euskaraespañol

UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren V. urteurrena

Bost urte zientzia gizarteratzen

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/23

Irudia
Unai Rementeria, Iñaki Goirizelaia eta Juan Ignacio Pérez Iglesias hitzarmenaren sinaduran

Guztientzako zientzia hitzaldiak, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako bideo lehiaketak, estatu osoko zientzia dibulgazioko ekitaldi nagusia, gaztelaniazko, euskarazko eta ingelesezko blogak, euskal zientzialariei egindako bideo-elkarrizketak, etab. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak sortu zenetik sustatu dituen egitasmo ugarietako batzuk dira horiek. Katedrak bost urte bete berri ditu, eta Euskadiko nahiz estatu osoko zientzia dibulgazioaren arloko erreferente handienetako bat bilakatu da.

UPV/EHUk, herritarren artean zientziaren kultura bultzatzeko asmoz, katedra hori jarri zuen martxan 2010aren amaieran, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzarekin. Ordea, 2011. urtean ekin zion jarduera publikoari, eta bost urte bete dira orain ordutik. Sortu zenetik, Juan Ignacio Pérez Iglesias Fisiologiako katedraduna izan da zuzendaria.

Orain arteko emaitza onak ikusirik, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeriak bi erakundeen arteko hitzarmenaren luzapena sinatu dute gaur Bizkaia Aretoan, katedraren jarduera 2016-2017 biurtekora zabaltze aldera.

Hitzarmenaren arabera (sinatzen den hirugarrena da hau), Kultura Zientifikoko Katedraren helburua izango da kultura zientifikoaren, zientziaren balioen eta zientziak eta teknologiak gizartean dituzten eraginen inguruko prestakuntza, ikerkuntza eta sentsibilizazio jarduerak antolatzea. Horrez gain, ikerketen emaitzak zabaltzeko helburua ere jasotzen da hitzarmenean.

UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak nabarmendu du unibertsitateak duen papera ikertu, sortu eta ezagutza hedatzeko orduan, eta gaineratu du dibulgazio zientifikoa "gizarte modernoetako funtsezko zeregina" dela. Goirizelaiak azaldu du Kultura Zientifikoko Katedra UPV/EHUko dibulgazio eragile garrantzitsuenetako bat dela, eta "ezagutza zabaltzeak pertsona jantzi eta askeak" ekartzen dituela gaineratu du. Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak, aldiz, "zientzia landu eta hedatzen laguntzea eginkizun garrantzitsua dela" adierazi du, izan ere, "zientziarik gabeko lurraldea, etorkizunik gabeko lurraldea litzateke".

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak, UPV/EHU eta Bizkaiko Foru Aldundia eskertu ditu bost urte hauetan emandako laguntzagatik. Pérez Iglesiasek azaldu duenez, "ibilbide honetan katedrak emaitza interesgarriak eman ditu".  "Katedrarekin hasi ginenean, argi geneukan jarduera tradizionalak egin behar zirela zientzia gizarteratzeko, hitzaldiak batez ere, baina ez zela bide bakarra eta komunikazio teknologiak ere baliatu behar genituela", gogoratu du.

Ekitaldi ugari

Katedrak ekitaldi asko antolatzen ditu urte osoan, gero eta entzutetsuagoak gainera. Besteak beste, Zientziateka antolatzen du hilean bitan Bilboko Azkuna Zentroan (bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz), alegia, gaur-gaurko gaiei buruzko zientzia hitzaldien egitaraua. Iaz, kasurako, 275 lagun izan ziren Zientziatekan (230 gaztelaniazko hitzaldietan eta 45 euskarazkoetan), eta hainbat gai jorratu zituzten hitzaldietan: estatistikaren eta futbolaren arteko lotura, neandertalen desagerpena, grabitazio uhinak, elikagaien eta minbiziaren arteko loturak, etab.

Katedrak, halaber, Naukas Bilbao sustatzen du, hots, Espainiako zientzia dibulgazioko ekitaldi nagusia; Bilbon bertan egiten da 2011z geroztik, iraileko asteburu batean. Herrialde osoko dozenaka zientzia dibulgatzaile eta blogari joaten dira ekitaldi horretara, umorez betetako zientzia hitzaldi laburrak (10 minutukoak) ematera. 2015eko edizioan, bete-beteta egon zen UPV/EHUko Bizkaia Aretoa: 800 pertsona inguru izan ziren, eta guztira, bost edizioetan, 6.000 pertsona inguru bertaratu dira.

Katedrak, era berean, Bilboko Darwinen Eguna antolatzen du Círculo de Escépticos elkartearekin batera; egun horretan, otsailaren 12an, hitzaldien saio bikoitza egiten da Bilboko Bidebarrieta liburutegian, Darwin zientzialaria jaio zeneko urtemuga oroitzeko. Urtero 300 pertsonatik gora biltzen ditu jardunaldiak, hainbat pertsona ospetsu tartean: Francisco J. Ayala, Pilar Carbonero, Juan Luis Arsuaga eta Manuel Toharia, besteak beste.

Katedrak antolatzen dituen ekitaldi guztiak doakoak dira.

Esparru digitaleko presentzia

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak lan handia egiten du esparru digitalean. Webgune bat du, Zientzia.info, eta lau blog: Cuaderno de Cultura Científica, gaztelaniaz; Zientzia Kaiera, euskaraz; Mapping Ignorance, ingelesez; eta Mujeres con Ciencia, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana sustatzea helburu duena. Blogetan, eduki propioa argitaratzen dute egunero eta etengabe, eta horrelako argitalpen lana egiten duen zientzia dibulgazioko aurreneko proiektua da.

Iaz, blogetan 1.780 artikulu argitaratu zituzten denera, eta 1.000.000 bisitatik gora jaso. Blogen eta Zientzia.info atariaren erabiltzaileek, 2015ean, katedrak argitaraturiko 2.000.000 milioi orrialde kontsumitu zituzten guztira.

Erakundeak presentzia handia du sare sozialetan ere. Horren erakusgarri dira Facebookeko bi kontuen artean dituen 25.000 jarraitzaileak eta Twitterreko 5 kontuak batuta dituen beste 31.000 jarraitzaileak. Gainera, Youtubeko kanalean 150 bideo inguru dituzte, eta gutxi gorabehera 400.000 ikustaldi izan dituzte orain arte.

Ikus-entzunezko edukia

Katedrak antolatzen dituen ekitaldietako batzuk (Zientziatekak eta Naukas Bilbao, adibidez) zuzenean ematen dira EITBren webgunean. Gainera, euskarazko bideo-elkarrizketak ere egiten ditu euskal zientzialariekin, Zientzialari izeneko atalean (Zientzia Kaieran jartzen dira hamabost egunean behin); oraingoz 50 ediziotik gora ditu emanak. Horrez gain, Dani y Fiti izeneko websaio bat ere egina du.

Hedabideei dagokienez, nabarmentzekoa da Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzaile Juan Ignacio Pérez Iglesiasek besteak beste Radio Euskadiko La mecánica del caracol programan eta ETB1eko Azpimarra saioan parte hartzen duela. Erakundeak, halaber, ETBko Escépticos saioan eta TVEko Órbita Laika programan parte hartu du. Azkenik, Catástrofe Ultravioleta podcastean ere jarduten du.

Lehiaketak

Gazteei zientziarako interesa pizte aldera, Ciencia Clip lehiaketa jarri du martxan; bertan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek eurek egindako 200 bideo inguru aurkeztu dituzte, zientzia kontzeptuak azaltzeko. Bestalde, UPV/EHUren Kristalizazio Lehiaketan eta LocosxCiencia sariketan ere esku hartzen du.

V. urteurrena

Katedrak, V. urteurrena ospatzeko, Zientziateka berezi bat egingo du gaur, ekainak 23, 19:00etan, Azkuna Zentroan. Izen handiko bi zientzialarik, Itziar Laka UPV/EHUko Hizkuntzalaritzako katedradunak eta Xurxo Mariño Coruñako Unibertsitateko Medikuntza Saileko irakasleak, dibulgaziozko hitzaldi bana emango dute, euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren.

Lakak Hitzaz izeneko hitzaldia emango du, euskaraz, eta aldi bereko itzulpen zerbitzua izango da. Mariñok, berriz, ¿Para qué nos sirve la mente? izeneko solasaldia aurkeztuko du. Sarrera doakoa da, eta Azkuna Zentroko informazio gunean jaso beharko da.