euskaraespañol

Aro Modernoko euskal gizartea eta Eliza

UPV/EHUk gure historiaren zati korapilatsu bati eta apaizek aldi horretan izan zuten botere handiari buruz argi egiten duen liburu bat kaleratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/03

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak, Rosario Porres Marijuánek koordinaturik,'Entre el fervor y la violencia. Estudios sobre los vascos y la Iglesia (siglos XVI-XVII)' liburua argitaratu du oraintsu. Liburukia osatzen duten bederatzi azterlanak euskal gizartearen eta Elizaren ingurukoak dira; ekuazio korapilatsu horretan, gogora ekarri dira debozioaren eta indarkeriaren artean ibili zen aldi horretan izandako adostasunak eta gatazkak.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak diruz lagunduriko ‘Entre el fervor y la violencia: la sociedad vasca y la iglesia en la Edad Moderna' I+B proiektuaren harira kaleratu dute argitalpena. Hala UPV/EHUko nola Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek bat egin dute proiektuarekin. Zehazki, hauek dira lanen egileak: Milagros Álvarez Urcelay, Alberto Angulo Morales, Elena Catalán Martínez, Javier Ortiz Arza, Santiago Pérez Hernández, Iñaki Reguera Acedo, Susana Truchuelo García eta Rosario Porres Marijuán bera.

Azterlanetan, hainbat esparrutatik aztertu dute euskaldunek apaizekin eta apaizek euskaldunekin zuten harremana (orain arte, oso gutxi ikertu dira esparruok), eta, horrez gain, gizatalde horietako protagonistei behatzeko hainbat metodologia eta era proposatzen dituzte, egileek nork bere ibilbidean landu dituzten ikerlerroei jarraikiz.

Alabaina, liburuan atzean bada beste ideia bat, errealitate komun bat, ardatz nagusi izan nahi duena: Elizak eta apaizek euskal Aro Modernoan izan zuten botere izugarria. Izan ere, bizitza erlijiosoaren eragile nagusi izan ziren, baina baita gizartearen beraren eragile ere (eragin handieneko taldeetako bat izan zen).

Liburuaren orrialdeetan hainbat gai landu dituzte, askotarikoak eta orain arte landu gabeak: landako apaizak, jesuitenganako merkataritza jokabidea, Elizak sexu moralean zuen eragina, Elizak kontrabandoaren esparruan zeukan immunitatea nola erabiltzen zuen neurri gabe, moja erreboltariak, gune sakratuen boterearen sinbolo gisa, Inkisizioaren zerbitzura zeuden esplotatzaileak, elizgizonen euren eta haien kontrako indarkeria… Hori guztia biltzeko, egileek dokumentazio original ugari erabili dute, askotariko artxiboetakoa (baita Elizarenak ez diren artxiboetakoa ere).

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU