euskaraespañol

Bideobisita Bilboko Arte Ederren Museora

Peio Orueta institutuko irakasle eta UPV/EHUko Irakasleen Prestakuntza Masterreko ikaslea museoan barrena dabil, ikasleei bertatik bertara ikusi ezin dituzten artelanak erakusteko.

  • Report

First publication date: 20/07/2020

(Opens New Window)
Image

Tableta eskuan, gazte bat ibilian dabil Bilboko Arte Ederren Museo ospetsuko areto hutsetan, eta gelditu egiten da artelan bakoitzean. Peio Orueta da, Arrigorriagako institutuan praktiketan dagoen arte irakaslea eta UPV/EHUko Irakasleen Prestakuntza Masterreko ikaslea, Arte Ederren espezialitatean. Ikasleentzako bisita birtuala egiten ari da.

Bere Master Amaierako Lanaren parte da proposamen bitxi hori, eta artearen zaletasuna lantzea du helburutzat. Baina, zoritxarrez, orduan indarrean zeuden konfinamendu neurriak zirela kausa, bere ikasleak ezin izan ziren joan artelanak zuzenean ikustera. Horrela sortu zen bisita horren ideia: irakaslea, ikasleek lagunduta bideodei bidez, museoan barrena dabil, eta ikasleek, bitartean, aurrez hautatu eta landu dituzten artelanei buruzko iruzkinak egiten dituzte etxetik, pinakotekako 16 artelanetan zehar egiten den bisita gidatu paregabean. Proiektuaren helburua ez da ikasleek datu hotzak ematea –egilea edo artelanaren deskribapen laburra, adibidez–, koadroak edo eskulturak eragindako emozioak adieraztea baizik. Hala, bada, ikasle batek maitasunaren adierazgarria ikusi du Chillidaren eskultura batean, non bi harri bata bestera hurbiltzen ari direla dirudien.

“Bigarren Hezkuntzako curriculuma eta Heziberri 2020 plana nire lanerako aztertu nituenean, ohartu nintzen ez zutela deus ere aipatzen artearekiko zaletasunari buruz, ezein diziplinarekiko zaletasunari buruz”, adierazi du Oruetak. “Nire helburua sentimendu hori piztea eta indartzea zen, irakasten zuten horri maitasun berezia ziotenak baitira estimu handienez gogoratzen ditudan irakasleak, harreman hori helarazten zuten eta”. Hala, galdera hau egin zion bere buruari: nola helarazi artearekiko zaletasun hori ikasleei? Artea bera sortuz, ikusiz eta kritikatuz. Esperimentua arrakastatsua izan da, “gazteek asko dakite arteaz eta ekarpen oso interesgarriak egiten dituzte”, esan du harrotasunez.