euskaraespañol

UPV/EHUk berriro salatzen du garbiketaren greba dela-eta ekintza bandaliko berriak egin direla

First publication date: 03/03/2020

Hainbat euskal administraziori eragiten dien garbiketa-zerbitzuen grebaren ondorioz beste ekintza bandaliko batzuk egin direnez, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) argi eta garbi salatzen ditu greba-eskubidearen erabilera legitimoaz haratago doazen jokabideak. Jarduera akademikoaren garapen normala larriki kaltetzen duten ekintzak gertatzen ari dira, eta, horrez gain, unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsona guztien segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzak ere kaltetzen dituzte.

Unibertsitatea bere kudeaketa gaitasunak gainditzen dituen gatazka baten eszenatokia da, eta gatazka hori unibertsitate jardueraren alderdi guztiak nabarmen zailtzen ari da, une jakin batzuetan, pertsonen osasunerako eta osotasunerako arriskuak sortuz, zentro jakin bat ixteaz eta hainbat jarduera akademiko eteteaz gain. Ekintza horiek (su-itzalgailuak hustea, olioa eta hondakin organikoak isurtzea, sanitarioak buxatzea…) erabateko arduragabekeria dira eta euskal unibertsitate publikoarekiko konpromisorik eza erakusten dute.

UPV/EHUk nabarmentzen du grebara deitutako kolektiboak 330 pertsona inguru biltzen dituela, eta horietatik % 25ek baino gutxiagok bat egin dutela deialdiarekin, Gipuzkoako Campusekoak bezalako datu esanguratsuekin, non grebaren eragina % 4tik beherakoa izaten ari baita.

Unibertsitatea ez da eragile juridiko bat kolektibo horren lan-negoziazioan. Dagoeneko izan diren gertakari batzuen larritasuna kontuan hartuta, azpimarratzen du, pertsonen balizko lesioen eta ondasunetan izandako kalteen aurrean, mobilizazioen deitzaileek dutela erantzukizuna.