euskaraespañol

SEA-k eta UPV/EHU-k lankidetza hitzarmena sinatu dute, unibertsitatea enpresara hurbiltzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/23

Irudia

Nekane Balluerka Lasa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Pascal Gómez SEA Arabako Enpresariak elkarteko presidenteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren helburua da, berrikuntzaren eta ezagutza sortu eta eraldatzearen bidez, sareko lanaren eta proiektuen sustapenaren eta kudeaketaren bidez, bi erakundeen artean etorkizunean Araban ekonomia eta gizartea sustatzeko eta garatzeko jarduketak abian jartzea.

Azken hamarkadan, UPV/EHUko Arabako campuseko zentroek eta SEAk lankidetzan jardun dute, berrikuntzarekin eta ezagutza sortu eta eraldatzearekin lotura duten jarduerak abian jartzeko, betiere Arabako ekonomia eta gizartea sustatzeko eta garatzeko.

Orain sinatu den hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta, aho batez erabaki ahalko da luzatzea, beste lau urtez; horren bidez, urteko Jarduketa Plana prestatuko da, eta horrek hura garatzeko bi aldeen helburuak, jarduketak, erantzukizunak eta konpromiso ekonomikoak ezarriko ditu.

Jarduera horiek bat etorriko dira honako jardun ildo hauekin: unibertsitatea-enpresa prestakuntza duala sustatzea; ikerketa hurbiltzea eta emaitzak transferitzea Arabako ekonomia egiturari; ikasleak eta irakasleak enpresa hura osatzen duten pertsona guztientzako proiektu partekatu gisa uler dezaten sentsibilizatzea; UPV/EHU eta SEAren arteko lankidetza, ekoizpen egituraren beharretara egokitzen den talentua sortzeko eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko; UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek lankidetza eta aholkularitza ematea, berrikuntzaren eta ezagutza sortu eta eraldatzearen bidez, sareko lanaren eta proiektuen sustapenaren eta kudeaketaren bidez, Arabako ekonomia eta gizartea sustatu eta gara dadin bultzatzeko ekintzetan; Arabako campuseko irakasle eta ikertzaileek lankidetza eta aholkularitza ematea, Arabako enpresen eta UPV/EHUren Arabako campuseko ikasleen eta irakasleen artean berrikuntza eta ekintzailetza espiritua sustatzeko ekintzetan; ikasketa eta ikerketako lan akademikoak egitea, hezkuntzako lankidetza programen esparruan (borondatezko praktikak), Gradu Amaierako Lanen, Karrera Amaierako Proiektuen, Master Amaierako Lanen eta Doktorego Tesien esparruan, Arabako campusean.

Gainera, esparru hitzarmen honen barruan, honako hauek ere antola daitezke: topaketak, hitzaldiak eta prestakuntza eta zabalkunderako ikastaroak, enplegua eta hobetzeko eta ikasleen eta tituludunen enplegagarritasuna sustatzeko jarduerak egiten laguntzeko, enpresa ekimenak eta ekintzaile espiritua; ordezkaritza eta lan foroetan, biltzarretan, azoketan eta beste hainbatetan batera bertaratzea eta parte hartzea, autonomia, estatu edo nazioarte mailan izan; alde biek susta ditzaketen edo beren lankidetza izan dezaketen intereseko harreman eta sareak eta proiektuak identifikatzea; edo bi erakundeek, beren eskumeneko inguruetan, urtero onesten diren jarduera planak garatzeko behar den finantzaketa bilatzea eta kudeatzea.

Hitzarmena sinatu ondoren, Pascal Gómez SEAko presidenteak nabarmendu du zein garrantzitsua den akordio hau Arabako enpresentzat, kontuan hartuta orain “bereziki zaila dela prestakuntza egokia duten profesionalak aurkitzea. Hori horrela esan du prestakuntza egokia diseinatzen eta sustatzen inplikatuta dauden eragileek egiten duten ahalegin guztia “langabeziaren aurkako borrokaren eta aberastasunaren sorreraren onerako izango dela, Arabako gizartearen ongizate estatua bermatzeko”. Arabako enpresarien presidenteak bereziki nabarmendu du zer garrantzitsua den prestakuntza duala, “unibertsitatearen eta enpresaren batasunaren funtsezko ardatz gisa".

Bestalde, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak zorionak eman ditu hitzarmen honengatik. “Euskal Herriko Unibertsitateak helburu argia du gure gizarteko eragile publiko eta pribatu guztiekin lankidetza harremanak ezartzeko”, esan du. “Zehazki, SEA-Arabako Enpresarien elkartearekin lan harremanak ditugu duela hamarkada batetik; harreman horiek sendotu egingo dira, hitzarmen berri hau sinatuta. Ezagutzaren transferentziak jarraituko du etorkizunean harreman oinarrietako bat izaten, baina prestakuntza dualaren eta hezkuntza lankidetzako programen garapena ere sustatu nahi dugu: gradu amaierako lanak edo master amaierako lanak, doktorego tesiak… UPV/EHUk apustu egin du ikasleen prestakuntza gizarte eta enpresa espazioekin lotzeko, eta hitzarmen hau beste urrats bat gehiago da, apustu hori sendotzeko”.