euskaraespañol

UPV/EHUk 1,2 milioi euro bideratuko ditu ikerketa deialdietarako

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/03

Irudia

UPV/EHUren eginkizun funtsezkoa da ikerketa, ikerketa baita jakintza sortzeko tresna, irakaskuntzaren oinarria, komunitatearen aurrerapenerako baliabidea eta jakintza gizartera transferitzeko euskarria. Horrela, bada, unibertsitatearen helburu garrantzitsuenetako bat da ikerketa zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoa garatzea, eta ikertzaileak prestatzea. Era berean, ikertaldeak sortu eta garatzea sustatzen du, eta kalitatea, diziplinartekotasuna eta nazioarteko bikaintasun sareetan txertatzea bultzatzen ditu, baita beste erakunde edo enpresa batzuekin talde mistoak eratzea ere.

Gizarte Kontseiluak gaur onartu dituen hiru helburuen xedea da kalitateko ikerketa sustatzea, ikerketarako baliabideak egokitu eta hobetzea, eta jakintzaren transferentzia indartzea, laguntza eta babesa eskainiz UPV/EHUko ikertzaileei, jakintza arlo guztietan.

Ekipamendu zientifikoa erosteko, ikertzaileen mugikortasuna sustatzeko, ikerketaren emaitzak zabaltzeko eta ohiko unibertsitate-gizarte proiektuak egiteko laguntzez gain, bi modalitate berri daude aurten. Modalitate horien helburuak hauek dira.

• Ikerlanari ekiten laguntzea UPV/EHUn hasiberriak diren irakasleei.
• Ikerlanari ekiten laguntzea hainbat arrazoirengatik ikertalde batean ez dauden unibertsitateko irakasle doktoreei.
• Finantziazioa ematea aurreko deialdietan laguntzarik lortu ez zuten ikertaldeei.

Onartutako deialdiak

Zehatzago esanda, lehenengo deialdiak, ekipamendu zientifikoa eta funts bibliografikoak erosi eta berritzeko laguntzak emateko denak, 400.000 euro izango ditu UPV/EHUko sail eta institutuetako ikertaldeen eta Ikerketako Zerbitzu Nagusien (SGIker) kofinantziaziorako, aipatutako materialak eros ditzaten. Eskaria egiten duen ikertaldeak finantziazio propioa izan beharko du eskatutako materiala erosteko, gutxienez ekipamenduaren edo funts bibliografikoaren kostuaren % 15 ordaintzeko beste, BEZ gabe.

Bigarren deialdiak, ikerketarako laguntzak emateko denak, xede du kalitateko ikerketa sustatzea, ikerketarako baliabideak egokitu eta hobetzea, eta jakintzaren transferentzia indartzea, laguntza eta babesa eskainiz UPV/EHUko ikertzaileei, jakintza arlo guztietan. Horretarako 400.000 euro bideratuko dira, hiru modalitatetan banatuta: ikerketan hasteko edo ikerketari berriro ekiteko laguntzak; aurreko deialdietan laguntzarik lortu ez duten ikertaldeentzako laguntzak; eta unibertsitatea-gizartea ikerketa proiektuak.

Onartu den hirugarren deialdiak ere, mugikortasuna sustatzeko eta ikerketaren emaitzak zabaltzeko laguntzak emateko deialdiak, 400.00 euro izango ditu. Deialdi horrek bost modalitate ditu: ikertzaileen mugikortasuna, 30-150 eguneko egonaldietan; nazioarteko elkarte zientifikoetako zuzendaritza postuetan parte hartzea; nazioarteko ikerketa proiektuetan parte hartzea sustatzea; kongresu zientifikoak antolatzea; eta ekintza bereziak. Bere helburua da, batetik, ikertzaileen mugikortasunerako jarduerak erraztu eta sustatzea, eta, bestetik, ikerketaren emaitzak zabaltzea, UPV/EHUn estatu eta nazioarteko mailako biltzarrak antolatuz.