euskaraespañol

Bigarren Enpresa Eguna Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (Eibar)

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/23

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, Eibarren, II. Enpresa Eguna ospatu da. Ekitaldi honen helburua energiaren sektoreko enpresak eta Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko ikasleak eskolan bertan harremanetan jartzea da. 

Bigarren edizio honetan, bai enpresen bai ikasleen parte-hartzea aurreko ediziokoa baino handiagoa izan da. Guztira, 20 enpresa bertaratu dira: ekintzailetza-arloko enpresak, Debegesa eta BIC Gipuzkoa; Dual Ibilbideko arlokoak, Tekniker, Masermic, Jema Energy eta Ingeteam; enpresa-geletakoak, Stirling Zentroa, eta enpresako praktiketakoak, Goiener, Tecasol, GreenKw, Elon Energía Renovables, Iberdrola, Xunzel, CPG Consejero, Grupo Iberalia, Nazertek, Giroa, IFM, Roseo Eólica eta CIC Energigune. Horietatik heren bat inguru Debabarrena eskualdean daude. 

Enpresa bakoitzak bere standa jarri du, non bertara hurbildu diren ikasleak bertan hartu ahal izan dituzten. Ikasleok enpresei galdetu diete, egiten duten jarduerari buruz, enpresan praktikak egiteko aukerari buruz, eta baita gradu amaierako lanei eta etorkizunean egin daitezkeen kontratuei buruz ere. Enpresek 12 minutu ere izan dituzte programatutako aurkezpenak egin ahal izateko, horretarako prestatutako bi aretotan. Horrela, enpresak Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko 3. eta 4. mailako ikasleen aurrean ezagutarazi dira. Izan ere, zuzeneko harreman presentzialaren bidez, in situ elkarrizketa/inkesta txikien bidez, ikasleek energien sektoreko enpresen eskaintza ikusteko aukera izan dute, haien espezialitatea baita, non harremanetarako datuak elkar trukatu dituzten (korreo elektronikoak). 

Ikasleen eta enpresa parte-hartzaileen gogobetetze-maila oso altua izan da, baita antolatzaileena ere (eskolako Zuzendaritza eta langileak). Guztiek adierazi dute ekitaldi hau aproposa dela enpresa eskolara ekarri eta hurbiltzeko, eskolan bertan, eta horrek oztopoak hausten dizkiela ikasleei enpresara sartzeko orduan, bere lan-munduko errealitatera hurbiltze eta murgiltze prozesuak erraztuz.