euskaraespañol

'Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat' programan abian da

Plaza kopuruak %40ko hazkundea izan du 2013. urtearekin alderatuz

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/31

Irudia

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak, "Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programaren barruan, unibertsitateko ikasleei zuzendutako alokairu partekatutako 20 etxebizitzen giltzak banatu ditu gaur. Ekimen horretaz, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Deustuko Unibertsitateko 55 ikasle baliatuko dira, eta 2014-2015 ikasturtean alokairuko etxebizitza izango dute, hilean 55 euro ordainduz.

Programa UPV/EHU-ko eta Deustuko Unibertsitateko gradu-osteko ikastaroetan matrikulatuta dauden gazteei dago zuzenduta. Udal etxebizitzak alokairuan eskaintzen zaizkie, parteka ditzaten, pertsona bakoitzak hilean 55 euroko prezio sinbolikoa ordainduz (argi eta ur gastuak aparte ordaindu beharko dituzte). Horren truke, ikasleek proiektu komunitarioetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko jardueretan lagundu beharko dute, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean.

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programari esker, gazteak kultura zibikoaren sustapenean inplikatzen dira, gizarteratu egiten dira, eta euren bizileku izango diren auzoetako bizikidetza eta bizitza kalitatea hobetzeko martxan jartzen diren ekimenetan hartzen dute parte.

Horrela, ikasleek, Osakidetza, Bizitegi, Tendel, Bakuba, Susterra, Bilbao Historiko, Aldauri, Miribilla Ikastetxea, Solidaridad Internacional edo Cáritas bezalako erakundeek bi auzo horietan aurrera eramango dituzten ekimenetan hartuko dute parte. Jarduera horiek elkartasuna, partaidetza eta herritarren arteko bizikidetza bezalako balioak bultzatuko dituzte. Programa, garapen pertsonalerako aukera bikaina da, eta oso laguntza garrantzitsua, baliabide gutxiago dituzten gazteek euren ikasketekin aurrera jarraitu ahal dezaten.

Ikasleek eta auzokideek proiektuari eman dioten harrera bikaina ikusita, Bilboko Udalak, UPV/EHU-k eta Deustuko Unibertsitateak programari jarraipena ematea erabaki dute.

Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra

 

2014-2015 ikasturte honetarako eskaini diren 20 etxebizitzetatik, 10 Otxarkoaga auzoko Txotena, Irumineta eta Langaran kaleetan daude, eta 27 gazte biziko dira bertan, partekatutako alokairuan. Mariaren Bihotzaren plazan eta Gorteak kalean, Bilbo Zaharrean, 28 ikasle egongo dira. 55 ikasleetatik 45 Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikasleak dira eta 10 Deustuko Unibertsitatekoak. Errentari bakoitzak bere logela izango du, erabat egokituta dauden eta sukalde osoa eta oinarrizko altzariak dituzten etxebizitzetan.

 

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da UPV/EHU-k edo Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen gradu osteko tituluren batean matrikulatuta egotea 2014-2015 ikasturtean eta 35 urte baino gutxiago izatea.

2010-2014 balantzea

Hau da programaren bosgarren edizioa. Hasieran, EHU/UPV-ko ikasleek hartu zuten parte, Otxarkoagan. Programa eboluzionatuz jan da, beste auzo batera zabalduz, Bilbo Zaharrera (Mariaren Bihotzaren plazara eta Gorteak kalera) eta Deustuko Unibertsitatea ere sartuz, 2012an. Orain arte 95 gaztek hartu dute parte programan eta, ondorioz, ikasturte honetako 55 partaideak kontuan izanda, 150 izango dira bertan parte hartu duten gazteak. Etxebizitza kopurua ere hazi egin da, hasieran 6 izan ziren eta Gazte Solidarioentzako programaren aurtengo edizioan 20 dira. Kopuruak gora egin du etengabe, eta aurten %40 hazi da aurreko urtearekin alderatuz.

Oso programa interesgarria da, gizarte alorreko hainbat helburu publiko betetzen dituelako: Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak biziberritzea eta gaztetzea; unibertsitate mailako prestakuntzaren eta erkidegoarekiko eta gizartearekiko erantzukizunaren arteko bateragarritasuna bultzatzea; eta gazteei -Udal Etxebizitzen arreta jasotzen duen taldeetako bat- eta ikasleei, zehatzago esanez, etxebizitza izateko aukera eskaintzea. Ikasleek zailtasun handiak izaten dituzte etxebizitza izateko, prezio oneko aldi baterako alokairuen eskaintza urria delako eta unibertsitateko ikasleen baliabide ekonomikoak ere ez direlako handiak izaten.