euskaraespañol

UPV/EHUk Urrezko Domina eman dio Euskaltzaindiari

  • News

First publication date: 25/10/2019

Image
UPV/EHUk Urrezko Domina eman dio Euskaltzaindiari. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Gaur goizean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHUren Urrezko Domina eman dio Euskaltzaindiari, urtez urte euskara arautu eta modernizatzeko egindako lanagatik.

Nekane Balluerkak adierazi duenez, “Euskaltzaindia eta Unibertsitatea bi erakunde desberdin dira, baina esan dezakegu bi-biak eskutik helduta ibili direla azken mende erdian. Euskaltzaindiak merezimendu osoz jaso du Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina”.

Era berean, bi erakundeen arteko harreman estua ere nabarmendu du errektoreak; izan ere, asko dira Euskaltzaindiarekin elkarlanean diharduten UPV/EHUko ikerlariak.

Urrezko Domina jaso ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskerrak eman ditu sariagatik, eta honako hau azpimarratu du zuzentzen duen erakundearen inguruan: “1918-1919 urte bitartean sorturiko Akademiak, egun euskararentzako erakunde aholku emaile ofiziala denak, historian zehar zin-zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu du, eta bere egitekoa gizartearen zerbitzuan jarri du. Euskaltzaindia gu guztiok, euskal hiztun-elkartea osatzen dugun guztiok osatzen dugu, norbaitek osatzekotan ".

Miren Azkaratek, UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradun, UPV/EHUko Euskara Institutuko zuzendari eta Euskaltzain osoak, laudatioa egin du, eta Euskaltzaindiak egindako ibilbidea goraipatu du: “100 urte Euskara Ehuntzen, hori izan da Euskaltzaindiak mendeurrenerako hautatu zuen goiburua. Aitortu behar zaio Akademiari egoki erantzun diela garai eta aldi bakoitzeko itxaropen eta eskariei; behar bezalako hari-multzoa osatu duela ehundegi horretan”.

Urrezko Domina, UPV/EHUk 1983an ezarria, da erakunde honek pertsona fisiko edo juridiko, pribatu eta publikoei egindako aitorpenaren adierazpide, jarduera akademikoa edo emandako zerbitzuengatik hura jasotzeko merezimenduak dituztelarik.

Harremana

Asko dira euskarak UPV/EHUn gaur egun bizi duen errealitatea ahalbidetu duten eragileak, erakundeak eta pertsonak. Erakundearen barruan, azpimarratzekoak dira irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euskararekin hartutako konpromisoa, bai eta milaka ikaslek euskarazko irakaskuntzaren kalitatean jarritako uste ona.

Baina, hizkuntzaren arloko erakundeen artetik, Euskaltzaindia izan da, zalantzarik gabe, euskarak unibertsitatean gaur egun daukan ahozko eta idatzizko presentzia bideratu eta haren  aholkuz gehien sustatu dutenetako bat.

Euskaltzaindiarekiko harremana, baina, ez da iraganeko kontua bakarrik. Orainari eta geroari begira ere badago. Gaur egun, UPV/EHUko irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langile askok lotura estua dute Euskaltzaindiarekin, dela haren lantaldeetan parte hartzen dutelako, dela euskaltzain urgazleak edo osoak direlako. Gainera, UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmenak dauzkate, elkarrekin liburuak argitaratzeko, ikerketak egiteko eta euskarazko doktoretza-tesiei bultzada eta aitorpena egiten dieten sariketak antolatzeko.

UPV/EHUren Urrezko Domina emateko ekitaldia Leioa-Erandio guneko Areto Nagusian  izan da, eta erakundeetako eta gizarteko hainbat ordezkari izan dira bertan. Besteak beste, honakoak izan dira partaide: Miren Dobaran Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Miren Artaraz Miñon, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; Amaia Esquisabel Alegria, Eusko Jaurlaritzako Ikerketaren zuzendaria; Ana Otadui Viteri, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Iñaki  Dorronsoro Plazaola, Eusko Ikaskuntzako presidentea; eta Kepa Sarasola Gabiola, UEUko zuzendaria.

Orotara, orain arte UPV/EHUk 20 erakunde zein pertsona ospetsuri eman die Urrezko Domina: Eduardo Chillida, Ignacio Mª Barriola, Manuel Agud Querol, Pedro Miguel Echenique, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Joxean eta Jexus Maria Artze anaiak eta Eusko Ikaskuntza, besteak beste.