euskaraespañol

Eguneko irudia

AIC-EK eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzarako hitzarmen-marko bat sinatu dute

Bi erakundeen arteko erlazioak sendotzea eta zenbait jakintzagaietan ahaleginak bat egitea bilatzen da

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/17

Irudia

Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta AIC-Automotive Intelligence Center-en (AIC) patronatuaren lehendakariak, eta Iñaki Goirizelaiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoreak, lankidetzarako hitzarmen-marko bat sinatu dute AIC-ren eta UPV/EHUren izenean.

Hitzarmenaren helburuak bi erakundeen arteko erlazioak sendotzea, zenbait jakintzagaietan ahaleginak bat egitea eta gainera, hezkuntzan, ikerkuntzan, berrikuntzan eta ezagutza eskualdatzean lankidetzan jarduteko bideratutako arau orokorrak ezartzea da.

Automobilgintza sektorea, mundu mailan sektorerik garrantzitsuenetarikoa da, ekonomian duen pisuagatik eta bere izaera berritzaileagatik. Azken urteetan sektoreak bilakaera arina izan du, batez ere, globalizazioari, sartu diren teknologia berriei, negozio ereduetan izandako aldaketei eta agertu diren mugikortasun behar ezberdinei esker. Guzti honen ondorioz, lankidetza irekiaren eta egokitzapenaren antolamenduaren menpe lan egin behar duen sektorea dugu. Agente desberdinak elkarlanean aritzen dira bat-bateko erronkei soluzio azkar eta eraginkorrak emateko.

Gaurko akordioa gauzatu baino lehen, AIC-k eta Euskal Herriko Unibertsitatea ia urte betez aritu dira elkarlanean proiektu hau prestatzeko. AIC-k aurkeztu zuen euskal automobilgintza industriaren beharren zerrenda, eta UPV/EHUk antzeko arloetan lan egiten ari ziren ikerketa taldeak identifikatu zituen,. aliantzak sortzeko eta elkarrekin proiektuak garatzeko asmoz. Gaur bertan unibertsitateko ikerketa taldeen eta automobilgintza industriako ordezkarien arteko bilera sektorialetatik lehena egin da, hain zuzen ere, garraio adimendunaren atalean elkarlanean aritzeko.

Zentzu honetan, gaur sinatutako akordioak bi erakundeen arteko kolaborazioa faboratuko du eta honen bitartez, hezkuntza zein gaitasun zientifiko-teknologikoen ustiapena hobetzea bilatzen da. Gainera, akordio honen ondorioz aktibitate eta proiektuak elkarlanean bideratzea sustatuko da.

Hitzarmenaren jardun-eremu nagusiak hurrengoak dira:

  • Ikerketa, garapen eta berrikuntza programak elkarrekin egin eta sustatu.
  • AIC-ren parte hartzea UPV/EHUko graduondoko ikasketen irakaskuntzan.
  • Espazio komunak (gela birtualak edo fisikoak) ezarri, non jakintza, garapen ekonomikoa eta gizarte-ongizatea bideratuko diren.
  • Bi erakundeek elkarrekin programak burutzea kultura ekintzailea eta berritzailea sustatzeko.
  • UPV/EHUko ikasleek gradu amaierako lana, master amaierako lana eta enpresetan praktikak AIC-en egitea.
  • Doktorego tesiak AIC-en egiteko bultzada.

AIC-Automotive Intelligence Center, Bizkaiko Foru Aldundiak, Amorebieta-Etxano eta Ermuako Udalek, automobilgintza sektoreko puntako enpresa talde batek eta Euskadiko ACICAE-Automozio Clusterrak sustatutako fundazioa da. Automobilgintza Zentroaren egituran ezagutza, prestakuntza, teknologia eta industria-garapenerako jarduerak biltzen dira, automobilgintza sektorearen lehiakortasuna hobetzeko asmoz.