euskaraespañol

Erregai-gelaxka eraginkorragoak gailu mugikorretarako

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/21

Irudia

Noelia Ruiz Jiménez ikertzaileak hobetu egin du mintzean katalizatzailea espraiatzeko modua eta tinten ikatz-edukia eta, horri esker, erregai-gelaxketarako katalizatzaileen errendimendua areagotu. UPV/EHUko Kimika Industrialeko eta Ingeniaritza Elektrokimikoko Laborategian lortu du hobekuntza hori Noelia Ruiz Jiménezek, bere doktore-tesia egin duen leku berean, alegia. Ikerkuntzaren azken helburua hau da: erregai-gelaxkak zenbait gailu eramangarritan erabiltzea, ohiko baterien ordez.

Hidrogeno-oxigenoko erregai-gelaxkak izan ditu abiapuntu Noelia Ruiz Jimenéz Elektrokimika, Zientzia eta Teknologikoa doktorearen ikerketak. Energia kimikoa energia elektriko bihurtzen duten gailu elektrokimikoak dira erregai-gelaxkak. Doktore honek ikergai dituenek hidrogenoa eta oxigenoa erabiltzen dute: anodoan, hidrogenoa oxidatu egiten da; katodoan, berriz, oxigenoa erreduzitzen. eta elektrizitatea sortzen da. "Ura eta beroa, ez dute beste hondakinik sortzen. Hortaz, oso inpaktu txikia dute ingurumenean", dio doktoreak.

UPV/EHUko Kimika Industrialeko eta Ingeniaritza Elektrokimikoko Laborategian egiten dira gelaxka horiek erabiltzen dituzten katalizatzaileak. "Platino-kantitate txikia dute ezaugarri egiten ditugun katalizatzaileek; horregatik, txikiagoa izaten da monogelaxkaren azken prezioa, kostuaren erdia baino gehiago katalizatzaileari baitagokio. Platino gutxiago erabiltzen bada, nabarmen jaisten da azken prezioa", dio Ruizek.

Monogelaxkaren aplikazioa izan du ikergai ikertzaile horrek bere tesian, jakitearren katalizatzaile horiek, zeinek portaera elektrokatalitiko ona baitute, gailu eramangarri bat funtzionarazteko adina potentziarik sortzen duten monogelaxkan. "Azterketan ikusi nuenez, katalizatzailearen azterketa elektrolitikoak ez du inongo zerikusirik hura monogelaxkan aplikatzearekin. Izan ere, kontrolatu beharreko parametro askok esku hartzen dute aplikazio horretan", dio Ruizek.

Tinta-moduko bat egiten du ikerketa-taldeak katalizatzailearekin: "Katalizatzailea ikatzarekin, alkoholarekin eta ionomero batekin nahasten dugu. Itsasgarri-lana egiten du ionomeroak, mintzean tinta espraiatzean ongi atxiki dadin", argitu du Ruizek. Monogelaxkaren osagai den mintz batean espraiatzen da tinta, eta, beronen osaeraren eta espraiatzearen uniformetasunaren arabera (handiagoa ala txikiagoa), eraginkortasun handiagoz edo txikiagoz jarduten da gelaxka.

Kontuan izan ditu Ruizek faktore horiek guztiak katalizatzailea monogelaxkan nola inplementatu aztertzeko, eta honetaz ohartu da: platinoak ematen dizkio sistemari ezaugarri elektrokatalitikoak, baina beste metal batzuk gehituz gero, hobetu egiten dira ezaugarri horiek. Kokatalizatzaileak deritze beste metal horiei (rutenioa, eztainua, paladioa, rodioa eta kobaltoa, besteak beste). "Efektu bikatalitikoa eta bifuntzionala eragiten diote metal horiek platinoari, eta areagotu egiten dute erantzun katalitikoa", azaldu du Ruizek.

Ohartu da, bestalde, erabiltzen den ikatza (Vulcan XC72R) ondo aktibatzea eta ondoren berau azido nitrikoz garbitzea funtsezkoak izan direla lanak emaitza onak ekar zitzan. Izan ere, 80 ºCko tenperaturarekin eta % 100eko hezetasun erlatiboarekin, 5 W-eko balioa 16.62 kW g-1 Pt-ko potentzia masikoa lortu zuten, NiNbPtRu-ko katalizatzaile anodikoa erabiliz 25 cm2-ko monogelaxkan.

"Ekoitzitako katalizatzaileak telefono mugikorretako edo beste gailu eramangarri batzuetako bateria gisara erabiltzea da gure asmoa, horretarako behar adinako diru-laguntzarik lortzen badugu", adierazi du Ruiz doktoreak. Hidrogenozkoak izan beharrean, alkoholezkoak dira ikerketa-lerro berri horretan egiten ari diren gelaxkak. Zenbait abantaila ditu alkoholaren erabilerak: "Sukoia da hidrogenoa; aldiz, zenbait alkohol (etanola, bioetanola...) erraz maneiatzen dira, eta bateria deskargatuz gero, errazagoa da horiek erabiltzea bateria kargatzeko gailua entxufatzea baino", dio Ruizek.

Ikertzaile horren tesiari buruzko zenbait artikulu argitaratu ditu 'International Journal of Hydrogen Energy' aldizkariak.

Informazio gehigarria

'Obtención y caracterización de MEAs con aleaciones amorfas de base NiNbPtX como catalizadores para celdas de combustible PEM' tesia egin du Noelia Ruiz Jiménez Elektrokimika, Zientzia eta Teknologiiako doktoreak (Donostia, 1985), Madrilgo Unibertsitate Autonomoko (UAM) Pilar Ocón Esteban irakaslearen tutoretzapean. UAMn aurkeztu zuen tesia, baina Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Industrial eta Ingeniaritza Elektrokimikoko Laborategian egin du lan esperimental guztia, Ángel Rodríguez Pierna irakaslea -tesiaren zuzendaria- begirale zuela.