euskaraespañol

Taldeko lana hobetzen duten rolak

Ingeniaritza Kimikoko irakasleek lau urte daramatzate Belbin metodologia ezartzen, unibertsitate esparruan lantalde eraginkorrak sortzeko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/07

Irudia
Alex de la Rúa, Eva Epelde, Víctor Torres, Asier Aranzabal, Ane Otero, Maite Artetxe eta Paula Maza. Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazioa Buelgoa, UPV/EHU.

Asier Aranzabal, Eva Epelde eta Maite Artetxe irakasleek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Gradukoak hirurak, lau urte daramatzate Belbin metodologia ezartzen, unibertsitate esparruan lantalde eraginkorrak sortzeko, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Víctor Torres, Alex de la Rúa, Ane Otero eta Paula Maza ikasleek metodo hori aplikatzean izan duten esperientzia nolakoa izan den kontatu digute, hirugarren mailako Prozesuen eta Produktuaren Ingeniaritza ikasgaian.

“Taldeko lanak hor egon behar du, ahalegina egitera bultzatuz. Belbin metodoak lana taldean egiten laguntzen du, eta, horrez gain, harremanak eta trebetasun sozialak hobetzen, trebetasun transbertsalak ez baitira eskuarki lantzen”, dio Eva Epeldek.  

Metodologiaren aplikazioa autopertzepzioari buruzko test batekin hasten da, eta behatzaileen lau testekin, ikasle bakoitzak taldeko lanetan dituen indarguneak eta ahulguneak zein diren neurtzeko. Belbinek talde rolak deitzen die halakoei. Bederatzi talde rol daude orotara, eta rol guztiak taldeko kideen artean ordezkatuta egotea da egokiena: kohesionatzailea, baliabideen ikertzailea, koordinatzailea, garuna, monitore ebaluatzailea, espezialista, sustatzailea, ezartzailea eta bukatzailea. “Belbinek esleitzen dituen rolak "rol sanoak" dira; alegia, testaren arabera rol jakin bat egokitzeak ez du esan nahi rol horrekin bakarrik aritu behar duzunik lanean; aitzitik, eroso sentiarazten zaituzten beste eremu batzuetan ere mugi zaitezke”, dio Ane Oterok, hirugarren mailako ikasleetako batek. 

Proposamena zalantzaz, harriduraz eta interesez hartu zuten ikasleek; baina, denbora igaro ahala, ikasle gehienen aburuz taldeko lanak hobera egin du aurreko urteekin alderatuta. “Taldeak lagunen artekoak direnean, gauzak ez dira horren ondo ateratzen. Ondo moldatzen zara taldean, baina lan egiteko orduan ez du funtzionatzen. Horregatik, metodologia hau funtsezkoa da lanerako lankide aproposak aurkitzeko. Gainera, taldeko kide guztien inplikazio eta interes maila berdina izaten da ia”, dio Víctor Torresek, beste ikasle batek.  

Rolak esleitu ondoren, irakasleek etengabe egiten dute jarraipena. Lehenik eta behin, talde bakoitzaren portaera ulertu eta ebaluatu behar dute, eta rolak aldatu egin diren edo espektatibak betetzen ari diren ikusi. Eta, bigarrenik, egiaztatu behar dute taldeek funtzionatzen dutela eta ikasleak eroso sentitzen direla haietan, laneko giro atseginean. “Zorte handia izan dugu irakasleekin. Prozesu osoan zehar lagundu digute. Horregatik, azterketa egiterako barneratuta geneuzkan kontzeptu gehienak. Eredugarria izan da haien inplikazioa”, dio Alex de la Rúak, hirugarren mailako ikaslea denak. Haatik, lau ikasleak daude oso eskertuta.  

Horrenbestez, Belbin metodologiak errendimendu handiko lantalde funtzionalak sortzea ahalbidetzen du, eta, gainera, taldekideen arteko harremanak sustatzen ditu, eta talentua eta motibazio pertsonala bultzatzen. Horrekin batera, Alex de la Rúak esaten du Belbinek “egonkortasuna eta konfiantza” ematen dituela taldeko lanean aritzeko. “Zuk beharbada ez duzu gauza zehatz bat egiten jakingo, baina zure taldekideren batek bai. Azkenean, oharkabean, konfiantza indartzen da taldean”. Paula Maza, laugarren urteko ikaslea, bat dator: “Konturatzen zara zuk ere ekarpena egiten duzula, eta orduan hasten zara, konturatu gabe, besteengan konfiantza izaten”. 

Asier Aranzabalek, duela lau urtetik hona Belbin metodologia erabiltzen ari den Ingeniaritza Kimikoko irakasleetako batek, esaten du metodologia horrek taldeen barruan interdependentzia positiboa eta erantzukizun indibiduala indartzen laguntzen duela, bai eta ikasleen jarduera hobetzen ere, proiektutan oinarritutako ikaskuntza ingurune batean. “Helburua da taldeko lanaren emaitza hobea izatea bakarka egindako lanaren emaitza baino. Alderatu egin ditugu ikasleek beren lantaldeak osatzen zituzten garaiko emaitzak eta taldeak Belbin metodologiaren arabera eratzen aritu garen garaikoak. Ikusi dugu azken azterketara aurkezten diren ikasleak ia % 100 direla orain, eta gutxiegien kopurua nabarmen jaitsi dela”, dio.  

Proiektuaren entregagaien eta feedback eraikitzailearekin egindako ebaluazioen ondoren, ikasleak bat datoz irizten nork bere buruarekiko eta taldearekiko duen konfiantza handitu egin dela, baita irakasgaiaren kontzeptuen inguruko autopertzepzioa eta ikaskuntza ere. “Niri neure burua taldeko lanetan ikusten nuen moduari buruz hausnartzen lagundu dit. Nik uste nuen pertsona lasaiagoa nintzela eta taldekideak kohesionatzen saiatzen nintzela, baina testaren emaitzan "sustatzailea" agertzen zela ikusi nuenean, konturatu nintzen neure autopertzepzioa ez zela benetakoa”, dio Víctor Torresek.  

Mazaren esanetan, Belbin metodoa erabiltzeak hainbat onura ditu: “Lehenik eta behin, norberaren bertute eta ahulgune nagusiak identifikatzea, haietaz gehiago jabetzeko eta lantzeko. Bestalde, konturatzea taldekide guztiek ez dutela zuk bezala pentsatzen; horrela, malguagoa izaten ikasten duzu, eta zeure lan egiteko moduaz harago ikusten. Lagun talde batean garatuko ez liratekeen loturak ere sortzen dituzu taldekideekin. Eta, azkenik, zeure burua ezagutzea eta pertsonalki eta profesionalki garatzea”.  

Akademikoki, Belbin metodologia ezartzen denetik, emaitzak hobeak ari dira izaten, metodoa aplikatzen ez zen urteetan baino. Asier Aranzabal, Eva Epelde eta Maite Artetxe irakasleek Education for Chemical Engineers aldizkarian argitaratu dituzte, duela gutxi, metodologiaren ezaugarriak eta emaitzak. "Gainera, ikasleen ia % 100 bertaratzea lortu dugu, irakasgaiarekiko interesa nabarmen handitu baita", ondorioztatzen du Evak.  

Irakasleen bulkadari eta Prozesuen eta Produktuen Ingeniaritza irakasgaiko ikasleen lanari eta motibazioari esker, inoiz baino hobeak izan dira aurtengo emaitza akademikoak eta hazkunde pertsonalarekin lotutakoak. Bai irakasleek eta bai ikasleek nahi dute metodoa etorkizunean ere ezartzen jarraitzea eta hainbat lanbide eta eskola eremutara zabaltzea.  

 

 

 

 

Erreferentzia bibliografikoa