euskaraespañol

Eguneko irudia

Marta Macho-Stadler

Zientzia genero ikuspegiarekin komunikatzea: jardunbide egokien dekalogoa

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/28

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Nola ezarri eta hobetu genero ikuspegia zientziaren komunikazioaren arloan? UPV/EHUko Kultura Zientifikoko KatedrakGeneroa eta Zientziaren Komunikazioa’ jardunaldia antolatu du aurten, hainbat ikuspegirekin gaiari buruz hausnartzeko.

Carmen Vela ikerketako idazkari ohiak inaugurazioan gogorarazi zuenaren arabera, daturik eza arazo bat izan daiteke gai horiei buruz hitz egiterakoan. Azpimarratu zuen «egiaztatutako datu sendoak» erabiltzea dela “ebidentzietatik abiatuta eraikitzeko modurik onena, gai horretan, beste askotan bezala, pertzepzioetatik abiatzen baikara batzuetan”. ETAN, WIR eta She Figures txostenek, AMIT elkartearen sorrerak, Emakumeen eta Zientziaren Unitateak eta erakunde publiko zein pribatuetan berdintasun unitateak ezartzeak helburu dute informazio gabezia hori arintzea.

Hasierako galderari erantzuteko, hiru alderditan zentratu gaitezke: erreferentziak, narratibak eta aniztasuna.

Erreferentzien garrantzia

Cintia Refojok, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) Komunikazio Zientifikoaren Aurrerapenerako Unitateko arduradunak, ikasleentzako jokabide eredu eraginkorrak diren erreferente motei buruz hausnartu zuen.

Zenbait azterlanek adierazten dute erreferente horiek konpetenteak eta arrakastatsuak (inspiratzeko beharrezko gaitasunak) izan behar dutela, baina salbuespenezkoak izan gabe (motibazioa oztopatu dezaketelako). Hau da, lor daitekeen arrakasta bat erakutsi behar dute.

Gainera, antzekotasun demografikoa (generoa, esaterako) eta antzekotasun psikologikoa (estereotipoak hausteko, adibidez, bikaintasunari ahalegina gainjarri behar zaio) izan behar dituzte.

Hona hemen haren hitzak:
“Erreferenteak oso garrantzitsuak dira. Justizia soziala da emakumeek egiten duten lana aitortzea; […] oso inpaktu positiboak ditu estereotipoak murrizteko eta ikasleak motibatzeko”.

Refojok, besteak beste, “heroina ikuspuntuaren” arriskuaz hitz egin zuen. Ikuspegi horrek, modu indibidualean zailtasunak gainditzea lortu eta gorenera iristen diren emakumeak deskribatzen ditu, borroka kolektiboa eta egiturazko arazoak ahaztuta.

Sílvia Simonek, Gironako Unibertsitateko Kultura Zientifikoko eta Komunikazio Digitaleko Katedrako zuzendariak, zenbait ingurunetan emakumerik ez dagoela egiaztatzeko aukera ematen duten ezagutzaz eta datu irekiez hitz egin zuen.

Eduki askeko Wikipedia entziklopedian emakumeen biografia gutxi zeudela ere aipatu zuen. Azaldu zuenez, hiztegi handi horretan edonor ager ez daitekeen arren (profilek nolabaiteko «garrantzi» arau batzuk bete behar dituzte), aurretiazko datu basean ager daiteke, Wikidatan; plataforma horrek jabari publikoko lizentziapean edonork erabil dezakeen datu iturri komuna eskaintzen du.

Horregatik, honakoa izan zen bere azken mezua: “Wikidata betetzea eskatuko dugu, eta, modu horretan, Wikipedia”.

Hizkuntzaren garrantzia

Bere hitzaldian, Lorena Pérezek, Errioxako Unibertsitateko ikertzaile eta hizkuntza aholkulariak, hizkuntzari buruz hitz egin zuen, komunikazio eta kognizio mekanismo gisa. Hainbat adibideren bidez erakutsi zuen, batzuetan oso modu sotilean, hizkuntzak emakumeak ikusezin bihurtzea lortzen duela.

Honako baieztapenarekin bukatu zuen hitzaldia:
“Wittgensteinen esaldi honekin bukatuko dut: “Nire hizkuntzaren mugak nire buruarenak dira”. Eta nik ohartxo bat gehituko nuke: gure ekintza gaitasunaren eta besteak ekintza horretara mobilizatzeko dugun gaitasunaren mugak ere badira askotan”.

María Martín komunikabideetako adituak, bere mintzaldian, behin eta berriz esan zuen ez direla gauza bera hizkera ez sexista, hizkera inklusiboa eta komunikazio ez sexista eta inklusiboa. Hizkera sexistak ikusezin bihurtzen ditu emakumeak, hizkuntza ez inklusiboak (ez sexista izan daiteke) diskriminatu egiten ditu beste kolektibo batzuk, eta, hizkera ez sexista eta inklusiboa erabili arren, komunikazioa sexista eta diskriminatzailea izan daiteke.

Hitzaldia amaitzeko, “neutroaren komodinaren” arriskuaz hitz egin zuen: erreferenterik ez dagoenez, maskulinoan pentsatzen dugu beti.

Azpimarratu zuen hizkuntza dela guztiaren oinarria, baina hizkuntzak ez duela dena konpontzen. “Hizkuntza diskriminazioa geureganatzen dugunean, oraindik ez dugu arrazoitzeko gaitasunik, eta gehitzen doazen beste diskriminazio batzuek hor dute jada eremu hori, diskriminazioa naturaltzat hartzeko”, azpimarratu zuen Martinek.

Ángela Saini kazetariak bere hitzaldian azaldu zuenez, “pentsamenduak aldatzeko, narratibak egitateak bezain garrantzitsuak dira”. Hitzaldiaren grabazioa eskuragarri ez dagoen arren, elkarrizketa honek bere hitzaldiaren gako batzuetan sakontzen du.

Aniztasunaren garrantzia

Inmaculada de Melo-Martínek, bioetikan eta zientziaren historian aditua denak, bere hitzaldian adierazi zuen genero joerak gaur egun ere oso presente daudela Akademiaren munduan, eta irakaskuntza praktikei zein ikertzaileei eragiten dietela.

Gainera, aniztasunak zientzian dituen onurak aipatu zituen: etikoak (jarduera zientifikoak sortutako ondasunak modu bidezkoagoan banatzea edo kolektibo bat zapaltzen duten usteak zalantzan jartzea), sozialak eta epistemikoak (objektibotasun sozial handiagoa lortzen da, ez indibiduala: zer galdera planteatzen diren, zer onartzen den ebidentzia gisa, zer hartzen den arriskutzat, etab.).

Azpimarratu zuen arreta zenbakietan jartzeak ez duela zientziaren munduko dibertsitate ezaren arazoa konponduko. Egiturazko aldaketak behar dira, hala nola hezkuntza zientifikoko estrategietan eta ebaluazio profesionalean. Nabarmendu zuenez, halaber: “Zientzia arduratsuak komunitate zientifiko anitzak eskatzen ditu”.

Bere hitzaldian, Capitolina Díaz soziologoak alderdi hori azpimarratu zuen eta, gainera, genero ikuspegia ere funtsezko eragile gisa gehitu zuen. “Gizarteak genero dimentsioan ikertzen duten emakumeak eta gizonak behar ditu; bestela, egiten dugun zientzia trukatua izango da”, esan zuen.

Zientzia genero ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa

Jardunaldiaren ondoren, modu batera edo bestera zientziaren komunikazioan aritzen diren pertsona guztiei zuzendutako dekalogo bat prestatu zen. Komunikazio zientifikoa hobetzeko estrategiak eskaintzen saiatzen da, genero ikuspegia erabiliz, edukiak idazten eta komunikabideetan emakumeen presentzia handitzen laguntzeko.

Hamar puntuen laburpena:

  1. Egin komunikazio arduratsua.
  2. Jakin ikerketa bat genero ikuspegirik gabe egina izan daitekeela eta, beraz, posible dela emaitzak orokortu ezin izatea.
  3. Iturriak aukeratzerakoan, finkatu irizpide argiak: jo jatorrizko iturrira, bilatu aditu gisa solaskide diren emakumeak eta lehenetsi merituak kargua baino lehen.
  4. Tratatu itzazu emakumezko ikertzaileak normaltasunez, gizonezko ikertzaileak bezala.
  5. Ez erabili metafora mugatzailerik. Ekintzara bultzatzen duten esamoldeak erabili.
  6. Identifikatu emakumezko ikertzailea izen osoarekin eta abizenekin, lanpostuarekin eta erakundearekin.
  7. Sortu protagonista sinesgarriak eta imitagarriak.
  8. Erabili hizkera ez sexista, inklusiboa eta ez diskriminatzailea.
  9. Erabili edukiarekin bat datozen irudiak, saihestu erabilitako irudietan emakumezko zientzialariaren presentzia ‘florerismo’ hutsa izatea.
  10. Lana amaitzean, egiaztatu eta hausnartu: gizonezko zientzialari bat tratatuko nuke inplikatutako emakumezko zientzialariak tratatu ditudan bezala? Erantzuna ezezkoa edo zalantzazkoa bada, berriz irakurri dekalogoa.

Pilar Kaltzada kazetariaren hitzaldiko hitzok, zalantzarik gabe, dekalogo hori gure egunerokotasunean aplikatzera bultzatzen gaituzte: “Jokoz kanpo gaude, baina jokatzen ari gara”.

The Conversation