euskaraespañol

UPV/EHUk Salamancako talentua sustatzeko programan parte hartu du

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean izan ziren bi ikasle, neurobabesari buruzko azterlanak ezagutzeko

  • News

First publication date: 18/12/2019

Image
Salamancako ikasleak eta Elena Vecino UPV/EHUko irakaslea. Argazkia: UPV/EHU.

Salamancako talentua sustatzeko programan parte hartzen zuten 12 ikasletik bik UPV/EHU aukeratu zuten egonaldia egiteko eta ikertzeko. Programa horrek probintziako batxilergoko eta USBEko espediente onenak saritzen ditu. Miguel Alonso eta Elena Cabezas ikasleek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatea aukeratu zuten, eta, bertan, erretinako neuronen neurobabesari buruzko azterlanak ezagutu zituzten. Azterlanak helburu du itsutasuna sortzen duten begietako patologiak ekiditea.

UPV/EHUn izan ziren astean, laborategia ikusi zuten, erabiltzen diren teknikak ezagutu eta unibertsitateko instalazioak bisitatu, eta ikertaldearen bileretan eta eztabaidetan parte hartu zuten.  «Oso pozik nago, ikusi ahal izan dudalako ikertzaileak egunero ahalegintzen direla eta dedikazio eta lan gaitasun handia dutela. Bertatik bertara ikusi ditut espezialistak, munduan jende oso gutxik egiten dituzten lanetan (giza begiko erretinari buruzko ikerketak), gaixotasun neurodegeneratiboetan, parkinsonean eta alzheimerrean aurrerapenak lortuz. Oso harrituta utzi naute unibertsitateak dituen bitartekoek eta ezagutzen ez nituen aparatuek, laborategi askok nahiko lituzke eta», nabarmendu du Miguel Alonso Salamancako talentua sustatzeko programako bekadunak.

Euskal Herrian egon ondoren, Elena Cabezas Bioteknologiako eta Biokimikako Gradu Bikoitza egiten hasi da, eta Miguel Alonso, Medikuntzako Gradua. Duela gutxi, Salamancako alkateak diplomak eman dizkie talentua sustatzeko programako 12 ikasleei. Elena Vecino UPV/EHUko irakaslea ekitaldian izan da, bi ikasle horien tutore izan zelako. 

«Gure gizartean, gazteei erakusten zaizkien erreferenteak kirolariak, abeslariak, sukaldariak, modeloak eta horrelakoak dira. Nire ustez, talentua, ahalegina eta ikerketa bistaratzea zientzia-arloko sarien bitartez, oso txalogarria da.  Uste dut UPV/EHUko egonaldiak zientziaren mundura hurbildu dituela, eta inspiratzailea izan dela beraientzat. Espero dugu etorkizunean ikerketaren munduan sartzera bultzatzea, dagozkien espezialitateetan», amaitu du Vecinok.