euskaraespañol

'Journal of Archaeological Science' aldizkarian argitaratutako artikulua

Etxeko animalien garaiera areagotu egin da denboran zehar

Idoia Grau zooarkeologoak penintsulako aztarnategietako etxeko animalien gorpuzkiak aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/18

Irudia

Duela gutxi argitaratu dute 'Journal of Archaeological Science' aldizkarian Idoia Grau Sologestoa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak zooarkeologiari buruz eginiko artikulua: ‘Livestock management in Spain from Roman to post-medieval times: a biometrical analysis of cattle, sheep/goat and pig' (‘Espainiako abereak erromatarren garaitik Erdi Aro ondorengo garaira: behien, ardien/ahuntzen eta txerrien analisi biometrikoa'). Azterlanean, etxeko animalien garaieran denboran zehar izandako aldaketak azaltzen dira; aldaketok zerikusia dute paisaiaren eta ekoizpen sistemen aldaketekin.

Zooarkeologia diziplinak aztergai du gizakiek eta animaliek historian izandako harremana. Horretarako, zooarkeologoek aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako animalien gorpuzkiak aztertzen dituzte. Diziplina horrek, besteak beste, aziendarekin, elikadurarekin eta errituetan animaliak erabiltzearekin  lotutako gaiak ikertzen ditu.

"Livestock management in Spain from Roman to post-medieval times: a biometrical analysis of cattle, sheep/goat and pig" artikulua Idoia Grau Sologestoaren doktorego ikerkuntzako lanaren emaitza da. 2014an amaitu zuen, UPV/EHUn, eta oraintsu argitaratu dute arkeologian espezializaturiko Journal of Archaeological Science aldizkari ospetsuan.

Etxeko animalien (behiak, ardiak eta txerriak) gorpuzkietatik hartutako datu metrikoen analisia da, hain zuzen; Iberiar penintsula osoko aztarnategi arkeologikoetatik berreskuratu dira gorpuzki horiek. Erromatarren garaitik gaur egunera arteko (K.a. I. mendetik XXI. mendera arte) 41 aztarnategi arkeologikotako neurriak aztertu dira (2.500etik gora). Aztarnategi horietako asko Euskal Herrian daude, baina baita Aragoin, Gaztela eta Leonen, Katalunian, Madrilen, Murtzian, Nafarroan, Valentzian eta Portugal hegoaldean ere.

Azterlanean, etxeko animalien garaieran denboran zehar izandako aldaketak azaltzen dira; aldaketok zerikusia dute paisaiaren eta ekoizpen sistemen aldaketekin. "Animalien garaiera areagotzeak, oro har, zerikusia du ingurumena hobetzearekin (adibidez, elikatzeko era berriak) edo genetika hobetzearekin (esaterako, animalia handiagoak inportatzea). Etxeko animaliak handiagoak izateak, gainera, zenbait abantaila ekonomiko ekarri zituen; besteak beste, haragi ekoizpena eta trakzioaren indarra handitzea. Horrez gain, hobetutako etxeko animaliak bizkorrago hazi ohi dira, eta horrek ekoizpena handitzen du" azaldu du Idoia Grauk.

Erromatar Inperioaren garaiko aldaketak

Erromatarren garaian, behi azienda hobetzeko interes berezia egon zen. Litekeena da horrek zerikusia izatea basoak soiltzearekin eta nekazaritza areagotzearekin, Erromatar Inperioak berekin ekarri baitzuen prozesu hori. Inperioa amaitu eta lehenengo mendeetan, etxeko animalien tamainan ez zen funtsezko aldaketarik gertatu. "Baliteke erromatarren garaiko ezagutza zooteknikoa bat-batean galdu ez izana eta, hala, hobetutako azienda erromatarrari zenbait belaunalditan eutsi izana" adierazi du ikertzaileak.

Alabaina, VIII. eta IX. mendeen artean, etxeko animalien tamaina ikerlanean aztertutako aldi osotik txikiena izan zen. Beharbada, horrek zerikusia du Goi Erdi Aroan aske hazitako ganaduaren elikadura sistemak orokortzearekin; halaber, ikusi da joera hori zegoela Europako beste eskualde batzuetan ere. Halaxe berretsi dute isotopo egonkorren analisiek; Idoia Grauk parte hartzen duen ikerketa taldeak egin du lan hori, eta orain hilabete batzuk argitaratu zuten Quaternary International aldizkarian (http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S1040618214003516).

Erdi Aro Klasikotik aurrera, baina bereziki Behe Erdi Arotik aurrera, etxeko animalien tamaina arian-arian handituz joan zen, ardiena batez ere. Ziur asko, "handitze hori lotuta egongo da garai horretan ardi aziendak izan zuen garrantziarekin, animalia horien haragia, artilea zein esnea ekoizten baitzuten" esan du Grauk.

Hala ere, animaliarik garaienak aro modernoan izan ziren. Nolanahi ere den, horixe da, agian, aldirik ezezagunena ikuspuntu arkeologikotik; izan ere, apenas aztertu diren XVI. mendetik aurrera datatutako fauna aztarnen multzoak. Idoia Grau Sologestoa ikerketa proiektu bat garatzen ari da UPV/EHUn eta Sheffieldeko Unibertsitatean (Erresuma Batuan, Eusko Jaurlaritzak emandako doktorego ondoko beka bati esker, eta proiektuaren helburua da, hain zuzen ere, aztertzea zer-nolako aldaketak izan zituen ganaduak Erdi Arotik Aro Modernora bitarteko trantsizioan.

Erreferentzia bibliografikoa

Grau-Sologestoa, I. ‘Livestock management in Spain from Roman to post-medieval times: a biometrical analysis of cattle, sheep/goat and pig'. Journal of Archaeological Science. Volume 54, february 2015, pages 123–134.