euskaraespañol

Daniel Franco, Anartz Recalde eta Markel Picado Sistema Digitalen Diseinu eta Eraikuntzako II. Lehiaketako irabazle

Saria Bartzelonako Mikroelektronikako Zentro Nazionaleko Areto Garbiari bisita egitea da

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/04

Bigarren urtez jarraian, Mirakonta enpresak eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sistema digitalak diseinatu eta eraikitzeko lehiaketa jarri zuten martxan ikasturte hasieran, Sistema Digitalen Diseinua eta Eraikuntza irakasgaiaren barruan; irakaskuntza metodologia aktiboen bitartez edo, zehazki esateko, proiektuetan oinarrituz irakasten da aipatutako irakasgaia. "Ikasleek oso pozik hartzen dute lan egiteko modu hau, proiektuak eginez ikasten baitute. Metodologia hau, gainera, ebaluazio jarraituan oinarrituta dago; horrek beste balio erantsi bat ematen dio" azaldu du aipatutako irakasgaiaren irakasle Carlos Amuchasteguik.

Ikasleek, hiru pertsonako taldetan banatuta, bidegabe sartzearen aurkako alarma bat sortzeko diseinua egin behar zuten, xede horretarako sistema digital bat eraikitzea oinarritzat hartuz.  Eginbeharrak gutxieneko zenbait funtzionaltasun eta betekizun zituen. Aurkeztutako lan guztiak aztertu eta gero, Daniel Franco Barranco, Anartz Recalde Rodriguez eta Markel Picado Ortiz ikasleek aurkeztutako lanak eskuratu zuen diseinu onenari saria.

Daniel Francok azaldu duenez, "egin dugun lanean alarma ordenagailutik kontrolatzen zen, aplikazio baten bidez; aplikazio horrek komando aginduak bidaltzen zizkion FPGA batekin Alterako plaka batean diseinatu genuen alarmari, serieko ataka bidez (RS232). Lehenik eta behin, serieko ataka bidez iritsitako datuak jaso egiten ziren, aplikazioak igorritako datuak komando edo aginduetan biltzen genituen, prozesatu egiten genituen eta aginduaren arabera jokatzen genuen. Batzuetan erantzun bat bidaltzen zitzaion aplikazioari, edo erabiltzailearekin nolabait elkarreraginez aritu arte itxaroten zen. Alarmak pizteko eta itzaltzeko pasahitza, itxaroteko denbora tarteak, pasahitza idazterakoan akatsa kontrolatzeko modua edota aldizkako argi eta soinuak zituen, beste aplikazio batzuen artean."

Diseinu onenak Bartzelonako Mikroelektronikako Zentro Nazionaleko Areto Garbia bisitatzeko saria jaso zuen. "Areto horretan zirkuitu integratuak fabrikatzen dira. Areto Garbia izena du, hain zuzen ere, zirkuitu integratuak egiteko espazioak ezin duelako zikinkeria eta hautsik izan; izan ere, hauts-mataza bakar batek zirkuituak gaizki funtzionatzea eragingo luke. Horregatik, areto horietan tenperatura, hezetasuna eta airea oso kontrolatuta daude" azaldu du Amuchastegui irakasleak.

Bartzelonara egindako bisitaren ondoren, Daniel Franco oso pozik agertu da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzari dagokionez. "Horrelako irakaskuntza sistema duten irakasgaietan lehiakortasun pixka bat txertatzea, esaterako proiektu onenari saria, pizgarri ona da ikasleentzat, ikasten gogorrago saiatzeko eta proiektu on bat sortzeko. Egia esan, horixe gertatu zitzaigun guri; izan ere, egiten ari ginena gustatzen zitzaigunez, denbora gehiago eskaini genion eta gogorrago saiatu ginen lehiaketaren oinarrietan eskatutakoaz gain beste zenbait funtzionaltasun gehigarri egiteko."