euskaraespañol

UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du

  • Kronika

First publication date: 17/06/2022

Image

Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Errektoreordetzak zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du. Eusko Jaurlaritzak emandako ziurtagiri ofiziala da, euskararen normalizazio maila egiaztatzen duena, zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa.

Duela aste batzuk, ebaluatzaile talde bat Arabako Campuseko Errektoreordetzaren egoitzara joan zen dokumentazioa aztertzeko eta aipatutako aitorpena lortzeko beharrezko ebidentziak lortzeko. Txostenean azpimarratu dute erakunde horretan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko eta kudeatzeko egiten ari diren lana, eta dagoeneko emaitza nabarmenak lortu dituztela.

“Aitorpen honek erakusten du gure erakundean euskararen presentzia eta erabilera oso egokia dela, nahiz eta oraindik badugun hobetzeko aukerarik. Beraz, zuon eguneroko lanean euskara kontuan hartu eta jardunbide egokien bidetik jarraitzera animatzen zaituztegu”, adierazi die Manoli Igartuak, Arabako Campuseko errektoreordeak, Errektoreordetzako langileei, haien inplikazioa eskertuz.

Arabako Campusekoa da aitorpen hori lortu duen UPV/EHUko lehen errektoreordetza, eta, Campusean ziurtagiria lortzen duen bigarren zentroa, Farmazia Fakultateak 2019an lortu baitzuen; guztia, UPV/EHUk euskara sustatzearen alde duen estrategiarekin bat etorriz.