Gerentzia telelan-plan pilotu bat prestatzen ari da teknikarientzat eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat
Helburua da plan pilotu hori bi urtez probatzea eta ebaluatzea, Unibertsitate osora zabaldu aurretik
First publication date: 15/01/2026
Urrutiko lanaren plan pilotu bat, antolaketa gizatiarrago, arduratsuago eta inklusiboago bat ahalbidetuko duena. Horixe da Gerentziak proposatzen duen plan pilotuaren azken helburua. Lehenik, bi urtez probatuko da plan horretan interesa duten unitateen artean, eta, hirugarren urtean ebaluatu ondoren, behin betiko plan bat definituko da. Gero, dagokion negoziazio kolektiboko prozesuari jarraitu beharko dio planak.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zuzendaritza-taldeak aurkeztutako urrutiko lanaren proposamenak langileen ongizate pertsonala eta emozionala hobetzea du xede, denbora antolatzeko autonomia eta malgutasun handiagoa emanez haiei. Hala, langileen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzen lagundu nahi da, bai eta ingurumen-inpaktua murrizten ere, joan-etorriak eta lan presentzialari lotutako energia-kontsumoa murriztuko bailirateke horrela. Gerentziak datozen asteetan aurkeztuko die plan pilotuaren proposamena zentroetako zuzendariei. Proiektu pilotua onartu ondoren, deialdia urte osoan egongo da irekita, zerbitzuek planarekin bat egin dezaten.
Planarekin bat egiten duten zerbitzuetako langileek aukera izango dute telelanaren modalitatea eskatzeko, kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete ondoren. Hala, langileen konpromisoa aitortu nahi da, eta, beraz, batetik, beren konpromisoa eta profesionaltasuna aintzat hartzen duten lan-baldintzak eskaini eta, bestetik, lan-giro positibo eta motibatzailea bultzatu, bizitza pertsonalaren eta lanekoaren arteko oreka erakundeak bere lantaldeari eskaintzen dion balioetako bat izan dadin.
Baldintzak eta balorazioa
Edonola ere, kontuan harturik EHUren egitura konplexua —errektoretza, errektoreordetza, gerentzia, gerentziaorde eta zentroetan banatua— eta heterogeneotasun funtzionala, borondatezkoa izango da proiektuan parte hartzea. Gainera, interesa duen unitate bakoitzak planean sartzeko eskaera egin beharko du. Horretarako, hari atxikitako lanpostuen zerrenda aurkeztu beharko du, eta urrutiko lan-modalitatean aritu daitezkeenak eta aritu ezin direnak bereizi beharko ditu (azken kasu horretan, berariaz justifikatu beharko du ezina). Beharrezkoa izango da planean parte hartzea eskatzen duen zerbitzuko edo unitateko lanpostuen % 30 gutxienez telelan-modalitatean aritzeko modukoak izatea. Bestalde, lanean diharduten karrerako eta bitarteko funtzionarioek (lan-kontratudunak, finkoak eta aldi baterakoak) baliatu ahal izango dute modalitate hori, betiere beren lanpostuan 12 hilabetez presentzialki jardun baldin badute. Baldintza hori 6 hilabetera murriztu ahal izango da, baldin eta langileak antzeko funtzioak bete baditu lehenago edo egin beharreko lanak egiteko behar adinako ezagutza duela egiaztatzen bada.
Proposatutakoaren arabera, antolaketa-unitateentzat borondatezkoa izango da plan pilotuan parte hartzea; edonola ere, parte hartzeak ez du eskubide iraunkorrik sortuko; funtzionamendua aztertu egin beharko da planean ezarritako ebaluazio-aldian.
Programa pilotuan onartua izateko, eskaria egiten duen unitateak haren menpeko lanpostu guztien zerrenda aurkeztu beharko du; azaldu beharko du lanpostu bakoitzean ea telelan bidez lan egin daitekeen ala ez (ezetz adierazten baldin bada, justifikatu egin beharko da ezetza), eta baldintza hau bete beharko du: unitateko lanpostuen % 30 gutxienez telelan bidez egiteko modukoak izatea.
Urrutiko lanaren modalitateak
Proiektu pilotuak telelanaren 4 modalitate ezartzen ditu:
- Modalitate orokorra: astean 2 egun, gehienez, telelanean; asteko gainerako egunetan nahitaezkoa izango da lanaldia presentzialki betetzea.
- Bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzeko behar bereziak dituztenentzako modalitate berezia: astean 3 egun, gehienez, urrutiko lanean; asteko gainerako egunetan nahitaezkoa izango da lanaldia presentzialki betetzea.
- Lekualdatutako langileentzako modalitate berezia: lan egiten duten probintzian bizi ez diren langileek aukera izango dute urrutiko lanean aritzeko asteko egun guztietan, bizi diren probintziako campus edo zentro batetik; beren lantokira joan beharko dute beharrezko denean.
- Urrutiko laneko ordu-poltsaren modalitatea: urtean 260 orduko poltsa bat ezartzen da lanaldiaren zati bat telelan bidez egiteko, baina ez du aukerarik ematen urrutiko lanaren jardunaldi osoak metatzeko; eguneroko lanaldiaren zati baterako bakarrik aplikatu ahal izango da, eta ezingo da aplikatu lanaldi osoa egiten ez duten kasuetan.
Urrutiko lana errazteko, unibertsitateak behar dituzten baliabideak emango dizkie langileei; Internetera sartzeko linea, berriz, haiek gaitu beharko dute, eta, sektore publikoaren eremuan indarrean dagoen araudiaren arabera, telelanean aritzeak ez du berekin ekarriko ezein gasturengatiko konpentsazio ekonomikorik, borondatezko kontziliazio-neurria baita.