euskaraespañol

Odol analisietan erabiltzen den teknika bati esker, tumoreak diagnostikatu ahal izango lirateke pleurako eta peritoneoko likidoetan

UPV/EHUren azterlan baten arabera, fluxu zitometriak tumore zelulen mota zehazteko balio du eta terapia pertsonalizatuak diseinatzen lagun dezake

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/13

Irudia
Jhonatan Wong Arteta doktorea. Argazkia: Jhonatan Wong

Tumore gaiztoak espazio pleuralean (barrunbe torazikoan) eta espazio peritonealean (barrunbe abdominalean) likidoa pilatzearen ohiko kausa bat dira. Isuri neoplasiko horietako bat diagnostikatzen denean, pazientearen biziraupena nabarmen murrizten da (1-6 hilabetera). Gaur egun, zitologia da isuri horiek diagnostikatzeko metodo nagusia; baina oso motela da, zaila da ospitale laborategi baten automatizazioan sartzea, ez da oso sentikorra, eta desadostasunak ere sortzen dira behatzaile batek une edo garai desberdinetan aztertzen duenean, zitologiak zelulen ezaugarriak baloratzen dituelako.

Teknika batek gabezia horiek bete ditzake: fluxu zitrometriak, hain zuzen. Metodo hori asko erabiltzen da odolaren azterketan, eta gutxi aprobetxatzen da likido pleuralaren eta aszitikoaren analisian. Alabaina, zitologia ez bezala, azkarrago egiten da, errazago automatizatzen da, eta behatzaileen arteko aldakortasun txikia du, zenbakizko emaitzak baloratzen baititu, ez ezaugarriak.

Azken urte hauetan, Biodonostia Institutuko ikertzaileek, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Gaixotasun Hepatiko eta Digestiboei buruzko Sareko Ikerketa Zentroak (CIBERehd) eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleak egindako hiru azterlanen bidez, Luis Bujanda doktoreak koordinatuta eta Jhonatan Wong Arteta doktoreak zuzenduta, egiaztatu da fluxu zitometria baliagarria dela isuri neoplasikoen baheketan, subjektibotasuna saihesten baitu eta diagnostikoko erantzun denbora hobetzen baitu (4 egunetik 1 egunera).

2015etik 2019ra, 3.143 likido aszitiko eta pleural aztertu dira Donostiako Unibertsitate Ospitalean. Laginak peritoneoko edo pleurako espaziotik likidoa ateratzen duten zerbitzuetatik hartu ziren. Antigorputz espezifikoak erabiliz eta ondoren zitometroaren bidez aztertuz, tumore zelulen presentzia, haien anduia eta tratamendu pertsonalizatuak zuzentzeko xede molekula posibleen presentzia zehaztu ahal izan zuten. “Era automatizatuan eta sistematikoan ere detekta litezke tumore zelulak beste likido batzuetan, giza gorputzeko beste kokapen batzuetan tumorea agertu eta sintomak eragin baino lehen aurrea hartu edo horiek prebenitzeko neurriak hartu ahal izateko”, Jhonatan Wongek azaldu duenez.

Erreferentzia bibliografikoa