euskaraespañol

UPV/EHUko 10 ikasleetatik 9 lanean daude, graduatu eta 3 urtera

  • News

First publication date: 28/07/2021

UPV/EHUko ikasle ohia
UPV/EHUko ikasle ohia

Lan Bizitza Aktiborako Sarrerari buruzko Lanbideren Azterlanak, 2017an graduatutako promozioan oinarrituta egindakoak, berretsi du enplegu tasa % 81ekoa dela eta, horren barruan, ikasketei lotutako enplegua % 86koa dela.

Graduko titulua lortu eta hiru urtera, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) 2017ko promozioko gradudunen % 88 lanean dago. Hori da, hain zuzen, Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan Bizitzan Sartzeari buruz egindako azterlanaren ondorio nagusietako bat, UPV/EHUko 2017ko promozioko gradudunen lan egoera aztertu ondoren. Inkestan, aipatutako promozioko kideen % 80ren erantzunak jaso dira. 

Okupazio tasa % 88koa denez, langabeziakoa % 12koa da. Eta, okupatuta dagoen kolektibo osotik, % 81 dago benetan lan egiten; hau da, % 3 gutxiago aurreko promozioan baino. 

Jarduera, enplegu, okupazio eta langabezia tasa
  2016  2017
JARDUERA TASA % 93 % 93
ENPLEGU TASA % 84 % 81
OKUPAZIO TASA % 90 % 88
LANGABEZIA TASA % 10 % 12

 

Gogoratu behar dugu jarduera tasa lanen bat ematen duten edo bilatzen duten eta bertan aritzeko prest dauden pertsonen portzentajea dela. Pertsona aktiboak lanean daudenak eta langabean daudenak dira; beraz, okupazio tasak pertsona aktibo guztien gainean soldatapeko enplegu bat duten pertsonen portzentajeari egiten dio erreferentzia. Enplegu tasa soldatapeko enplegu bat duten edo jarduera independente bat egiten duten pertsonen portzentajea da, erantzun guztien gainean. Langabezia tasa soldatapeko enplegu bat ez duten, lana bilatzen ari diren eta lan egiteko prest dauden pertsonen portzentajea da, pertsona aktibo guztien gainean. 

Jakintza arloaren arabera banatuta, datu orokor horien emaitzak honako hauek dira: 

Emaitzak jakintza arloaren arabera
  ENPLEGU TASA  LANGABEZIA TASA 
ZIENTZIA ESPERIMENTALAK % 73 % 16
IRAKASKUNTZA TEKNIKOAK % 88 % 8
OSASUN ZIENTZIAK % 90 %5
GIZARTE ZIENTZIAK % 79 % 16
EKONOMIA ETA LEGE ZIENTZIAK % 77 % 15
GIZA ZIENTZIAK % 71 % 20

 

Egindako ikasketei lotutako enpleguari dagokionez, azterlanak datu hauek ematen ditu:  

Egindako ikasketei lotutako enplegua
  IKASKETEI LOTUTAKO ENPLEGU TASA
ZIENTZIA ESPERIMENTALAK % 92
IKASKETA TEKNIKOAK % 95
OSASUN ZIENTZIAK % 95
GIZARTE ZIENTZIAK % 81
EKONOMIA ETA LEGE ZIENTZIAK  % 69
GIZA ZIENTZIAK % 83

 

Azterketaren zati garrantzitsu batean, egresatuek beren laneratzean eragin gehien izan duten faktore pertsonalei eta sozialei buruz emandako iritziak jasotzen dira. Pertsona horien iritziz, alderdi akademikoek aldagaia nagusia osatzen dute, eta gero ezaugarri pertsonalak eta sozialak daude; horien artean, pertsonaren adimen emozionala, motibazioa, ekimenak eta ekintzailetza sena sartuta, besteak beste. Horrek berresten du unibertsitateko prestakuntza oraindik ere oinarrizko elementu bat dela kualifikazio handiko erantzukizun profesionalak eskuratzeko. 

Laneratzea zehazten duten faktoreak
LANERATZEA ZEHAZTEN DUTEN FAKTOREAK PISUA
Akademikoak  % 25,2
Ezaugarri pertsonalak eta sozialak % 24,7
Erakunde eta enpresekiko harremana eta orientazioa % 19,9
 Espezializazioa, oposaketak titulatu ondoren % 15,2
Hizkuntzen ezagutza % 11,2
Zortea %2,6
Beste arrazoi batzuk % 1,1

 

Azterlanak bestelako datu interesgarriak ere ematen ditu. Hala, jarduera profesionala garatzeko sektore nagusia zerbitzuen sektorea da (% 87). Mugikortasun geografikoari dagokionez, % 77k EAEn bizi eta lan egiten dute. Lanean dauden pertsonen artean, hilabeteko batez besteko soldata garbia (1.583 €, 14 paga) ia berdina da gizonen eta emakumeen artean, baina, jakintza arloen arabera, soldata handienak Osasun Zientzietan ematen dira, eta gero Ikasketa Teknikoetan, eta Giza eta Gizarte Zientzietan. Edonola ere, egiaztatzen da unibertsitateko prestakuntzak batez besteko soldata handiagoa lortzeko aukera ematen duela. 

Denbora partzialean lan egiten duen biztanleriaren ehunekoari dagokionez, emakumeena askoz ere handiagoa da, eta, ikusten denez, azken urtean gora egin du , gizonen eta emakumeen artean. Jakintza arloen arabera, denbora partzialeko laneko tasa handienak Giza eta Gizarte Zientzietan ematen dira. Enpleguaren egonkortasunari dagokionez, jakintza arloka, ekonomia eta lege tituluak eta titulu teknikoak nabarmentzen dira. Giza Zientzien arloan izan ezik, gizonen egoera, oro har, egonkorragoa da emakumeena baino (9. or.). 

Lanean dauden pertsonen lanera sartzeko bideari dagokionez, nabarmentzen dira, hurrenez hurren, ingurune soziala eta profesionala (% 25), oposaketak edo enplegu publikoaren lan poltsak (% 21), lan eskaintza jakin bati erantzutea (% 15,6) eta unibertsitate ingurua (% 10,3).   

Hizkuntzen erabilerari dagokionez, gaztelaniaz gainera, euskara (% 52) eta ingelesa (% 35) dira gehien erabiltzen direnak, baina Ikasketa Teknikoetan eta Zientzia Esperimentaletan ingelesa nagusitzen da. 

Enpleguarekiko batez besteko gogobetetze globala 7koa da, 10en gainean. 

Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearen iritziz, azterlana interesgarria da datu esanguratsu ugari ematen dituelako: “UPV/EHUn 2017an graduatutako promozioaren % 12ko langabezia-tasak erabat kontrastatzen du adin horretako biztanleria osoarenarekin, % 20kotik jaisten ez baita. Enplegu tasa jaitsi bada ere, jaitsiera ez da hainbestekoa izan, jasaten ari garen ekonomia eta osasun testuinguru gogorra aintzat hartzen badugu. Eta datu batzuk positiboak dira: aldagai askotan gizonak eta emakumeak parekatzen ari dira, edo egresatuek, lehenik eta behin, beren prestakuntza akademikoari ematen diote garrantzia, eta erabat teknikoak ez diren beste gaitasun eta trebetasun batzuk eskuratzeari, hala nola ia jakintza arlo guztietara heda daitezkeen zeharkako gaitasunak.  Maila desberdinean bada ere, jakintza arlo guztietan arau orokor berbera ematen da: alderatuta, goi mailako prestakuntzak; hots, unibertsitatekoak bere konplexutasun intelektual handiagoari enplegagarritasun eta garapen profesionalerako itxaropen hobeak gehitzen dizkio”.