euskaraespañol

Eguneko irudia

Gasteizko ingeniaritza Eskola, izen berria

UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak onetsi du Arabako campuseko unibertsitate ikastegiaren izen berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/02

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak burutu zuen berrantolaketa prozesuaren ostean, Arabako hiriburuko ingeniaritza eskola zen izenean unibertsitate izaera zeraman bakarra. Honetara suertatu da, hain zuzen ere, ikastegi hau ez baitzen egon berrantolaketaren barruan eta izena aldatu gabe mantendu du orain arte. Izan beharreko txostenak izanik, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak, apirilaren 26an egindako saioan, onartu du aldaketa, Gasteizko Ingeniaritza Eskola jarrita.

Xabi Sancho ingeniaritza eskolako zuzendariak dio aldaketa hau “beste urrats bat da, datozen urteetan gure jarduera akademikoa betetzeko eta hobetzeko bidean; betiere, UPV/EHUren beraren plan estrategikoarekin eta bere estatutuekin bat etorrita. Hortaz, bai ikastegiak zein sailak nahikoa masa kritikoa izan behar dute, irakasle iraunkor doktoreei, ikertzaileei (% 72) eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalari dagokienean, bai eta, industriarekiko lotura zuzena mantenduta, irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta gizarteari jakintza transferitzeko eginkizunean aurrera eraman ahal izateko behar diren baliabide eta azpiegiturei dagokienean ere”.

Peritu industrialen eskola Lanaren ministerioaren 1959ko uztailaren 16ko dekretu baten harira sortu zen Gasteizen, gradu ertaineko eskola bat finkatzearren. Garai hartako anekdotek diotenez, hasiera batean, Nekazaritza ingeniarien goi eskola bat kokatu nahi omen zen Arabako hiriburuan, lurraldearen nekazaritza izaerarengatik, antza. Hala ere, zio ezberdinak medio, ikastegi hori Valentzian kokatu zen eta Gasteizek gradu ertaineko eskola batekin konformatu behar izan zuen.

Perituen eskola zaharra ikasketa ertainen institutuan kokatu zen egungo eraikina 1961. Urtean eraikin zen artean. Valladolideko unibertsitateari lotuta egon zen 1979ra arte. Geroago, Bilbokoari lotu zitzaion, hura 1980an Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitate bihurtu zelarik.

Peritu mekanikoaren titulu hartatik egungo graduetara iritsi arte, hamaika titulazio gehitu eta moldatu dira eskolan, lurraldearen unean uneko behar eta premietara moldatu eta egokitutako profesionalak hezi eta prestatzea beti helburu. “Gasteizko Ingeniaritza Eskolak gertutasuna du ezaugarri nagusienetako bat (ikasleekiko, enpresekiko, gizartearekiko eta erakundeekiko) eta kalitatea, zilarrezko A, Ekoscan ziurtagirien moduko aitorpenek aintzatetsita eta bertako ikasle titulatuen laneratze maila oso altuaren bermea duena” aipatzen du zuzendariak.

Izena aldatuta, koherentzia mantentzen da Boloniako prozesuarekin eta goi graduen irakaskuntzarekin. Gaur egun, Ingeniaritza Mekanikoko Gradua, Ingeniaritzako Gradua, Industria Elektronika eta Automatikako Gradua, Industria Kimikaren Ingeniaritzako Gradua, Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Gradua eta Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua, azken berria eta berritzailea, hezkuntza dualean eskaintzen baita.  Hauez gain, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako unibertsitate masterra ere eskaintzen dugu eta graduondoko hainbat ikastaro ere bai, hauetako batzuk industria 4.0ri oso lotuta.