euskaraespañol

Nahia Idoiaga Mondragon, Amaia Eiguren Munitis eta Maitane Belasko Txertudi

Sare sozialetako #MeTooIncest mugimenduak adingabeen intzestuaren isiltasuna hautsi du

Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/24

Irudia
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Adingabeen intzestua edo familia barruko haurren kontrako sexu abusua gizarte garaikidearen tabu handietako bat da oraindik ere. Abusuzko indarkeria hori sekretismoz inguratuta dago; sekretismoak horretarako bide ematen du.

Alegia, biktimen isiltasuna abusuaren funtsezko elementu bat da. Batez ere intzestuzko sexu abusuen kasuan, familiak gure gizartean erakunde gisa duen garrantzia dela eta. Horregatik, haurtzaroan sexu abusuen biktima izan diren pertsona asko ez dira gai gertatutakoa kontatzeko urte asko igaro arte.

Nolanahi ere, biktimentzat, isiltasuna haustea eta sekretua kontatzea ezin garrantzitsuagoa da, bai haurtzaroan, bai helduaroan. Hain zuzen ere, biktimak heldu bilakatzen direnean, ezinbestekoa da bere esperientziaren berri ematea, bizitzari eta bere buruari zentzua emateko ahaleginean. Narratiba horiek eraikitzea eta azaltzeko gai izatea funtsezkoa da bai maila pertsonalean, bai sozialean.

#MeTooIncest mugimenduak intzestuzko sexu abusuari ahotsa eman zion

Sekretismoaren eta gizarte tabuaren egoera hori goitik behera aldatu zen Frantzian, 2021eko urtarrilaren erdialdean, #MeTooIncest mugimendua sortu zenean. Guztiaren sorburua Camille Kouchner idazlearen ‘La familia grande’ liburua da. Horretan, idazleak Olivier Duhamel aitaordea (izen handiko politologo eta akademikoa) salatzen du, haren semeordea (Camilleren anaia) bortxatu zuelako mutikoak 14 urte zituenean.

Duhamel kasuaren lurrikara sozialaren harira, Nous Toutes elkarte feministak #MeTooIncest kanpaina aktibatu zuen sare sozialetan, intzestuzko sexu abusuen kasuen edo isilarazitako haurren bortxaketen kasuen berri emateko.

Ordu gutxiren buruan, traola biral bilakatu zen, eta milaka biktima haurrak zirenean pairatu zituzten abusuen berri ematen hasi ziren.

Orduantxe, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko KideON taldeko parte hartzaileek azterlan bat abiarazi zuten, traol hori erabilita Twitterren egindako diskurtsoak analizatzeko. Helburua zen sare sozialetako eztabaidaren bidez adingabeen kontrako mota horretako sexu abusua (alegia, familia barrukoa) nola tratatu den ulertzea.

Guztira, frantsesez idatzita zeuden eta #MeTooIncest traol hitza zuten 20.556 txio hautatu ziren, eta API streaming-en bidez bildu ziren, 2021eko urtarrilaren 14tik otsailaren 15era. Edukia analisi lexikoaren bidez analizatu zen, Iramuteq softwarea erabiliz (Reinert metodoa).

Isiltasuna deuseztatzea lagungarria da biktimentzat

Emaitzen arabera, intzestuzko sexu abusuaren kasuan, biktimak isiltasuna haustera ausartzeak (modu anonimoan bada ere) balio bikoitz bat du, pertsonala eta soziala, isiltasuna indarkeria mota horren funtsezko elementu bat baita.

Banakako mailan, jasotako lekukotzak errebelazio fase baten hasiera izan daitezke biktima askorentzat. Jakina, ez dira gauza bera txio batean isiltasuna hustea (ahalduntzen badu ere) eta abusua edo bortxa intzestuarekin integratzen dituen narratiba bat edo bizi historia bat eraikitzea; azken hori prozesu luze bat da.

Baina, agian, mugimendu horrek pertsona askori lehen errebelazio hori egiteko aukera sentitzen lagunduko die. Edo horretarako ingurune seguru bat sortzen, behinik behin. Ikerketa horren txioek, bada, errebelaziorako behar den ingurunearen oinarrizko osagaietako batzuk jasotzen dituzte. Adibidez, islatzen dute lekukotzak sinetsi egiten direla eta laguntza eta babesa jasotzen dituztela.

Twitter, sexu abusua ikusarazten lagundu zuen tresna

Twitter ere jabetu da gizarte mailan intzestuzko sexu abusuari buruzko isiltasuna haustearen garrantzi handiaz. Indarkeria mota horren inguruko tabua dela eta, gure gizarteak haurren kontrako sexu indarkeria gutxiesten jarraitzen du, dela maitasunari dagokionez, dela indarkeria horrek haurrengan dituen ondorioei dagokienez.

Sistema sozial batean ez bada indarkeria hori aintzatesten, haurrak are zaurgarriagoak eta babesgabeagoak dira. Babesgabetasun horren aurrean, funtsezko beste faktore bat biktimen babesa bera izan zen; hau da, sinestea mugimendu horrek familia barruko sexu abusuaren mamu handiaren kontra borrokatzeko balio dezakeela.

Hori horrela, sortutako zalapartari erantzunez, Frantziako Senatuak, 2021eko urtarrilean, 13 urtetik beherakoak sexu abusuetatik babesteko lege proiektu bat onartu zuen aho batez. Horrek adin horretatik gorakoentzako baimen nozioa zehazten du.

Nolanahi ere, Twitterreko erabiltzaile askorentzat neurri hori ez zen nahikoa izan, eta eskatu zuten haur bati egindako intzestuzko edozein sexu egintza delitutzat jo zedila.

Sekretismoak sexu abusurako bide ematen du

Maila klinikoan, gertakari traumatikoez hitz egin beharra dago, horietatik oneratzeko. Baina baita maila sozialean ere. Alegia, ezinbestekoa da komunikazio sareak ezartzea gizartean tabu izan diren edo isilarazi diren gertakarien esanahia eta dimentsioa eraikitzeko.

Sare sozialak eztabaidarako sortu diren tresnak dira; beraz, horietan sortutako diskurtsoak lagun dezake adingabeen intzestuaren arazoaren funtsezko alderdiak ulertzen.

Hori horrela, ikerketa horren emaitzen arabera, mugimendu horrek funtsezko helburuak partekatzen ditu kanpaina arrakastatsuekin; tartean, #MeToo.

Esate baterako, biktimei babesa eta ahotsa ematen diete, aldaketarako ekintza bultzatzen dute, mugimendua bultzatu zuten gertakariei buruz hausnartzen dute eta altxamenduaren beraren irismenaren kronika bat egiten dute.

#MeTooIncest kanpainaren esentzia, arrakasta ukaezina da, eta argi eta garbi erakusten du teknologia digitalek zer inpaktu duten ekintza kolektiboaren eta mugimendu sozialaren eraldaketan, sare sozialetan hedatutako diskurtso ireki batekin.

Orain, arrakasta elkarrekin kudeatzea eta eskaerak agenda partekatu batera sartzea da erronka. Gainera, haurren kontrako sexu abusuen kontrako aldarrikapena nazioartekotu beharko da.

The Conversation