euskaraespañol

Formula Student Bizkaia taldea lehen aldiz lehiatuko da Alemaniako Hockenheim zirkuituan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/03

Irudia
Formula Student Bizkaia taldea

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia taldea zorioneko dago, izan ere, lehen aldiz, nazioarteko hiru lehiaketatan parte hartzeko aurre-aukeratua izan da.

Dagoeneko ohikoak bilakatu diren Ingalaterrako Silverstone eta Bartzelonako Montmeló zirkuituetan egindako Formula Student lehiaketei, aurten Hockenheimen (Alemania) korrituko dena gehituko zaie. Kategoriako proba gogorrenetakoa da, eta 22 herrialdetako 115 taldek hartuko dute parte bertan. Aurre-aukeraketa horrek berretsi egiten du FS Bizkaia taldeak nazioarteko Formula Student zirkuituan lortu duen finkapena. Etenik gabe hartu du parte zirkuituan 2008an Erresuma Batuan debutatu zuenetik.

Formula Student Bizkaia 2006an sortu zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolak lagunduta, eta bi urte ikasten gogor lan egin ondoren, lehenengo monoplaza prest geratu zen Silverstoneko pistan aritzeko, Formula Student UK proban, kategoriako Europako beteranoenean. Hogeigarren ediziora heldu den lehiaketak 24 herrialdetako 118 talde bilduko ditu uztailaren 20tik 23ra. Zirkuitu britainiarretik igaro ondoren, Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea lehen aldiz arituko da Hockenheimen, 22 herrialdetako 115 talderen kontra lehiatzeko, abuztuaren 8tik 13ra, Formula Student Germany proban. Ia etenik egin barik, taldea Bartzelonara joango da, abuztuaren 17tik 23ra zazpigarren aldiz aritzeko Formula Student Spain proban, oraingo honetan 10 herrialdetako 66 talderekin. Guztietan ere hainbat proba estatiko eta ikuskapen tekniko gainditu beharko dituzte. Proba horietan, ibilgailu bakoitza seriean fabrikatzearen bideragarritasuna ere aztertzen da.

Eskolako taldeak, urtez urte ikasleek diseinuan sartu dituzten aurrerapen guztiak jasotzen dituen ibilgailu elektrikoarekin hartuko du parte proba guztietan, karbono zuntzez egindako kasko bakarreko txasisa edo 0tik 100 km/ordura 4 segundo baino gutxiagotan azeleratzeko aukera ematen duen motor elektriko bikoitz sistema, besteak beste. Hilabete honetan, FSBizkaiak monoplaza berria muntatzeko fasea amaitu du, eta denbora gutxi barru hasiko dira balioztapen prozesuak. Prozesu horietan arituko dira lehiaketetan parte hartu aurreko hiru hilabeteetan.

Eskolako FSBizkaia 2017 taldea 40 ikaslek osatzen dute, horietako erdiak Industria Teknologiaren Gradukoak. Gainerakoak Ingeniaritza Mekaniko, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektriko, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza eta Telekomunikazio Ingeniaritza graduetan eta Industria Ingeniaritza, Teknologia, Kontroleko Ingeniaritza, Automatizazio, Robotika eta Ingeniaritza Mekaniko masterretan ari dira. Taldea, hainbat arlotan espezializatutako lan sailetan banatuko da, Eskolako lau irakaslek zuzendutakoak: Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Diez.

Guztira, FS Bizkaia taldea nazioarteko 15 lehiaketatan aritu da dagoeneko. Ibilbide horretan argi eta garbi ikusi da Formula Student funtsezko tresna dela ikasleak prestatzeko eta ondoren enpresetan lanean hasi ahal izateko. Izan ere, euren langile izango direnen curriculumetan, enpresek asko baloratzen dute lehiaketan parte hartu izana. Horrek azaltzen du, neurri handian, azken bost urteetan talde kopuruak hazkunde nabarmena ezagutzea eta gero eta zailagoa izatea lehiaketetan parte hartzea, plaza kopurua mugatua baita. Hala ere, FSBizkaia taldeak, Silverstonen eta Montmelón errepikatzeaz gain, aurten nazioarteko beste lehiaketa bat gehituko du, Alemaniakoa.