euskaraespañol

Aldezlea aukeratzeko hautagaitzak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/23

Irudia

UPV/EHUk 2017ko urtarrilaren 12ra arteko epea zabaldu du egun Oinarrizko Psikologiako katedraduna den Itziar Etxebarriak betetzen duen aldezle kargua betetzeko hautagaitzak aurkezteko. UPV/EHUn gutxienez 10 urte lanean daramatzan edozein pertsona izan daiteke aldezle, eta errektoreordeen pareko estatusa izango du.

Behin hautagaitzak aurkeztutakoan, Gobernu Kontseiluak proposatuko du, gehiengo osoz, aldezle izateko hautagaia, Klaustroak aukera dezan. Agintaldia bost urtekoa izango da, eta berriro aukeratu ahal izango da. Aukeratua izateko, beharrezkoa izango da Klaustroko bileran dauden kideen bi herenek aldeko botoa ematea.

Aldezlea UPV/EHUko erakunde bat da, eginkizuntzat duena unibertsitateko kideen eskubideak eta askatasunak babestea, eta unibertsitateko organo eta zerbitzuekin izan ditzaketen arazoak eta gorabeherak konpontzea. Era berean, unibertsitateko kideen arteko auzietarako artekaritza egiteko instantzia ere bada.

Normalean, bere eskubideak urratu egin direla uste duen pertsona baten eskariari jarraituz hartzen du parte, baina ofizioz ere hartu dezake.

Bere jarduna ez dago unibertsitateko inolako organoen aginduen menpe, eta independentzia, inpartzialtasuna eta autonomia printzipioak ditu gidari.

Aldezlea ezin izango da izan unibertsitateko gobernu, administrazio edo beste ordezkaritza organoetako kide, eta ez du edukiko ordaindutako kargu publiko edo pribaturik.

Egungo aldezlea, Itziar Etxebarria, kargu horretan dagoen lehenengoa da eta Klaustroak 2011ko abenduaren 15ean egindako bileran aukeratu zuten.

Interesdunek hautagaitzak aurkeztuko dituzte UPV/EHUko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan edo urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan jasotako moduan. Hautagaitza Gobernu Kontseiluari zuzenduta egongo da eta hautagaiaren curriculuma erantsita izango du.