euskaraespañol

Edorta Santosek saria jaso du biomedikuntzaren inguruko tesiagatik

Mikrokapsulazio zelularraren alorreko biosegurtasun eta monitorizazio sistemak garatzen dihardu nagusiki

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/23

Irudia

CRS Controlled Release Society elkarteak Edorta Santosi eman dio 2013/2015 SPLC-CRS PhD Thesis Award saria, 2013 eta 2015 artean printzipio aktiboen askapen kontrolatuaren arloko Espainiako eta Portugalgo tesi onenaren egilea izateagatik. Azterlanean frogatu duenez, zelula kapsulatuen bideragarritasuna zehatz-mehatz monitoriza daiteke edozein organismotan, kalterik eragin gabe, eta, halaber, nahi den unean bertan inaktiba daiteke berariaz.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Edorta Santosi 2013/2015 SPLC-CRS PhD Thesis Award saria eman diote, biomedikuntzaren eta bioteknologiaren esparruan egin duen doktorego tesiagatik: "Optimization of cell microencapsulation in terms of biosafety, biomimesis and applicability in therapeutic targets of central nervous system" (Mikrokapsulazio zelularra optimizatzea biosegurtasunaren eta biomimetismoaren aldetik eta nerbio sistema nagusia xede duten terapiei begira). CRS elkartearen tokiko dibisioak bi urterik behin saritzen du printzipio aktibo terapeutikoen askapen kontrolatuari buruz Espainian eta Portugalen egin den doktorego tesirik onena.

Santosek, bere lanarekin, biosegurtasun eta monitorizazio sistemak txertatu nahi izan ditu mikrokapsulazio zelularraren arloan, eta nerbio sistema zentraleko eta begiko bideetara sartzeko moduko partikula txikiak lortu. Tesian frogatu duenez, zelula kapsulatuen bideragarritasuna zehatz-mehatz monitoriza daiteke edozein organismotan, kalterik eragin gabe, eta, halaber, nahi den unean bertan inaktiba daiteke berariaz. Hori izugarrizko urratsa da teknologia hori etorkizuneko saio klinikoetan aplikatu ahal izateko.

Controlled Release Society elkarteak Journal Controlled Release eta Biomaterials aldizkariak argitaratzen ditu besteak beste, eta mundu osoko topagunea da aktiboen askapen kontrolatuan diharduten adituentzat: zientzialari farmazeutikoentzat, ingeniarientzat, medikuentzat eta teknikari profesionalentzat. Sendagaien Askapen Kontrolaturako Espainia eta Portugalgo Elkartea CRSren tokiko dibisioa da; bizi kalitatea hobetzea du xede, eta, horretarako, zientzia, teknologia eta hezkuntza garatu nahi ditu sendagaien eta molekula biologikoen askapen kontrolatuaren esparruan.

Ikertzaileari buruz

Edorta Santos UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailaren Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Arloko NanoBioCel ikertaldeko kidea da 2006ko urritik, eta José Luis Pedraz, Rosa Mª Hernández eta Gorka Orive doktoreen zuzendaritzapean lan egiten du. Gainera, 2007ko abendutik, CIBER-BBN Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren arloko Sareko Ikerkuntza Biomedikorako Zentroko kidea ere bada.

Euskal Herriko Unibertsitatean Biokimikako lizentzia lortu ondoren, "Farmakologia. Medikamenduen Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala" unibertsitate masterra egin zuen. Doktorego tesiarekin, bikain cum laude nota eta nazioarteko aipamena jaso zituen. Nazioarteko argitalpen batzuk kaleratu ditu bere arloan lider diren aldizkarietan, eta hiru hilabete eman zituen Harvardeko Unibertsitatean. Gaur egun, eskolak ematen eta ikertzen lan egiten du.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.