euskaraespañol

José Antonio Mayoral errektorea izango da unibertsitateen G-9ren presidentea, Nekane Balluerka errektorearen tokia hartuta

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/25

Jose Antonio Mayoral, Zaragozako errektorea eta G-9ren presidente berria
Jose Antonio Mayoral, Zaragozako errektorea eta G-9ren presidente berria

Zaragozako Unibertsitateko errektore José Antonio Mayoral izango da unibertsitateen G-9ren buru 2021eko ekainaren 30era arte. Hala erabaki zen G-9ren Errektoreen Batzar Nagusian –modu birtualean egin zen–. José Antonio Mayoralek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko jarduneko errektore Nekane Balluerkaren tokia hartuko du. Unibertsitateen G-9 taldearen estatutuetan jasota dagoenez, presidentetzan txandakatu egingo dira taldeko 9 errektoreak.

Seihileko honetako presidentea Oviedoko Unibertsitateko errektorea izan behar zen, baina erakundea hauteskunde prozesu batean dagoenez, kargua Zaragozako Unibertsitateko errektoreak hartzea erabaki zen –hari zegokion urte honetako bigarren seihilekoaren presidentetza–. Hori horrela, Oviedoko Unibertsitatea 2021eko uztailetik abendura izango da unibertsitateen G-9ren buru, eta, gero, 2022an, ohiko txandei jarraituko zaie.

Topaketan, gainera, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Errioxako Unibertsitateko errektore berriei ongietorria egin zitzaien, eta adostu zen presidentetza berak mantentzea sektore batzordeetan; hau da, errektore berriek beren gain hartuko dute aurrekoaren esku zegoen batzordeko presidentetza. Gainera, Espainiako unibertsitateei eragiten dieten gaurkotasuneko gaiak jorratu zituzten.

José Antonio Mayoral kimika organikoko katedraduna da Zaragozako Unibertsitatean.

Katalisiaren eta kimika jasangarriaren eremuan ikertzen du eta, gaur egun, hondakin eta lehengai berriztagarriak ekonomia zirkularraren esparruan erabiltzearen arloan dihardu lanean.

Unibertsitateen G-9 taldea

Unibertsitateen G9 taldea (G-9) 1997an eratutako elkarte bat da, eta dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren Espainiako unibertsitate publikoak dira bertako kide: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Errioxakoa, Oviedokoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako publikoa eta Zaragozakoa.

Elkartearen xedea da taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak bultzatzea, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste.