euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateak 2015eko aurrekontuaren aurkezpena atzeratu du

Errektoreak gogoratu duenez, 2015-2018 Unibertsitate Plana negoziatzen ari dira oraindik eta unibertsitateko kontuetan elementu garrantzitsuak daude zehaztu gabe

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/07

Euskal Herriko Unibertsitateak oraingoz ez du aurkeztuko 2015. urteko aurrekontu aurreproiekturik. Hori izan da Iñaki Goirizelaia errektorearen adierazpen nagusia, gaur, erakunde akademikoak Bizkaia Aretoan eginiko Gobernu Kontseiluan.

Errektoreak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak urriaren 28an onartu zuela 2015eko aurrekontu orokorren lege proiektua. Hala, Gobernuak 2015-2018 aldirako Unibertsitate Planaren behin betiko proposamena prestatu ez duela ikusita, unibertsitateak erabaki du 2015. urterako aurrekontu proiektua ez aurkeztea. Planaren alderdi asko zehaztu behar dira, eta, hori egin ezean, ezin da datorren ekitaldirako aurrekontua prestatu, proposatu eta onartu. Dena den, Gobernuaren aurrekontu legearen proiektuan jasotako datuen arabera, errektoreak nabarmendu du ezin izango dela bermatu ekimen askoren garapena, baina unibertsitateko enpleguari eutsiko zaiola.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren 2015eko aurrekontu legearen eta 2015-2018 Unibertsitate Planaren behin betiko kopuruak abenduaren amaieran ezagutuko dira; hortaz, errektoreak espero du UPV/EHUko aurrekontuak 2015eko lehen hiruhilekoan Gobernu Kontseiluan aurkeztu ahal izatea.

Bestalde, UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana ere aurkeztu da, Gobernu Kontseiluaren bileran. Bigarren plan hau egiteko aintzat hartu da Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako 4/2005 Euskal Legearen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoaren filosofia. Bi lege horietan ezarritakoaren arabera, herri administrazioek eta enpresek berdintasun planak egin behar dituzte, hainbat arauditan finkatutako helburuak lortzeko. Agindu horiek, 2012-13 ikasturtean egindako UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen Egoerari buruzko Diagnostikoaren ondorioak eta I. Berdintasun Planaren aplikaziotik ateratako ondorioak oinarritzat hartu dira beharrak identifikatzeko eta UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren lehentasunezko ildoen plangintza egiteko. Planari alegazioak aurkezteko epea azaroaren 7an hasi, eta 21ean amaituko da, eta abenduaren 18ko Gobernu Kontseilura eramango da berriro, behin betiko onarpena jaso dezan.