euskaraespañol

In memoriam: Diana Rivero

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/15

Diana Rivero
Diana Rivero

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatera ikasle moduan heldu zen. Eta berton geratu zen. 2007an Diana Rivero Kazetaritzan lizentziatu zen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean. 2013an, eta dagoeneko Kazetaritza II saileko kidea zela, doktore gradua lortu zuen Euskal Herriko hedabide nagusietako emakume kazetarien egoera profesionalaz egindako ikerketara batekin. Informatze lanaren baldintzak genero ikuspegitik aztertzeko kezka horrek bultzatuta, eta hori hobeto egiteko prozedurez kezkaturik, "Kazetarion berdinsarea"n sartu zen 2008an, elkartea eratu eta gutxira. Izan ere, urtebete lehenago izen bereko nazioarteko sarearen topaketa egin zen Oviedon, eta bertara joandako zenbait emakume kazetarik sortu zuten gero "Kazetarion berdinsarea".

Dianaren gaixotasuna luzea izan zen; eta latza. Haren beldurretako bat zen baja iraunkorra haru behar izatea. Kimioterapiak, adatsa osteaz gain, moteldu zion hatzamarretako sentsibilitatea, baina, hala ere, jarraitu zuen ordenagailua erabiltzen, eta hemerotekara joaten artikuluetarako datuen bila, eta bere lanak itzal handiko aldizkarietara aurkezten. Azkenetako bat izan zen "Intragender violence, a new challenge for correct news coverage", Bilbon 2014ko azaroan senarrak hildako Koldo Losadaren hilketaren tratamendu informatiboaren ingurukoa. Artikulua onartuta zegoen eta argitaratzeko zain 2015eko uztailetik. Genero barruko indarkeria gutxi aztertu da hedabideetan eta Dianak miatu nahi izan zituen lurralde berriok.
Genero ikasketen ildo beretik, interesgune eta aztergai izan zituen Kazetaritzako lizentziatuen irteera profesionalak (La feminización de los estudios de periodismo: análisis del caso de la UPV/EHU), lanbidearen feminizazioa The feminisation of journalism studies: an analysis of the Spanish case) eta planteamendu berdinzaleak mespretxatzeatzeren ondorioz galtzen den talentua (Gestionar la pérdida de talento: responsabilidad social empresarial como herramienta para la incorporación en igualdad de mujeres y hombres a los medios de comunicación).

Era berean, teknologia berrien garrantzia ere ikertu zuen, adibidez lan hauetan: La incorporación de las redes sociales a las rutinas periodísticas: el caso de la prensa vasca, El futuro periodista ante la Web 2.0: formación y uso.

Ez da zaila Diana astiro idazten imajinatzea, edo taula zehatzak egiten, datuak adierazgarriagoak izan zitezen; astiro tekleatzen, eginahalak eginez, bajan zegoenean ere bulegora etortzen zen moduan, gaixotasunarekin borrokan ziharduen bitartean. 2013/14 ikasturteko bigarren lauhilekoan, osasuna kolokan eta ebakuntzetarako datarik gabe, erabaki zuen bere irakasle lanarekin jarraitzea,   "Informazio Generoak" gaia ematen, bigarren mailan. Ikasleei esan zien gaixorik zegoela, baina lan modu bat pentsatua zuela, irakaslanari eta taldearen prestakuntzari trabarik egingo ez ziona. Bereganatu egin zituen ikasleak.

Azaroko egun batean, medikuek baja iraunkorra eman zioten. Baina proiektu altruistak borborka zerizkionez, pentsatua zeukan behin osatuz gero denbora zertan emango zuen. Proiektu bat asmatu zuen: baliabide ekonomikorik gabeko gaixoei laguntzeko fundazio bat sortzea. "Abróchame un botón" izango zuen izena ("Lotuidazu botoi bat"). Eskuetan sentsibilitatea galdua zuenez, ezin zituen esku lanak zehaztasunez egin. Balmaseda sorterriko kaleetatik bera bakarrik zihoala bat-batean hotz baldin bazen, laguntza eskatu behar zion auzokoren bati berokia lotzeko: "Lotuidazu botoi bat".

Bertan behera geratu zen proiektua. Diana abenduaren 3an hil zen, 31 urte bete eta sei astera.

 

 

Lucía Martínez Odriozola
Kazetaritza II Saileko irakaslea. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea