euskaraespañol

Eguneko irudia

Los 40 Radikales

Euskal Herriko underground musikak Trantsizioaren amaieratik gaur arte izan duen historiaren analisia

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/09

David Mota
David Mota. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

David Mota Zurdok (Barakaldo, 1985), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidearen arloko nazioarteko doktoreak, ‘Los 40 Radikales. La música contestataria vasca y otras escenas musicales: origen, estabilización y dificultades (1980-2015)’ lana atera berri du. Liburuan, euskal musika inkonformistak 1980tik gaur egunera arte izan duen bilakaera aztertzen du, batik bat punk, hardcore eta hip-hop generoak ardatz hartuta.

Kontakizunaren bataila bete-betean dabiltzan joera historiografikoei jarraituz, ‘Los 40 Radikales’ lanak aztergai du, alde batetik, euskal ezker nazionalistak 1980 eta 1990eko hamarkadetan gazteen artean bere ideologia transmititu eta zabaltzeko garatu zuen underground musika baliatzeko estrategia; eta, bestetik, musika inkonformista horrek orduz geroztik izan dituen aldaketak, sinergiak eta zailtasunak. Dudarik gabe, gure herriko musika politikoari buruzko interpretazio berritzaile bat da: kaleratu gabeko lanak eta eskuratzeko zailak diren aldizkari espezializatuetan argitaraturiko artikuluak biltzen ditu, eguneratuta eta handituta.

Liburua bi zati handitan banatuta dago: lehen zatian, euskal underground musikaren mugimenduaren jatorria eta bilakaera aztertzen dira; bigarren zatiak, berriz, genero horrek gaur egun duen egoerari erreparatzen dio lege arazoak kontuan hartuta, eta underground musikak Trantsizioan zuen egoera eta gaur egun duena konparatzen ditu, izan zituen oztopoak bereziki nabarmenduz. “Aztertu dut zer-nolako aldeak egon diren taldeen, haien arazoen, haien sozializatzeko lekuen eta haien irudiaren artean gure duela gutxiko historiaren hiru aldi handietan: Trantsizioan, demokrazia finkatu zenean eta gaur egun”, azaldu du egileak.

Gainera, mugimendu horren historia aztertzen du liburuaren zati handi batean, inspirazio filosofiko eta politikoa, hedatzeko zailtasunak, kritikak eta oztopoak aipatuz. Amaitzeko, protagonistetako batzuk izan dituzten arazo judizialak deskribatzen ditu. “M-15arekin eta Mozal Legearekin lotutako azken gertakariek gorakada ekarri dute musikaren politizaziora. Gizartea eskuin muturreko bilakatzen ari den eta adierazpen askatasuna mugatua dagoen honetan, sistemaren kontrako musika gora egiten ari da oro har”, dio David Motak bere liburuan.

 

Iritziak eta bizipenak

Lan berriaren aurkezpenetarako, Motak historialari eta kulturaren ordezkari garrantzitsu ugari izan ditu laguntzaile, zeintzuek, gainera, lehen pertsonan bizi izan baitituzte liburuan kontatzen diren gertakarietako asko.

Santiago Burutxaga kultura sustatzaile eta Cultura Abiertako presidentearen iritziz, ez da ohikoa historialari batek musika jomugan jartzea garai bat ikertzeko, eta ez da ohikoa, halaber, sasoi haren hasieran lurpean zeuden eta establishment kulturalarentzat madarikatuta zeuden taldeak kontuan hartzea. “Egileak euskal underground eszena deitzen dion horretako gaiak eta taldeak aztertu baino askoz gehiago egiten du, eta horrexegatik da liburu interesgarria eta berezia: punka, heavy metala eta 80ko urteetan Euskal Rock Erradikalaren etiketapean bildu ziren beste joera musikal batzuk jorratzen ditu. David Motak ikertzen du nolako loturak sortu ziren talde politiko erradikalen eta euren frustrazioak eta jenio txarra abestietan jariatzen zuten garaje, tabernazulo eta auzoetako gazteen artean. Gazte haiek, agian jakin ere egin gabe, garai hartako euskal musikari bide berriak zabaltzen ari ziren. Azken batean, liburua rockzaleentzat da, baina baita bereziki rockzaleak ez diren eta urte ‘alai eta borrokalari’ bezain bortitz eta ilun haiek nostalgiarik gabe ezagutu edo gogoratu nahi dituzten haientzat ere –nire kasuan bezala–”.

Mikel Toralek, Eusko Jaurlaritzako Kulturako zuzendari ohiak eta Euskal Kultura Kontseiluko kideak, liburuko hitzaurrea egin du. Haren ustez, liburua aukera ona da musika inkoformistaren eta botere finkatuen eta haiek ordezkatu nahi dituzten kontrabotereen arteko harreman zail hori modu fidagarri eta atseginean errepasatzeko. “Norberak bere buruari atsegin eman eta losintxa egiten dion mundu honetan, David Motak ezusteko ederra eman du gure historia musikalaren oraintsuko garaiari aurre egitean, objektibotasunean oinarrituta eta itzulingururik gabe kritika eginez hala IAri nola PPri. Nire iritziz, liburura hurbiltzen diren irakurle gehienen susmoak eta bizipenak berretsita geldituko dira botereak musika inkonformistarekin gaiztakeriaz jokatu izan duela ikustean. Horrela gertatu da % 90ean, eta are gehiago azken urteotan. Horrez gain, ordea, liburu hau baliagarria izango da gazteenek espiritu kritikoa garatu eta gogoeta egin dezaten, lan osoan behin eta berriz nabarmentzen den moduan”.

Bilbon egin zen aurkezpenean parte hartu zuen Joseba Martínek ere, Kazetaritzako doktoreak, UPV/EHUko irakasleak eta Euskadi Irratiko ‘La Jungla Sonora’ saioko zuzendariak. Haren hitzetan, deigarria da zenbat iturri eta zein kalitatetakoak kontsultatu dituen liburu osoa testuinguruan jartzeko, batik bat ikuspegi soziopolitikoa hartuz. “80ko urteetan eta 90eko urteen hasieran, ezker abertzaleak fagozitatuta zeukan euskal eszena inkoformistena, hori egia da, baina egia da, halaber, gaur egun Euskal Herrian egiten den musika askoz ere moldakorragoa dela –salbuespen gutxi batzuk kenduta–, mainstreamagoa, eta arrakastatsu bilakatu nahi duela kontzertu ugari eman ahal izateko”, azaldu du. Joseba Martínentzat, liburuak egoki errepasatzen du 80ko hamarkadako egoera historikoa, eta, horrez gain, oso ondo jartzen du agerian azken urte hauetan adierazpen askatasuna susmopean dagoela. “Euskal Herriaren kasuan, nolabaiteko jazarpena ekarri du horrek (salaketa batzuk jarri dira, kontzertuak bertan behera utzi dira…), baina oraindik urrun gaude eskuinaren gaur egungo basakeriatik eta haren haitzulo mediatikotik; izan ere, gai da giroa berotzeko eta, lege murriztaileak ezarriz, rock abeslari, rap abeslari edo talde bati kartzela zigorrak jartzeko hitz hauengatik edo besteengatik”, esan du.

UPV/EHUko Historia Garaikideko katedradun Antonio Riveraren iritziz, liburuak informazio ugari ematen du euskal punk-rockaren askotariko aldaerek, bereziki 80ko eta 90eko hamarkadetakoek, ezker abertzaleko kultur politikekin izan zuten harremanari buruz. “Datu asko ematen ditu, eta modu argian aztertzen du bi esparru horien artean sortu zen eragin eta instrumentalizazio bikoitza, eta nola aldatu ziren bata zein bestea harreman horren eraginez. Ezker abertzaleko sektore bat modernizatu egin zen berez urrunekoak zitzaizkion mezu eta formak bere eginez, eta Euskal Rock Erradikala izenekoa diskurtso nazionalistaz kutsatu zen. Hala ere, haren letretan, oraindik 80ko urteetan gure herrialdean zegoen sistema demokratikoaren aurkako mezuak gailentzen ziren, askotan indarkeria politiko eta terrorismoa justifikatuz eta garai hartako euskal gizarte sumindu eta kritiko horretan gertatzen ziren injustizia egoerak salatuz”, nabarmendu du.

Alde horretatik, obran adierazten den moduan, Euskal Rock Erradikala Movida madrileña (edo viguesa) baino politikoagoa eta aldarrikatzaileagoa izan zen, haiek bestelako bi gizarteri erantzuten baitzieten. “80ko urteetako euskal gizartean –azaldu du Riverak–, herritarrek ez zituzten kaleak utzi instituzioek eguneroko politika gidatu zezaten. Kalean, hainbat generotako aldarrikapenak entzuten ziren artean ere: soziolaboralak (industriaren birmoldaketaren urteak ziren), errepresioaren aurkakoak, sistemaren aurkakoak, nazionalistak, hainbat espazio bertan finkatzen ari ziren instituzio berrietatik ‘askatzeko’ borrokak… Trantsizioak Espainian izan zuen eragin bera izan zuen Euskal Herrian ere, baina erakundeen kontsolidazioa denbora luzeagoan jarri zen zalantzan. Herrialdeko gainerako lekuetan ez zen prozesu hori gertatu; horren ordez, frankismo berantiarrean eta Trantsizioan zehar pertsonen bizitzak horrenbeste politizatu ondoren pribatuaren lurraldera itzultzearen ‘deseingainua’ gertatu zen. Letrak ez ziren hain politikoak, zehazki; kezka handiagoa adierazten zuten bizitza pribatuagatik. Sakrifikatuak baino gehiago, ludikoak ziren, desilusionatuak, edo, autorearen hitzetan, ‘metafisikoak’. Izen hori ematen dio, hain zuzen ere, garai hartan bi lurralde horien artean zegoen funtsezko aldeari”.

UPV/EHUko irakasle eta Historiako beste doktore gazte batek ere, Aritza Sáenz del Castillok, liburuaren aurkezpenetan parte hartu du. Haren hitzetan, obra honetan argitzen da 70eko hamarkada amaieratik gaur arte euskal musika inkonformisten eta beste musika eszena underground batzuen espazio polemikoa. “Gai hau jorratu duten beste argitalpen batzuk kronikoagotzat edo anekdotarioagotzat kataloga genitzake, eta garai baten kutsu autografikoa izan dezakete; lan honetan, ordea, egilea garai eta gai hau zorroztasun zientifikoa nahikoarekin aztertu duen Gizarte Zientzien korronteari (New Popular Music Studies) batu zaio”.

Historialari horren iritziz, egileak irakurlearen interesa piztea lortzen du, zehatz-mehatz aztertzen baititu azken ia 40 urteetan askotariko underground musika mugimenduen eta botere hegemoniko eta ez hain hegemonikoen artean egon izan diren harremanak. “Egilearen hausnarketa asko bat datoz 70eko urteen amaieran eta 80ko urteen hasieran loratu zen jatorrizko eszena punk hartako protagonistek aldarrikatu eta Euskal Herria hankaz gora jarri zuen horrekin. Beste batzuek, gazteak garenez, eta zoritxarrez La Polla Records-ek kantatzen zuen hura geure eginez ‑“no soy joven, yo soy muy viejo, ríete de mí que soy tu espejo” (ez naiz gaztea, ni oso zaharra naiz, egin barre niri, zure ispilua naiz eta)‑, ezin izan genituen lehen akorde haiek ikusi, baina Euskal Rock Erradikala izeneko horren oihartzunaren edo, hobeto esanda, beheraldiaren lekuko izan ginen; izan ere, onerako edo txarrerako, arrastoa utzi zuen hainbat hamarkada geroago euskal musikaren kulturan”, nabarmendu du.

 

Beste latitude batzuetan

Logroñon eta Lleidan ere aurkeztu da ‘Los 40 Radikales’. Aurkezpen horietan parte hartu du, besteak beste, Sergio Cañasek, Errioxako Unibertsitateko Historia Garaikideko doktore eta ikertzaileak. Historialariaren ustez, liburu hau beharrezkoa da Euskal Herriaren duela gutxiko historiaren zati garrantzitsu bat ulertzeko. Gaitasun handiarekin idatzita dago, eta, horri esker, gizarte zientzien ikuspegitik azter daiteke herri kulturaren zati basatiena, apurtzaileena eta nazioartekoena, eta, era berean, ez du 80ko urteetan sortutako rock erradikal horretan hiri tribu baten adierazpen marjinal bat baino ikusten ez duen baten inozentzia hori. Haren hitzetan, “liburuaren ekarpen handiena da azaltzen duela ezker abertzaleak nola erabili zuen kontrakultura bat manipulazio mekanismo gisa, eta zein harreman izan zituen Movida Madrileña edo euskal folklore tradizionala sustatu nahi zuten gainerako espektro politikoengandik jasandako zentsura eta marjinazioaren tresnekin”.

Sergio Cañas, gainera, hainbat musika taldetako kide izan da; baina ikuspegi anarkopunka izan dute, eta ez nazionalista. “Unibertsitatean hasi nintzenean, bete-betean sartu nintzen giro intelektualean, eta historiarako iturri gisa erabiltzen hasi nintzen. Aurretik irakurritakoa berrirakurtzen hasi nintzen, eta askotariko egile eta estilo berriak deskubritzen; era berean, musika talde berrietan parte hartzen hasi nintzen. Baina ordurako berandu zen aldatzeko, eta aurrera besterik ezin nuen egin. Agian horregatik, liburuko kapitulu bakoitza irakurriz joan naizen heinean, nire kaseteak, binilozko diskoak eta CDak bilatu ditut, berriro entzuteko”, kontatu du.

Lleidako aurkezpenean, Pompeu Fabra Unibertsitateko Gizarte Antropologiako katedradun Carles Feixak parte hartu zuten. Musika mugimendu honen gertukoa da, eta nabarmendu du obra hau sailkatu duten eremu politikotik askoz harago doala. “Euskal rock-punk/hardcore musikarekin izan dudan harremana Mexiko hirian hasi zen, 1991n. El Chopo merkatuan ibilia nintzenez (tianguis bat, zeinetan 80ko urteetatik larunbatero planetako metropoli handienetako hiri tribu guztiak biltzen baitira), Mierdas Punks taldea ezagutzen nuen. Talde horretan buruz zekizkiten Kortaturen eta Eskorbutoren letrak (baita LPRrenak ere, noski), eta haien diskoak kasete autograbatuetan saltzen ziren merkatuko hainbat postutan. Horietatik guztietatik, euskaldun erbesteratu baten postua gailentzen zen, zeinetan, kamisetak, gadgetak eta literatura kontrakulturala ere eros zitezkeen. Nezahualcóyotl hiriko nire lagun punk-ek kontatzen zidaten nola etorri izan ziren talde haiek DFra. Kataluniara itzuli nintzenean, lurpeko historia haren gaineko interesa piztu zitzaidan. Gero, doktore tesia egin nuen Huan Porrah-ekin, gai hartan musika horretan murgiltzen aitzindaria zen andaluz batekin, baina David Motaren liburua irakurri arte ez nuen ulertu Pirinioen hegoaldean azken mende erdian sortu den musika-kultur mugimendu interesgarrienetako baten sakonean dagoena, azalean dagoena eta ikusten dena”.