euskaraespañol

Naiara Ozamiz, Amaia Eiguren, Maitane Picaza Gorrotxategi, María Dosil Santamaría, Nahia Idoiaga Mondragon, Naiara Berasategui Sancho

COVID-19: Irakasleak dagoeneko estresa eta antsietatea izaten ari dira

Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/02

Irudia
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2020ko martxotik, irakasleak estresa metatzen joan dira, eskola telematiko berrien eta pandemiaren erdian ikastetxeak berriz irekitzeak sortu duen kezkaren eraginez.

2020ko irailean, Espainiako ikastetxe eta unibertsitate gehienek ateak berriz irekita, irakasleengan kezka sentimendu orokorra eragin zuten 2020-21 ikasturte berriari aurre egiteari begira.

Berriki egindako azterlan batzuetan adierazi denez, itxialdian irakasleek estres maila handia izan dute, oso denbora laburrean egokitu behar izan dutelako online eskolak ematera.

UNESCOk irakasleen nahasmena eta estresa ikastetxeak ixtearen ondorio kaltegarrietako bat gisa identifikatu du dagoeneko. Ikastetxeen itxieraren aurrean bat-bateko neurriak hartu, iraupen zehatzik ez jarri eta urrutiko hezkuntzarako prestakuntza eskasa izatearen ondorioa da hori.

Depresioa eta loaren nahasmenduak

Lan zama handitzearen eta etxetik irakatsi beharraren ondorioz, irakasleek estresaz gain antsietate, depresio eta loaren nahasmendu sintomak izan dituzte. Gainera, pandemiaren aurretik egindako azterlanetan ikusi zenez, etxetik informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz lan egiteak tentsio, antsietate, akidura eta lanarekiko gogobetetzearen murrizketa sentsazioak sor ditzake.

Era berean, estres egoera horrek irakasleen osasunean ondorioak izan ditzake eta gaixotasunagatiko bajak, absentismoa eta lan errendimendu txikia eragin. Horregatik, irakasleen osasun emozionala zaintzea garrantzitsua da; izan ere, ikasleen ongizate emozionala eta konpromisoa iragartzeaz gain, haien estresa murrizten du.

Ildo horretan, COVID-19aren testuinguruan, irakasleen lan egoera larriagotu egin da, kaleratze gehiago eta lan ezegonkortasun handiagoa izan dituztelako. Zenbait ikerketatan irakasleen lan ezegonkortasunaren ondorioak aztertu dira eta, adierazi dutenez, ondorio psikologiko handiak izan ditzake.

Osasun ardura ikasgelan

Irailean lanera itzuli ziren, baina irakasleek eta ikastetxeek ez zeukaten garbi zer jarraibide ezarri behar zituzten eta eszenatoki berriaren aurrean kezka handia adierazi zuten. Gainera, osasun neurriak aplikatzearen ardura ikastetxe, institutu eta unibertsitate bakoitzaren esku zegoen.

Egoera horren aurrean, martxoaz geroztik hainbat populazioren egoera emozionala aztertzen ari den Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko diziplinarteko talde batek irakasleek 2020-2021 ikasturtea hastean bizi izan dituzten estres mailak aztertu ditu.

Azterlanaren lehenengo emaitzek erakusten dutenez (oraindik berrikusten ari dira), irakasleen ehuneko handi bat estres sintomatologia izaten ari da, hain zuzen ere, inkestan parte hartutakoen erdiak baino gehiagok estres sintomak dituztela erantzun dute.

Orain konfinamendu garaian baino estres handiagoa

Sintomatologia hori konfinamendu garaian baino handiagoa izan da eta emakumeak gizonak baino estres handiagoa izaten ari dira, mundu osoko hainbat populaziotan egindako ikerketa gehienetan gertatu den bezala. Gainera, irakasleen zati handi bat bizitzen ari daitekeen lan ezegonkortasuna ere eragiten ari da haien estres egoeran.

Egileek egindako azterlaneko beste aurkikuntzetako bat honako hau da: ume txikienen irakasleak izaten ari direla estres handiena; DBH, Batxilergo eta Unibertsitateko irakasleek, berriz, estres maila txikiagoa daukate. Izan ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek umeek segurtasun arauak betetzeko ardura handia dute, umeek autonomia txikiagoa dutelako.

Bukatzeko, irakasle helduenek adierazi dute estres handiena, beste azterlan batzuetan ez bezala; horietan, adineko pertsonak dira COVID-19aren aurrean estres maila txikiena izaten ari direnak. Teknologietara egokitu beharrak zerikusi handia izan dezake aurkikuntza horretan.

Yoga eta mindfullness-a

Irakasleen osasun mentalean arreta jartzea garrantzitsua da. Ildo horretan, hainbat arrazoi direla medio sintomatologia psikologikoa izaten ari direnei laguntza psikologikoa eman behar zaie. Ikastetxeetan yoga edo_mindfulness tailerrak ezarriz gero, ikastetxeetako giro emozionala nabarmen hobetu daiteke. Hala, irakasleen eta ikasleen osasuna ez ezik, ikasleen errendimendua ere hobetuko da.

Hain zuzen, gure taldeak dagoeneko erlaxaziozko esku-hartze bat egin zuen ikasleen artean konfinamenduan eta emaitza oso positiboak eman zituen.

Beraz, irakasleen lan egonkortasuna zaintzea funtsezkoa da. Horretarako, kontratu mugagabe gehiago sortu behar dira eta plaza publikoetarako sarbidea erraztu, haien osasuna, egoera ekonomikoa eta irakaskuntzaren kalitatea zaintzeko.

Era berean, erabat logikoa da, are gehiago orain, urruntze soziala zaindu behar izanda, unibertsitateetan eta ikastetxeetan irakasleen plantillak handitzea, irakasle bakoitzak duen ikasleen ratioa jaisteko.

Frogatu den bezala, eskola telematikoak, itxialdian oso lagungarriak izan diren arren, ez dira alternatiba egokiena. Arrakala digitalak talde ahulenetan eragin negatiboa izan dezake eta teknologien gehiegizko erabilerak ikasleen eta irakasleen osasunean eragin nabarmena izan dezake.

Urruntze sozialak eta telelanak ondorio psikosozialak dakartzate; irakasleak kontratatuz eta zainduz saihestu ahal izango liratekeen ondorioak ekarri ere.

Horrela bakarrik sortu ahal izango dira baldintza egokiak, eta hala, irakaskuntza eta hurrengo belaunaldien egoera emozionala hobetu.

The Conversation