euskaraespañol

Inizia Enpresa Mintegiaren lehenengo fruituak

UN-diet unitateak elikaduraren inguruko aholkuak emateko, kontsultak egiteko eta prestakuntza jasotzeko zerbitzuak eskaintzen dizkie partikular zein erakundeei

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/02

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko Inizia Enpresa Mintegian abiaturiko lehenengo egitasmoak hasiak dira fruituak ematen. Instalazio horietan bost proiektu daude martxan, deialdira aurkeztutakoen artean aukeraturikoak.

Arabako Campuseko Lascaray Ikergunean dago Inizia Enpresa Mintegia. Unibertsitate esparruak ikusi zuen beharrezkoa zela jakintzaren iturburutik gertuko egitura bat izatea, eta horri erantzuteko sortu zen mintegia, bai eta eremu akademikoan sortutako proiektuak enpresa munduaren errealitatera eramateko bidea jartzeko ere. Mintegiak 135 metro koadrotik gorako azalera eraikia du; hiru bulego itxi eta gune komun bat ditu (gune hori, baina, banaka ere erabil daiteke).

Oinarri teknologikoko enpresak mintegira batzeko prozesua arautzeko deialdia egin zen, eta bost proiektu hautatu ziren; horietatik hiru oraindik ere inkubazio aldian daude: I+Med, Baigene eta UN-diet. Horrela, unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza areagotzeko, berrikuntza sistema garatu nahi da, eta babesa eman nahi zaie osagai teknologiko handia duten enpresa egitasmoei. Horretarako, ezagutzaren sorgunetik eta UPV/EHUren know-how ikertzailetik gertu dagoen ingurune batean egoteko aukera ematen zaie.

Elikadura Osasuneko Unitatea

Proiektu horietako bat UN-diet Elikadura Osasuneko Unitatea da: elikaduraren inguruko aholkuak emateko, kontsultak egiteko eta giza elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren arloko prestakuntza jasotzeko zerbitzua eskaintzen du. UPV/EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldeko ikertzaileek sortu zuten egitasmoa, eta, gaur egun, UN-diet unitatearekin lan egiten dute, lan prozeduren inguruko aholkuak eta prestakuntza ematen eta ikuskapenak egiten. Elikadura Osasuneko Unitateak prestakuntza handiko taldea du, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak baimenduriko osasun zentroa da.

Leila Pérez egitasmoaren sustatzaileak dioenez: "Spin off baten moduan funtzionatzen hasi ginen Lascaray Ikergunean, duela urtebete baino gehiago, baina askoz urte gehiago daramatzagu hainbat arlotan lanean. Partikularrentzat lan egiten dugu nutrizionista zerbitzuaren bidez, eta lau laguntza modalitate eskaintzen ditugu: banakoa, taldekoa, on-line eta etxekoa. Bestalde, erakunde pribatu eta publikoentzat ere badihardugu lanean, aholkuak eta prestakuntza ematen".

Elikaduraren bidezko osasuna sustatu nahi da hainbat arlotan, betiere berrikuntzaren, zehaztasunaren eta emaitzen printzipioei kasu eginez. Horretarako, partikularrentzako kontsultan dietista-nutrizionista elkargokide bat dugu; nutrizio egoeraren eta elikadura ohituren inguruko azterlan osoa eta zehatza egingo du hark, nahi duen orori poliki-poliki osasun helburuak betetzen laguntzeko, plan errealista eta mailakako baten bidez eta plan hori haren premia eta lehentasunetara egokituz. Hau da helburua: elikadura ohitura osasungarriak modu eraginkorrean eta betiko ikastea.