zilborra baino askoz handiagoa dela, eta munduaren gehiengoa ez dela normaltasuna berreskuratzen ari. Ikusten ari gara txertaketa askoz motelagoa dela eta ez dela Europan bezain unibertsala Asiako herrialde askotan eta Afrikako eta Latinoamerikako herrialde gehienetan. Goiz da esateko nazioarteko harreman normalizatu edo berreskurapenekoan gaudela, oraindik oso urrun gaude. Ez da batere neurriz kanpokoa pentsatzea datorren urtean edo urte eta erdian garatuenen dauden eta ahultasun egoera handiagoan dauden herrialdeen errealitatearen arteko desdoikuntza gertatuko dela. Herrialde boteretsuenek erantzukizunez jokatu eta esfortzua batu badezakete guztiei laguntzeko, egungo nazioarteko ordenaren eztabaidatzeari oxigeno baloi batekin lagunduko diote.

Eta pandemiaren ondorengo egoera honetan zein puntutan ikusten duzu diziplina?

Aukera ona da nazioarteko harremanen teoriaren hausnarketa sakonagoa egiteko; uste dut nazioarteko harremanen teorialariok gure diziplina berriz antolatzeko betebeharra dugula. Zaila egiten zaigu munduari buruz hausnartzea mendebaldekoa ez den ikuspuntu batetik; are gehiago, zaila egiten zaigu mundua gizonak emakumearekiko duen ikuspuntutik ez begiratzea, zaila egiten zaigu munduari gizakiarena ez den ikuspuntu batetik begiratzea. Hau da, gatazkak edo erronkak aztertzen ditugunean, ahaztu egiten dugu nazioarteko harremanak garatzeko orduan askoz garrantzitsuagoak diren prozesu eta dinamikak daudela eta horiei ez diegula nahikoa arreta jartzen. Pandemien inguruan ari naiz, baina larrialdi klimatikoari buruz ere. Hau da, uste dut pandemiak nazioarteko harremanak birpentsatzera behartzen gaituela, gertakari edo ekintza gisa, baina baita ariketa teoriko‑akademiko gisa ere. Eta hori gainditzeke dugun irakasgai bat da, behar bezain ongi egiten ari ez garena.