euskaraespañol

Irakasleen antsietate-mailaren eta ahots-arazoen arteko lotura estua

Aurrekari mediko pertsonalek eta antsietate-maila handiagoek azaldu dezakete ahots-arazo bat izateko probabilitatea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/11

Irudia
Pazienteen % 73,6k ahots-arazoa sortu zen unean antsietate-maila altua zuela adierazten duten emaitzak eman zituen

Irakasleen ahots-nahasmenduen jatorrian, bilakaeran eta birgaixotzeetan faktore emozionalek izan dezaketen eraginari buruz UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Doktoregoa programaren barruan egindako ikerlan batean, ahots-arazoa sortu zitzaien unean antsietate-maila altua zutela erakusten duten emaitzak eman ditu pazienteen % 73,6ak.

Irakasleek ahots-arazoak izan ditzakete eskola-ingurunean egiten duten fonazio-ahaleginaren ondorioz. Irakasleek ahotsa behar ez bezala erabiltzen dutenean, fonazio-teknika txar batekin, eta ahotsa gehiegi behartzen dutenean, asaldu disfuntzionalek denboran iraun dezakete eta kroniko bihurtu. “Gehiegizko ahalegin fonatorioaren mekanismoa nola ezartzen den jakiteko, ikusi beharra dago zer faktorek eragin dezaketen eta zer faktore diren lagungarriak ahotsa behartu behar izateko. Faktore horiek ez dira funtzionalak eta organikoak bakarrik, psikologikoak eta soziologikoak ere badira, eta faktoreek bere kasa edo elkarreraginean parte har dezakete”, dio Ana Apellaniz doktoreak.

Ahots-arazoak (ahots-kordetako noduluak) zituzten 76 irakaslerekin UPV/EHUn Apellaniz doktoreak egindako ikerlan batean, ikertu dute alderdi emozionalek zer eragin duten ahots-arazoen etiologian; halaber, aztertu dute alderdi emozionalak nola eragiten duen zuzenean pazienteak bere ahotsaz duen pertzepzioan, eta zer garrantzitsua den ahots-errehabilitazioa pazientearen gogo-aldartea hobetzeko, terapiak aurrera egin ahala segurtasun handiagoa hartuz baitoaz ahotsaren funtzionamenduan bai eguneroko bizitzarekin bai bizitza profesionalarekin lotuta.

Ahots-arazoaren sorreran eragina izan dezaketen faktore epidemiologiko posibleak baloratzeaz gainera, ikerketan pazienteen historia kliniko osatua egin da; azterketa fisikoa eta instrumentala egin zaie. Bestalde, pazienteek galdetegi orokor bati erantzun diote, eta bi test egin zaizkie: batetik, ahots-ezintasuneko test bat; bestetik, beste test batekin, jakin nahi zen ea ahots-arazoa sortu zenean pazienteak antsietatea edo arazo emozionalak izateak loturarik baduen ahots-arazoak izatearekin, eta aztertu nahi zen ea loturarik badagoen antsietaterako joeraren ezaugarri-motaren batekin.

Hala, egiaztatu ahal izan da ahots-arazo funtzional moderatua edo larria izateko probabilitatea azaltzeko estatistikoki esanguratsuak direla aurrekari mediko pertsonalak eta ahots-ezintasunaren testeko eremu emozionalean hautemandako antsietate-maila handiagoa. “Ahots-arazoa sortu zen unean estres- edo antsietate-egoera jakinak identifikatu zituen ikerketan parte hartu zuten irakasleen %  64,47k; bestalde, pazienteen % 73,6k ahots-arazoa sortu zen unean antsietate-maila altua zuela adierazten duten emaitzak eman zituen”, dio ikertzaileak.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, errehabilitazio foniatrikoak ahotsaren funtzionaltasuna hobetzen du; “izan ere, irakasleen % 84,20k maila moderatu, handi edo larrian ahots-ezintasun osoa zeukan errehabilitazioaren aurretik, eta ezintasuna % 24,99ra txikitu zen errehabilitazioaren ondoren”. Gainera, ahots-terapiaren ostean ez zen aurkitu ahots-ezintasun osoko kasurik. Egindako errehabilitazio-saioen guztizko kopurua ahots-ezintasun osoaren larritasun-mailarekin estatistikoki erlazionatzean, “ez da erlazio lineal argirik ikusi. Hori bat dator kontsultan ikusitako klinikarekin: ahots-ezintasunaren maila handiago edo txikiagoak ez du zehazten guztira zenbat saio egin behar diren, paziente bakoitzak desberdin erantzuten baitu eta paziente bakoitzaren baldintzak desberdinak baitira”. Datu gisa zera erantsi du: “Lagina aztertu ondoren, iradoki daiteke irakasle gazteagoek ahots-ezintasun fisiko eta funtzional altuagoak dituztela irakasle beteranoen azpitaldeak baino”.

Información complementaria

UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Doktoregoa programan Ana Apellaniz González doktore berriak duela gutxi defendatu duen doktore-tesiaren barnean dago ikerketa hau. Hau da tesiaren izenburua: "Análisis de correlación de la influencia del factor emocional en la etiología, eficacia y evolución del tratamiento rehabilitador mediante foniatría en la disfonía profesional del docente". Ana Sánchez del Rey doktore eta irakasleak zuzendu du ikerketa, Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia Sailean.

Ana Apellaniz doktoreak UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgiako lizentzia du, eta Bordeleko Hôpital Tripode-n trebatu zen foniatra gisa. Bestalde, Salamancako Unibertsitatean foniatriako medikuntza egin zuen, eta Bilbon eta Gasteizen jarduten du duela 3 hamarkada baino gehiago.