euskaraespañol

2016ko Euskadi Ikerkuntza saria eman dio Agustín Sánchez Lavega astrofisikariari lehendakariak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/14

Irudia
Lehendakariak eman zion saria Agustín Sánchez Lavegari

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Agustin Sanchez Lavega astrofisikari eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatuko katedradunari eman diote 2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria, gaur arratsaldez Lehendakaritzan burutu den ekitaldian. Euskadin espazioko zientzietan "aitzindari" den Sánchez Lavegaren lan gailena aintzatetsi du Lehendakariak, eta irakaskuntzarekin, ikerketarekin eta Unibertsitatearekin hark hartutako konpromisoa nabarmendu du. Saridunak bai bere proiektuetan bai haien dibulgazioan beti erakutsi izan duen "grina eta ilusioa" azpimarratu ditu Urkulluk.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du jarduera zientifikoa sustatzea helburu nagusi duen Euskadi Ikerkuntza Saria. Baina ekimen honek, honako beste helburu hau ere badu: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Urte bakoitietan, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak, azken honetan gertatu den bezalaxe.

Epaimahaiak aintzat hartu du Sanchez Lavega irakasleak ikerketan eta irakaskuntzan izandako ibilbidea, eta Zientzia Planetarioen alorrean nazioarteko erreferente bihurtu den ikerketa-taldea sortu eta zuzendu izana. Horrez gain, nabarmendu nahi du haren ikerketa-lana maila eta ikusgarritasun handiko argitalpen ugaritan islatu dela, eta nazio-mailako eta nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu duela, ikertzaile nagusi gisa. Sarituak oso ekarpen garrantzitsua egin dio atmosfera planetarioen azterketari, baita haiek ikertzeko metodologia berritzaileen garapenari ere.

Halaber, zientziaren dibulgazioan eta zientzialari gazteen prestakuntzan urte luzez egindako lan oparoa goraipatzen du epaimahaiak.