euskaraespañol

Fernando Cossío, Chemistry Europe Fellows Class of 2020-2021

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/10

Irudia
Fernando Cossío errekonozimendua jasotzen | Argazkia: Espainiako Kimikako Errege Erakundea

Chemistry Europe Europako erakunde zientifikoak Chemistry Europe Fellows Class of 2020-2021 errekonozimenduak ezagutarazi ditu. Erakunde horrek, 2015az geroztik, ematen dituen errekonozimendu garrantzitsuenak dira, eta horiek jaso dituztenen artean dago Fernando Cossío Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko irakaslea eta Espainiako Kimikako Errege Elkarteko kidea. Erakunde horrek eman zion errekonozimendua Fernando Cossío doktoreari orain dela gutxi Santiago de Compostelako Unibertsitateko Kimika Fakultatean egin den ekitaldi batean. Ekitaldian, Espainiako Kimikako Errege Erakundearen 2022ko sariak eta errekonozimenduak banatu ziren.

Errekonozimendu berri honek, Fernando Cossíoren hitzetan, “erakusten du gero eta eragin handiagoa duela nazioartean Euskal Herriko Unibertsitatean eta Euskadin egiten den kimikak. Konpainia onean gaude: 2015az geroztik Chemistry Europe Fellow izendatu dituzten kimikarien artean hiru kimikako Nobel saridun daude”.

Fernando Cossío Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Organikoa I saileko katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa da, eta kimika bioorganikoaren eta modelizazio molekularraren arloetan egin ditu ekarpenak. Berrikiago, bi fisikari talderekin batera, anbizio handiko proiektu bat hasi du Donostia International Physics Centerren (DIPC) eta Manchesterreko Unibertsitatean. Proiektu horrek partikulen fisikako ikerketa eta kimika supramolekularra konbinatzen ditu (ERC-SyG 951281). Beste sari eta errekonozimendu batzuen artean, nabarmentzekoa da Ikerketako Euskadi Saria jaso zuela 2020an. Urtebete geroago, 2021ean, Espainiako Kimikako Errege Erakundearen domina jaso zuen; hots, erakunde horrek ematen duen sari garrantzitsuena.