euskaraespañol

Image of the day

Uraren Gelak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Young Water Professionals Spanish Chapterrekin

  • Kronika

First publication date: 20/05/2024

Image

Maiatzaren 17an lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Bilboko Ingeniaritza Eskolako “BBUP” Uraren Gelak eta Young Water Professionals Spanish Chapter (YWP-Spain) egitasmoak. International Water Association (IWA) elkartearen egitasmo globala da azken hori, uraren liderren belaunaldi berriak prestatzeko sortua.

Hitzarmen horren bidez, lankidetzarako esparru orokorra ezarri dute bi alderdien artean, prestakuntzarako, ikerketarako, esperientziak partekatzeko (hezkuntza zein lan arlokoak), GJHak hedatzeko eta bi erakundeetako kideek duten beste edozein jardueratarako.

Natalia Alegríak, Gelako zuzendariak, hitzarmen honen garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, hitzarmenak “bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeaz gain, YPW-Bilboren presentzia bultzatzeko balioko du". Tokiko talde hori 2023an eratu zuten eta pixkanaka Gelako egresatuak taldean integratzea aurreikusten dute, taldea berritzeko eta handitzeko. Gelako zuzendariak adierazi duenez, “esperientzia oso atsegina izan da, eta bultzada handia izan da “BBUP” Uraren Gelarentzat, Bilboko Ingeniaritza Eskolako enpresa-gela gisa finkatzeko prozesuan.

Ikastegiko Uraren Gelan egin dute ekitaldia, eta honakoak bertaratu dira: Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako (BIE) zuzendaria; Natalia Alegría, Gelako zuzendaria; Igor Peñalva, Gelako zuzendari teknikoa; Pedro Barreiro, BBUPko gerentea; Koldo Urkullu, Aktiboen Ustiapenaren eta Kudeaketaren zuzendaria; Arantza Sanchez, Zerbitzu Teknikoen zuzendaria; Esther Torvisco, Aktiboen Kudeaketaren zuzendariordea; Fernando Ortega, Jasangarritasun, Teknologia eta Berrikuntza zuzendariordea; Hektor Orbe Abarrategi, Egitasmoen eta Estrategiaren Garapeneko zuzendariordea; eta Janire Bijueska, Presidenteari Laguntzeko Kabineteko arduraduna. YWPren aldetik, YWP-Spaineko presidentea (Marina Jiménez Galindo) eta presidenteordea (Jesús Mateos Robledo) bertaratu dira.

IWA-YWPren estatu mailako laugarren konferentzia

Halaber, sinadura ekitaldian zehar, “4th IWA-YWP Spain National Conference” kongresu nazionala aurkeztu dute. Bilbon egingo dute, urrian. Bilboko YWPk, 2023/2024 ikasturteko ikasleen ordezkari batzuek eta “BBUP” Uraren Gelako kideek parte hartu dute aurkezpenean.

UPV/EHUko Uraren Gelari eta YWPri buruz

Uraren Gela 2019an sortu zuten, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren artean, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloko eta irakaskuntzaren arloko lankidetza ezartzeko helburuz, uraren kudeaketaren gaineko ezagutzarekin lotuta. Programak, proiektuak eta jarduerak egitea sustatzen du Uraren Gelak, baita bi erakundeen artean ezagutza sortzea, partekatzea eta transferitzea ere. Urte hauetan zehar, Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak babestu ditu, eta hainbat ikastaro eta kongresutara joatea sustatu du.

Bestetik, International Water Association (IWA) erakundearen egitasmo globala da Young Water Professionals (YWP) sarea. Uraren liderren belaunaldi berria prestatzea da haren helburua eta, horretarako, laguntza eskaintzen dio sektoreari, gazte profesionalak erakartzeko eta haien ahalmen profesional osoa eskuratzea lortzeko aukera ematen duten ekintzen bidez. Egitasmo hau kapituluka dago antolatuta, eta herrialde askok parte hartzen dute, hala nola Erresuma Batuak, Estatu Batuek, Kanadak, Hegoafrikak, Austriak edo Mexikok, beste batzuen artean.