euskaraespañol

Eguneko irudia

Neskek gizenago ikusten dute beren burua mutilek baino

UPV/EHUn egindako ikerketa baten arabera, alderdi erabakigarriak dira sexua eta adina gure pisuaz dugun pertzepzioaren distortsioan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/11

Neska argala ispiluan begiratzean bere burua gizen ikusten du

Ispiluaren aurrean, desberdin ikusten dute bere burua nerabe batek eta gazte batek, neska batek eta mutiko batek. Den baino gizenagoa sentitzen da jende asko, emakumezkoak batez ere. Lorea Kortabarria psikologoak elikadura-asaldurei buruz egin duen ikerlanak erakusten duenez, beren pisuaren pertzepzio errealagoa dute mutilek neskek baino. Hobeto elikatzen dira neskak, baina pertzepzio okerragoa dute beren pisuaz, gizenago ikusten dute beren burua. Dena dela, joera hau atzeman du Kortabarriak: geroz eta alde txikiagoa izango da aurrerantzean mutilen eta nesken artean, geroz eta mutil gehiagok jasango baitituzte elikadura-asaldurak, norberaren irudiaren inguruan hedabideek egiten duten presioa dela eta.

Zehaztu gabekoen atzetik, anorexia eta bulimia dira elikadurarekin lotutako asaldura ezagunenak eta ohikoenak. Horiek ikertzen jardun da Kortabarria, hain juxtu ere, Variables asociadas a los trastornos de conducta alimentaria tesirako, eta hau azpimarratzen du ondorio nagusi gisara: "Neskek, oro har, mutilek baino gutxiago pisatzen dute, baina diren baino gizenago ikusten dutenez beren burua, gutxiago pisatu nahi lukete; elikadura-ohiturak, berriz, mutilek baino osasuntsuagoak dituzte". Bestalde, dieta gehiago egiten dute neskek, eta ez dira mutilak bezain gustura sentitzen beren gorputzarekiko, ikertzaileak adierazi duenez.

Mutilek, berriz, "diren baino garaiago izan nahi lukete, eta gorputz-masaren indize (GMI) handiagoa eduki. Autoestimua, bestalde, neskek baino handiagoa daukate", gaineratu du Kortabarriak. Zoriontasun-mailari dagokionez, berriz, ez dago alderik sexuen artean, ikerketa horren arabera. Depresioa, bestalde, da aldagai prediktibo gisara erabili ikerketa horretan.

Mutilen eta nesken arteko aldea, gutxitzen

Adinak aurrera egin ahala, bestalde, "behera egiten du nesken osasuntsu elikatzeko ohiturak, baina, gainerakoan, ez dago alde handirik mutilen eta nesken artean", dio Kortabarriak. Bestalde, "geroz eta desberdintasun gutxiago izango da nesken eta mutilen artean elikadurarekin lotutako gaitzak direla eta, mutilei ere geroz eta gorputz-irudi 'perfektuagoa' eskatzen baitzaie", ikertzailearen arabera. Kortabarriaren iritziz, homogeneizatuz joango dira nesken eta mutilen joerak, eta egun gehienbat nesken artean atzematen diren zenbait arazo mutilen artean ere hedatu egingo dira: antsietatea, depresioa… "Mutil asko ikusi dut negarrez, gehiegi pisatzen omen dutela eta", adierazi du Kortabarriak.

Elikadura-asaldurei aurre egiteko konponbideei dagokienez, berriz, hauek iradokitzen ditu ikerketak: prebentzio-programak, eta/edo esku-hartzekoak, hezkuntzan, familian eta, oro har, gizartean. Horretarako, kontuan hartu behar dira nerabeek eta gazteek elikadura-asalduraren bat garatzeko dituzten arrisku-faktoreen aldagai prediktiboak: argal egoteko obsesioa, bulimia eta norberaren gorputzarekin gustura ez sentitzea.

Elikadura-asalduraren bat izateko arriskurik handiena, azterlan horren arabera, hauek dute: beren pisuarekiko pertzepzio okerra dutenek, hau da, pisu egokia eduki arren gehiegizkoa dutelakoan daudenek; elikadura-ohitura txarrenak dituztenek, dieta ez-osasuntsu gehien egiten dutenek, autoestimu- eta zoriontasun-mailarik txikiena daukatenek eta puntuaziorik handiena ematen dutenek aldagai klinikoetan (depresioa, antsietatea, hira).

Informazio gehigarria

Psikologian eta Psikopedagogian lizentziatua da Lorea Kortabarria (Arrasate, 1984). EAEko 14 eta 25 urte bitarteko 1.075 nerabe eta gaztetxoren artean (536 mutil eta 539 neska) egin zen ikerlana, 2011n eta 2012an. Ikastetxe ugarirekin jarri ziren harremanetan, eta 'proiektua' eskaini zieten. Onartu zuten ikastetxeetara jo, eta galde-sortak eman zizkieten laginean parte hartu behar zuten ikasleei. Horrez gain, banan-banan pisatu eta neurtu zituzten ikasleak. Carmen Maganto (irakaslea eta Psikologian doktorea) eta Maite Garaigordobil (irakaslea eta katedraduna) izan ditu tesiaren zuzendari.